Trebiñuk eta Argantzunek Araban sartzea onetsi dute

Gaztela eta Leongo estatutuaren lege prozedura jarraituta, Burgostik bereizteko tramiteak hasteko eskatu dute bi udalbatzekEAJk, Bilduk eta independenteek mozioa babestu dute; PPkoak abstenitu egin dira

Argantzungo alkatea eta hiru zinegotzi mozioaren alde bozkatzen, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Trebiñu
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Burgostik (Espainia) banandu eta Arabara batzeko prozedura hastea erabaki dute, gehiengoz, Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek. Bi udaletan Arabarekin bat egiteko eskatzen dituzten mozioak onartu dituzte. Trebiñun aldeko sei botorekin eta hiru abstentziorekin onartu dute proposamena: aldeko botoa eman dute Bilduk, EAJk eta lau zinegotzi independenteek, eta abstenitu egin dira PPko hiru zinegotziak. Argantzunen ere mozioa onartu dute, bost zinegotzi independenteen aldeko botoarekin eta PPren abstentzioarekin. Horiek hala, bi udalerriek Gaztela eta Leongo Estatutuaren lege prozedurak jarraituta abiaraziko dute Araban sartzeko bidea.

Egun berezia aukeratu dute bi udalek mozioa onartzeko. Izan ere, atzo hamalau urte bete ziren Trebiñuko konderrian herri galdeketa egin zutela Araban sartu nahi zuten erabakitzeko. Orduan, herritarrei galdetu zitzaien Trebiñu Araban integratzeari buruzko aukeraz, eta botoen %67 erreferendumaren aldekoak izan ziren, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak bertan behera utzi zuen galdeketa. Espainiako agintariek ateak itxi arren, bi udalerriek eutsi egin diote aldarrikapenari, atzoko erabakiek agerian utzi duten moduan.

Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek onartutako mozioek Gaztela eta Leongo Estatutuaren hirugarren xedapen iragankorrari aipamen egiten diote. Izan ere, xedapen horrek aukera ematen die barrendegiei banaketa prozedurak abiatzeko, honako baldintza hauek betetzen badituzte: udal ordezkarien bi herenek babestea aukera hori, banaketa justifikatzeko arrazoi historikoak, sozialak, kulturalak eta ekonomikoak jasotzen duen txostena egitea, herritarrek galdeketa batean berrestea erabakia, eta Espainiako Gorteetan lege organikoaren bidez erabakia onestea.

Bi udalbatzek gehiengoz hartutako erabakia, beraz, lehen urratsa da prozedura hori hasteko.Trebiñuko eta Argantzungo udalek Gaztela eta Leongo Gobernuari, Burgosko Diputazioari eta EAEko erakundeei onartutako erabakiak helaraziko dizkiete haiek ekinbideak has ditzaten.

PPk ez gainerako taldeetako ordezkariek konderriko herritarren erabakia errespetatzeko eskatu dute osoko bilkuretan.EAJk, Bilduk eta talde independenteek herritarren erabakia errespetatzea eta abiatutako bidea ez oztopatzea galdegin dute. «Ez dugu inoren aurka egiten, trebiñuarren interesen alde ari gara».

Bilduko Nestor Fernandez Trebiñuko zinegotziak Udalbiltzaren izenean adierazpen bat irakurri du, eta erabakia «erabat demokratikoa»izaki hura errespetatzeko eskatu du. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria eta Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea ere Trebiñuko udalbatzarrean izan dira, babesa adierazteko.

PPko zinegotziek, ordea, ez dutela Araban sartzeko erabakia babesten adierazi dute. Inmaculada Ranedok argi esan du bere nahiakontrako botoa ematea zela, baina abstenitu direla gehiengoaren nahia errespetatzen dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.