Aske Guneak kalea «okupatu» zuela salatu dute PPk, EAJk eta PSE-EEk

Laranjaz bete zuten Donostiako udalbatza dozenaka herritarrek, epaiketa politikoak gelditzeko eskatzeko

Kamiseta eta puxika laranjak eraman zituzten Donostiako udalbatzara atzo laurogei bat herritarrek. JON URBE / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aske Guneak Donostiako Bulebarra «okupatu» zuela salatu zuten atzo Donostiako udalbatzan EAJk, PSE-EEk eta PPk. Baina kamiseta eta puxika laranjek bete zuten udalbatzako aretoa. Horrela, epaiketa politikoak gelditzeko aldarrikatu zuten udalbatzara bildutako laurogei herritar inguruk, eta herri harresira batzeko deia egin zieten talde guztiei. Militantzia politikoagatik gazteak espetxeratu zituztela salatu zuen udal gobernuak, eta benetako eztabaida hori dela argudiatu. Ez zuten horri buruz hitzik egin oposizioko zinegotziek. PPko Ramon Gomez Ugaldek, esaterako, Aske Guneko herritarrek Bulebarra «haien herriko taberna» bihurtu zutela adierazi zuen. Bide beretik jo zuten PSE-EEko Ernesto Gascok eta EAJko Eneko Goiak ere.

19:30erako zuten egina Aske Guneko kideek Donostiako udaletxe aurrean elkartzeko deia. Udalbatza atzeratzen ari zela ikusita, ordea, ordubetez atzeratu zuten deialdia ere. Horrela, 20:30 alera sartu ziren udalbatzara. Aske Guneari buruzko eztabaida hastean, kartel batzuk ere erakutsi zituzten, gazteei ezarritako zigorrak azalaraziz. Bozketa amaitzean, berriz, puxika guztiak airean utzita atera ziren udaletxetik.

Donostian bertan, elkarretaratzea egin zuten atzo Imanol Vicente gaztearen espetxeratzea salatzeko, Anoetako biribilgunean, 20:00etan. Aske Gunean atxilotu zituzten gazteei bezala, sei urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak, Segiko kide izatea egotzita. Herenegun aurkeztu zen Vicente Martuteneko espetxera, senitartekoen eta lagunen babesarekin. Bertan dago Ekaitz Ibero gaztea ere; apirilaren 10ean atxilotu zuen Ertzaintzak, hura babesten ari zen jendearen aurka eginez. Gainontzeko zortzi gazteen auzian, absolbitu egin zuten Ibero, baina beste auzi batean zigortu zuten. Hala, Nahikari Otaegi da auzi beretik kalean dagoen bakarra. Aste honetan zazpi hilabeteko haurrarekin Aranjuezko (Madril) espetxean aurkezteko asmoa duela aurreratu zuen Otaegik.

Babesa, espetxeetaraino

Aske Gunean atxilotutako sei gazteak Martutenetik Zaballako eta Basauriko espetxeetara eraman bazituzten ere, iritsi zaie herritarren elkartasuna. Martxa bat egin zuten Gasteiztik Zaballako espetxera, bertan dauden Donostiako gazteei babesa adierazi asmoz. Han dituzte preso joan den ostiral goizean atxilotu zituzten gazteetatik lau: Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Adur Fernandez. 15:30ean abiatu ziren Gasteizko Alde Zaharretik, eta autobusa hartuta joan ziren Zaballako espetxeraino. Berrogei lagun inguru bildu ziren 16:30ean espetxe inguruan, salatu zutenez, Ertzaintzak ez baitzien utzi espetxe ondora hurbiltzen. Herri harresia eraiki. Gazteak etxean lelodun pankarta bat hartuta, ordubeteko elkarretaratzea egin zuten bertan. Besteak beste, «Euskal Gazteria Aurrera» eta «Gazte eta Aske, Irabazi Arte» oihukatu zuten, eta suziriak bota zituzten airera.

Bihar, berriz, Basauriko espetxean (Bizkaia) izango da elkartasun ekinbidea. Kotxez joateko deia egin du Ugaoko Ernaik: 13:00etan irtengo dira Bilbondo merkataritza guneko aparkalekutik.

EHUren Leioako kanpusean, berriz, Ertzaintzak Aske Gunean erabilitako «metodo bortitzak» salatu eta informazio eskubidea aldarrikatu zuten. Maskara zuriak jantzita egin zuten agerraldia Komunikazio eta Gizarte Zientzietako fakultateko dozenaka ikasle eta irakaslek. Informazioa emateko eta jasotzeko jarduera errespetatzeko eskatu zuten, «iritzi aske eta anitza eraikitzeko» beharrezkotzat jota. Gainera, albisteak kritikoki lantzeko askatasuna ere eskatu zuten, eta hezkuntzak duen garrantzia azpimarratuz, kazetaritza kritikoaren aldeko apustua egitera deitu zuten unibertsitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.