'Herriko tabernen auzia'. Epaiketa Madrilen

36 lagun eseriko dira gaur, gazteek utzitako akusatuen aulkian

'Herriko tabernen' auziko epaiketa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, gazteen epaiketa egiten ari den toki berean110 'herriko tabernen' ordezkariak ere deituta daude, epaituko dituzten 36 lagunez gain

Ertzaintza Batasunaren Bilboko egoitza ixten, 2002ko udan. M. R. / A. PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Luze joan da inputatuta pasatu duten denbora. 2002an abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak de facto Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen sumarioa. Batasunan, HBn zein EHn egindako lan politikoagatik ETAko kide izatea egotzita 36 lagunen kontrako epaiketa gaur hasiko da Espainiako Auzitegi Nazioalean. 11 urte geroago. Hain justu, Segiko kide izatea egotzita 36 gazteren kontra epaiketa egiten ari diren toki eta areto berean egingo dute epaiketa, Madrilen. Gaur ez dago gazteen kontrako auzi saiorik.

Gaurtik aurrera, bost bat hilabetez iraungo dute ahozko saioek, eta horietan epaituko dituzten 36 lagunak 11 urtez egon dira «talde terroristako kide edo buruzagi» izatearen akusaziopean, bizitzak baldintzatuta: polizia etxera sinatzera joatera behartuta, eta Espainiaren mugetatik irteteko debekuarekin, besteak beste. Ez dakite, zehazki, zer egin duten ETAko kide izateko. Ezta, zehazki, zer egitea leporatzen dieten ere.

Jarduera politikoa egin dutela. Hori badakite, eta horrexegatik leporatzen diete ETAko kide izatea. Hiru alderdiak legezko zirenean, HB, EH eta Batasunan egindako lan politikoagatik. Horiexek dira 33 liburuki mardulek osatzen duten sumarioan auzipetuen kontra egiteko jasota dagoena: jarduera politikoa egin dutela egiaztatzen duten frogak: Europako Parlamentuko interbentzio eta aktak, legebiltzarrekoak, bileretakoak, prentsaurrekoetakoak... Inon ez da azaltzen epaituko dituzten 36 lagunek etakide izatea noiz eta nola erabaki zuten, ez erakunde armatuak noiz eta zer agindu zien ere, eta ez haren barruan zer egin duten ere.

ETArekiko lotura zuzenen frogarik izan ezean, frogatutako ekintzen atalean jarri du xehetasuna akusatuentzat hamabi eta zortzi urte arteko zigorrak eskatzen dituen fiskalak. HB, EH eta Batasuna ETAren aginduz sortu zirela dio. Eta, beraz, alderdi hoerietakoak etakide direla. Haren tesiaren arabera, nahikoa da 36 lagun horiek alderdi horietako kideak direla frogatzea ETAkoak direla esateko. Ez du beharrezkotzat jotzen pertsona horietako bakoitzak ETArekin duen harremana edo egin dituen delituzko ekintzak aurkeztea edo frogatzea.

Erabat bestelako bertsioa darama, ordea, Iñigo Iruin, Adolfo Araiz, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek osatzen duten defentsa taldeak. Defentsa idatziko lehenengo puntuan bertan argi dio: «HB ez zuen ETAk sortu». Eta Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ostean ezker abertzaleak «legezko indar politiko bat» behar zuen ondorioa atera ostean sortu zela koalizioa, «euskal gizartean bere proposamenak aurrera eramateko». Eta gerora ere ETAk ez duela agindu alderdi horietan. Sorrera eta jardueraren inguruan hitz egiteko, 60 lekuko eraman nahi zituen defentsak, baina 10 besterik ez dizkiote onartu. Francisco Letamendia Ortzi eta Miguel Castells abokatuak, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, eta Paul Rios Lokarrikoa daude onartuen artean.

'Herrikoak' arduradun zibil

Bi ildo ditu gaur epaitzen hasiko diren auziak. Batetik, epaitutakoei egozten zaien jarduera politikoa dago, eta, bestetik, Herriko tabernena bestetik. Bigarren adar horretan, taberna eta elkarte horien bitartez ETA finantzatzea egozten die fiskalak akusatuei. Gainera, taberna eta elkarte horiek arduradun zibil egin zituen Baltasar Garzonek sumarioan.

Beraz, deituta daude 110 herriko taberna eta elkartetako arduradunak ere. Arduradun horiek, baina, ez dira inputatuta joango, eta ezingo dituzte zigortu. Hala ere, gerta daiteke amaieran zigorra balego taberna eta elkarteen kontrako neurriak hartzea. Bahitzea, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.