Capdeviellek eta Seaskak lege egokitzapena aztertu dute

Maitiak lege koadroa aldatzea hobetsi du, kolektibitateei aukera emanez ikastolen egoitzak diruztatzeko

Joan den larunbatean Baionan milaka herritar bildu ziren, ikastolei sostengua adierazteko. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Colette Capdevielle diputatu sozialista atzo arratsaldean bildu ziren, elkarrekin aztertzeko nola osa daitekeen lege bat, ikastolen diruztatze publikoa ahalbidetuko duena. Baionako suprefetak Hendaiako ikastolari egindako mehatxuaren ondoren, Falloux legea-ren traba saihestea, eta ikastolen ereduarentzat egokia den lege koadroa asmatzea zen bilkuraren xedea. Bertzalde, Seaskak bere hartan eusten dio du gaurko deitua zuen elkarretaratzeari, Baionako Euskaldunen plazan, arratsaldeko hiruretan.

Capdeviellek ere bilkura baikorra izan dela nabarmendu du Indok. «Diputatuak landua zuen txostena, eta gure proposamenak ere aztertu ditu, ikastolentzako egokia izan daitekeen legea osatu ahal izateko, hizkuntza gutxituekiko abegia duten diputatu taldearekin batera», erran du Indok.

Ikastolen egoera arautu behar dela nabarmendu du. Ikastolei babesa emanen liekeen legeari buruzko ildo batzuk ere aipatu ditu. Eskolen erreforman edo lurralde erreforman, Falloux legea-k inposatzen duen egoera gaindituko duen lege bat osatu behar dela dio. Eskola erreformaren karietara, hizkuntza gutxituen garapena sostengatzen duen diputatu talde batekin lanean ari dela erran du, legeari zuzenketak egiteko. Lege babesa lortu ahal izateko, Frantziako diputatuen «parte hartzea» behar dela uste du eta, oinarrian, ministerioaren edo gobernuaren «abegia» behar dela: «Lege duin bat behar dugu, 30 urte luze iraun duen hipokrisitik ateratzeko».

EEP, suprefetarekin Pauen

Bertze alde batetik, Frantxua Maitia EEPko presidentea Paueko prefetarekin eta Baionako suprefetarekin bildu da. Bien partetik jarrera «baikorra» atzeman duela adierazi du. Hendaiako ikastolaren kasuan, aterabide bat atzemateko borondatea helarazi diote Maitiari. «Gaurko lege koadroaren interpretazio hertsia ez da egokia ikastolen egoitzei lotu inbertsio proiektuen aztertzeko», erran du Maitiak. Gogora ekarri du hizkuntza politika publikoa 2004an ezarri zutela abian, Estatuaren partaidetzarekin. Horren helburua hiztun osoak sortzea da, eta Seaska da ardatz horretan eragile nagusietarikoa. Horregatik, Maitiak galdegin die eragile guztiak norabide berean joatea, eta ekiditea iraganeko behin-behineko egoera eta segurtasun eza inposatzen duen egoera.

Bi eskari zehatz egin dizkie Maitiak Estatuaren ordezkariei. Batetik, Hendaiako ikastolarentzako aterabidea atzemateko, eta, bertzetik, lege koadroa aldatzeko aterabidea aztertzeko, ildo hori funtsezkoa baita elkargoek edo erakundeek ikastolen lana diruz lagundu ahal izateko. Prefetak adierazi dio ez duela euskararen aldeko lana trabatu nahi; alderantziz, garapena sustatzeko, herriko etxeei oroitarazi diela haurren eskolatzean parte hartu behar dutela, bereziki herritik kanpo ikasten duten haurren garraio edo otorduetan.

Jean Jacques-Lasserre Pirinio Atlantikoetako senatariak bilera batera deitu ditu Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta Seaskako kideak, heldu den astelehenerako. Eskola legean hizkuntza gutxituak sartzeko, lurralde elkargoa bere eskumenekin onartzeko eta Frantziak Europako hizkuntza gutxituen ituna sinatzeko, parlamentariek «estrategia komun» bat adostu behar dutela erran du.

Seaskaren mobilizazioa

Gaurko iragarria zuen elkarretaratzea atxiki du Seaskak, Baionako Euskaldunen plazan, 15:00etan eginen dute. Dolu gisa, beltzez jantzirik joateko eskatu diete euskaltzaleei. Ikastoletako presidenteak astelehen gauean elkarretaratu ziren, eta kontuan hartu zuten prefetaren adierazpena. Borondate onaren seinale, mobilizazio ildoa geldituko du Seaskak, gaurkoaren ondotik. Zehaztu dute horrek ez duela erran nahi administrazioaren eraso bat balego edo Hendaiako ikastolarentzat aterabide onargarririk lortuko ez balitz berriz mobilizazioak egingo ez dituztela. Egoera gainditzeko keinua egin du Seaskak, bainaurratsak eskatu dizkie administrazioari eta gobernuari. Aldi berean, ikastolak hizkuntza politikaren ardatz direla oroitaraziko dute gaurko mobilizazioarekin.

Seaskari eta, oro har, murgiltze ereduetan ari diren eskola sistemei egokitutako lege ildoak aztertzen hasiak direla jakinarazi du Indok. «Gure pozerako, Capdeviellekin bildu garelarik ikusi dugu bere aldetik lege baten egokitzapena aztertzen hasia zela». Baionako diputatuak egindako lana eta Seaskak abiaturikoa gurutzatu zituzten bilkuran. Hainbat ildo aztertu dituzte, baina ez dituzte oraindik jendaurrean agertuko.

Seaskak badaki hizkuntza gutxituen aurkako jarrera sutsuak daudela Frantzian. Horiek ez aktibatzeko, «urrats diskretuak» egin behar direla erran du Indok. Erreforma handien garaia da Frantzian; Seaskari egokitutako lege bat koka daiteke hezkuntzaren erreforman, deszentralizazio erreforman edo Europako hizkuntza gutxituen itunaren berrespenean. Indok ez du horretan sakondu nahi. Diskrezioa hobetsi du, legearen lanketa errazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.