Euskal lurralde elkargoa. Manifestazioa

Euskal lurralde elkargoari «bidea irekitzeko» exijitu diote Hollanderi

Ipar Euskal Herriaren eskaerari begira «ezinbestekoa den erantzun politikoa» eskatu diote Frantziako presidenteariSei mila lagun bildu dira Baionan, euskal lurralde elkargoaren aldeko manifestazioan

6.000 lagun batu ziren euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioak antolatu manifestazioan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskal lurralde elkargoari «bidea irekitzeko» exijitu diote François Hollande Frantziako presidenteari sei mila lagunek, Baionatik. Ausartziaz jokatu eta behin eta berriz emandako erantzun ezkorrak alde batera utzirik, Ipar Euskal Herriaren aldarriari baikorki erantzuteko eskatu diote: «Lehendakari jauna, ausardia erakuts ezazu, lurralde honen eskaera kontuan har ezazu, eta ezinbestekoa den erantzun politikoa emaiozu». Mezu hori igorri zioten Baionako herriko etxe aitzinetik Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Batera plataformak, Auzapezen Biltzarrak eta Baionako Merkatal eta Industria Ganberak osatu koordinazioak, antolatu manifestazioaren bukaeran. Bukaerako hitzartzean, Hollanderi mintzatu zitzaizkion Joana Itzaina eta Juhane Dascon. Euskal lurralde elkargo proposamenaren mamia eta sostengua ikusirik, bai eta testuinguruari begiraturik, egitura instituzionala sortzeko arrazoi guztiak daudela azaldu zioten.

Hain zuzen, Ipar Euskal Herritik eginiko proposamena Deszentralizazioaren III. atalaren barnean erabat kokatzen dela ohartarazi zioten. «Bizi publikoaren modernizatzeko duzun nahiari erantzunez, proiektu zentzuduna eta eraginkorra landu dugu». Izan hautetsiak, unibertsitarioak edota eragile ekonomiko, kultural eta sozialak, lanketan ehunka pertsonak parte hartu izana ohartarazi zioten. Frantziako Gobernu sozialistarentzat garrantzitsuak diren balioekin bat egiten duela ere esplikatu zioten: «Proiektu hau eredugarria da demokrazia parte hartzaileari begira; Euskal Herriak modernitatean sartu behar du, eta, horretarako, lagungarri da egitasmo hau». Euskal Herrian abiaturiko bake prozesuaren testuinguru «itxaropentsua» ere oroitarazirik, «egoera berri hau kontuan hartzeko» eskaera egin zioten.

Dozenaka eragilek deiturik zutela mobilizaziora, jendetza plurala bildu zen Lurralde kolektibitate bat orain banderolaren gibelean. Lehen lerroan egon ziren Colette Capdevielle, Sylviane Alaux eta Frederique Espagnac parlamentari sozialistak, Jean Jacques Lasserre senatari eta Hautetsien Kontseiluko presidentea, Christine Bessonart Auzapezen Biltzarreko presidentea, Max Brisson UMPko kontseilari nagusia, Jean-Baptiste Etxetoeta Virginie Brillant Garapen Kontseiluaren ordezkariak, Martine Bisauta Batera-ren ordezkaria, Jean-Rene Etxegarai hautetsi zentrista, Beñat Gimenez euskaltzalea, Mixel Oronoz Euskal Konfederazioko lehendakaria, Pantxoa Bimboire Baionako Merkatal eta Industria Ganberako ordezkaria eta Maite Lafourcade zuzenbide irakaslea. Hots, aldarrikapenak duen sostengu pluralaren isla izan zen.

Atzetik zituzten ehunka eragile sozial, ekonomiko eta kultural eta milaka herritar. Hautetsi asko egon ziren ere lehen lerroetan, askok zutela frantses xingola jarririk. Justuki, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak landuriko lurralde elkargo proposamenak jaso sostengu pluralaren berri ere eman zioten Hollandei: «Bilduak garenen aniztasuna ikusirik, zilegitasun osoa dugu adierazteko gure lurraldea prest dela desafioari erantzuteko, haren dinamismoa ez baita gehiago frogatu beharrik».

Urte luzeetan «sekulan bete ez diren hitz emateen ondorioz, mespretxua eta kasurik eza» bizi izana deitoraturik, Frantziako Gobernuak joeraz aldatzeko «ausardia» eskatu zioten Frantziako presidenteari.

Herritarren babes argia

Lurralde elkargoak herri babesa duela islatzea zuen helburu manifestazioak. Helburua bete zela zioen Martine Bisautak pozik, manifestazioaren bukaeran: «Mobilizazio polita lortu dugu, gure proiektuak herritarren artean duen sostengua frogatu nahi genuen, eta helburua bete dugu gaurkoarekin». Frederique Espagnacek ere oso baikorki baloratu zuen bilduriko jendetza. Sektore eta joera guztietako herritarrak biltzeaz gain belaunaldi ezberdinetakoak ere batzea lortu zutela zioen. Parisen eraman beharreko lanarentzat indarra jaso dutela: «Sostengu inportanta da, Pariserako beharrezkoa dugu, eta, bai, bilduriko jendetzak erakusten digu arrazoi dugula».

Ipar Euskal Herriko eragileen partetik duten babesa iragan apirilaren 27an islatu zuten Baionan antolaturiko mintegiarekin. Bostehun eragile sozial, kultural, sindikal, politiko eta ekonomiko batu ziren ezagupen instituzionalaren eskatzeko. Atzokoan, herritarrek zuten haien babesa erakutsi egitasmoari. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako xoko askotarik etorri zen jendea Baionara. Kontent agertu zen horien artean zen Mertxe Colina ABko kidea: «Jendarteak bere egin du urteetan abertzaleek ereindakoa, horren argazkia da gaurkoa».

Bakoitzak zuen euskal lurralde elkargoaren aldarriari juntatzeko arrazoi propioa. «Populu berezia eta oso zaharra da gurea, ez kontuan hartua izatea penagarria da», zioen Oihan Oliarj gazteak. Lurralde elkargoak euskal kultura eta hizkuntzari ezagupen bat ekarriko lukeela zioen hark. Amaia Lerriza irakasle gazteak ere argi zuen: «Eskumenak hurbilago izanki, tokiko problematikei buruzko erantzunak hemendik erabakitzen ahalko genituzke». Boterea tokian bertan ukaitea. Hori da askok nabarmentzen zuten elementua. «Gure geroaz guk erabaki nahi dugu, horregatik dugu gutarik hurbil egonen den lurralde elkargo bat beharrezko», Maite Toyosen arabera.

Laborarientzat 17:00ak ordu txarra baldin bazen ere, andana bat bertaratu zen. Arratsalde bukaeran egin beharrean, salbuespenez batzuk 14:00etan jaitzi zituzten ardiak, manifestazioan egon ahal izateko. Argi dutelako: bertako instituzio bat lorturik, tokiko errealitateei erantzuteko politika egokiak planteatzen ahalko lirateke. «Pauetik ezin dugu deus igurikatu, horregatik genuen Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu... Tresna horrekin tokiko beharrei erantzuten diegu, baina diru mailan mugatuak gara, zergak ez ditugulako eskuratzen ahal, Pauera doaz zergak...». Euskal lurralde elkargoarekin, Euskal Herriko Laborantza Ganbera ofiziala litzateke eta errazkiago erantzuten ahalko lieke beharrei. Hori azaldu zuen Maryse Cachenaut laborariak eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako militanteak.

Hego Euskal Herritik ere egon ziren bakar batzuk. Eragileen artean, ELAko Adolfo Muñoz eta LABeko Ainhoa Etxaide bertaratu ziren, besteak beste. Herritar xume batzuk ere bildu ziren Baionara. Zarauztik Luis Miguel Agirrezabala egon zen, adibidez, «gure lurraldea defenditzeko» eta «Manuel Vallsi merezi zuen erantzuna emateko». Ondoan zuen Martxelo Aizpurua, hura ere Zarauzkoa. Ezagupen instituzionalaren alde diren parlamentariei, agian, aurrerantzean Parisen errazagoa izanen zaiela zioen, «atzetik jendea dutela agertu delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.