«Penagarritzat» jo ditu ELAk Miguel Buenen adierazpenak

Sindikatuaren ustez, Barne sailburuorde ohiak 'Cabacas auzian' izan zuen erantzukizuna gainetik kendu nahi du

Buen, erdian, Varela Ertzaintzako zuzendari eta Ares sailburu ohiarekin batera, 2011ko urrian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Miguel Buen EAEko Herrizaingo sailburuorde ohiak Cabacas auziaren inguruan joan den astean egin zituen adierazpenak «penagarritzat» jo ditu ELA-Ertzaintzak. «Cabacasen heriotzaren erantzukizuna gainetik kendu nahi du Buenek, eta horrek auzo lotsa sortzen du», adierazi du sindikatuak. Buenek duela lau egun esan zuen Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean Deustuko Ertzaintzaren polizia etxeko arduradunek «engainatu» egin zituztela bai bera eta bai Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendari ohia. Sailburuorde ohiaren arabera, ez zieten jakinarazi gomazko pilotak erabili zituztela Cabacas hil eta hiru egun pasa arte. ELAk, baina, «errua banatu nahi izana» egotzi dio, prentsa ohar baten bitartez.

«Cabacasen familiak gertatutakoa argitzeko eskatu eta Buenek ez zuen ezer egin, Arartekoak ere datu eskaera egin arren ez zuten ezer eman, eta orokorrean, ez zuen inongo erantzukizun politikorik hartu. Orain, beraien agindupean zeuden jendeari egotzi nahi die errua», azaldu du sindikatuak. Horren iritziz, gertaera jazo zenetik urtebetera adierazpen horiek egin izanari sinesgarritasuna falta zaie, «edo okerragoa litzatekeena nabarmentzen dute: axolagabekeria». Horrela, honako bi galdera egin dizkio ELAk bere buruari: «Gomazko piloten inguruan gezurra esan zela jakinda, zergatik ez zituzten horren arduradunak kargutik kendu?», eta «zein da adierazpen horiek urtebete pasa ostean egitearen arrazoia?».

Miguel Buen EAEko Barne sailburuorde ohiak eginiko hitzetan Varela eta biek dimisioa aurkeztu zutela ere bazioen, baina Aresek ez omen zituen onartu, Ares berak erantzukizun politiko guztia bere gain hartuko zuela jakinarazi omen zuelako. Auzia gertatu zenetik urtebetera, kargua utzia dutelarik, dimisioa aurkeztu zutela esatea ez sinesteko modukoa dela uste du ELAk. Sindikatuaren aburuz, beraien burua «biktima» gisa saltzen ari dira orain, «pixkanaka bada ere, justizia gerturatzen ari zaienean». «Beraien burua defendatu eta Aresen irudia garbitzeko besteei errua botatzea», bada, «koldarkeria» dela azpimarratu du azkenik ELAk.

Zubiaga, «justiziaren zain»

EAJ gobernuan delarik, Josu Zubiaga da orain EAEko Segurtasun sailburuordea, Miguel Buenen partez. Atzo argitaratu zuten Deia egunkarian Zubiagari eginiko elkarrizketa, eta zuhur agertu zen Cabacas auziaren inguruan. Iñigo Cabacasen familiak 40 ertzain inputatzeko eskaera egin duela —Buen eta Varelaz gain— eta horren inguruan zer iritzi duen galdetuta, familiak «beren estrategia» izango zutela erantzun zuen. «Justiziari lan egiten utzi» egin behar zaiola azpimarratu zuen, eta gehitu zuen «jazotakoaren kontakizuna egiaztatzen denean» hartuko dutela esku.

Horren haritik, Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak esana ere ekarri zioten gogora Zubiagari, fiskalak esan baitzuen bere ustez azkenean ez zela jakingo nor izan zen Cabacasi tiro egin zion agentea. Horren inguruan ere zuhur aritu zen Segurtasun sailburuordea: «Kalparsorok jakingo du zergatik dioen hori», adierazi zuen, eta errepikatu «justiziaren zain» dihardutela, «jazotakoaren kontakizuna argitzeko».

Cabacas auziaren eta eragin mediatikoaren inguruan, berriz, honakoa azaldu zuen: «Kasuak izan du gutxienez behintzat erabilpen mediatiko bat. Hedabide askok argitaratu duten informazioa epailearen txostenetik bertatik zetorren, eta ondoren gaia berpizteko erabili izan dira horiek Eusko Legebiltzarrean. Ertzaintzak benetan zer pasa den jakin nahi du, eta epailearen zain egongo gara, zer dagoen esan diezagun».

Bestalde, gomazko piloten erabilerak eragin zuen eztabaidaren ostean, jaurtitzaile berriak erabiltzen hasiko zirela adierazi zuen Barne Sailak. Horien erabilera jadanik guztiz ezarri al den galdetuta, «unitate guztietan banaturik» daudela erantzun zuen Zubiagak. «Erabiltzeko moduan dituzte herritarren segurtasuneko unitateek zein masak kontrolatzeko unitatekoek». Horren haritik, jakinarazi zuen «zorionez» orain arte horiek erabili beharrik ez dela egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.