Eta beti Kaikuk irabazi

Sestaoko klubak abantaila hartu du Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, eta San Miguel ligako lehen postua sendotuBost segundoan daude atzoko garailea, Urdaibai eta Tiran bandera lortzeko lehian

Kaikuko koadrila ahalegin betean, atzo Zarauzko uretan jokaturiko estropadan. Gaur eremu berean egin beharko dute arraun. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Arrauna eta futbola parean jarrita, gogora ekarri behar da nola definitu zuen behin Gary Lineker ingeles aurrelariak bere kirola: «Hamaika jokalarik jokatzen dute hamaikaren kontra, eta beti Alemaniak irabazten du». Munduko txapelketetan germaniarren nagusitasuna azaldu nahi izan zuen. Arrauna zer den galdetzen hasita, antzeko erantzuna eman daiteke: traineruak aritzen dira elkarren lehian, eta beti Kaikuk irabazten du.

Atzo ere, Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, onena izan zen, azkenaldiko estropada gehienetan gertatzen ari den bezala. Ohikoa duen moduan, nagusitasunez menderatu zuen txanda. Ezer gutxi egin ahal izan zuten Urdaibaik, Hondarribiak eta San Juanek. Alemaniak futbolean bezala, ondo edo gaizki jokatuz irabazten zueneko garaiak gogora ekarriz, Kaikuk lan biribilik egin gabe lortu zuen azkarrena izatea. Brankaz lortu zuen aldea popan galdu zuen. Hamar-hamaika segundo aurretik ere izan zen uneren batzuetan, baina azken luzean Urdaibaik eta Hondarribiak jan egin zioten aldearen zati bat. Lau segundo baino ez zizkion kendu Bermeoko traineruari, eta estropada nola joan zen ikusita, ez dira bete-beteko pozez egongo Kaikukoak. Aukera ederra galdu zuten Zarauzko Estropada preziatua erabakita uzteko, baina gaur eman beharko dio errematea. Arrauna jarraitzen duen orori burutik ere ez zaio pasatuko Kaikuk bandera irabaziko ez duenik. Gaur eguerdian lan ona edo txarra egin, denek jotzen dute garailetzat. Gainera, ikusirik denboraldian daraman ibilbidea, ez da bi egun segidan lan biribildu gabea osatzen duen kuadrilla. Ez harritu, hortaz, gaur erakustaldia emanez lortzea denboraldiko bandera estimatuenetakoa.

Gertuen dituen aurkarien artean, Urdaibaik argi printza ikusiko zuen, lau segundora bakarrik atzetik izatea gustura egotekoa baita. Atzetik aurrerako lana egin zuen, eta azken luzean bera izan zen azkarrena traineru guztien artean. Bizkaiko bi ontzien arteko lehia horretan, San Miguel ligako sailkapenean, puntu batean handitu du Kaikuk aldea, eta dagoeneko zortzi aurretik da. Falta da oraindik lan osoa bukatzeko, baina Sestaotik oso gertu dago erregulartasunaren saria.

Tiranen erakustaldia

Gaurko ohorezko txandan etsai izango dute bi bizkaitarrek Galiziako ordezkaria. Ezustea da hor izatea, baina merezimendu osoz lortu du onenen artean sartzea. Bigarren txandan sekulako maila eman zuen, eta txikitu egin zituen Astillero, Pedreña eta San Pedro. Normalean titularrak izaten diren sei arraunlari lehorrean utzi zituen Dani Perez entrenatzaileak, baina kontuak zer diren, denboraldiko estropada onena jokatu zuten. Bandera lortzeko lehian da Tiran.

Hondarribiak osatuko du ohorezko txanda, eta hortik kanpo gelditu da San Juan. Gainontzekoen artean, arreta sailkapenaren atzealdean dago. Atzo ere Orio azkena izan zen, eta zulotik atera ezinda segitzen du. Nabarmen itxi zuen lehen txanda, eta erraz irabazi zioten Castrok, Camargok eta Zumaiak. Itxaropentsu azaldu ziren oriotarrak hain kuttuna duten Zarauzko eremura, baina aurten asmatu ezinda dabiltza. Gertuago dauka atzetik Camargo azken sailkatua, zazpi puntura; Zumaia hamargarrena, hamarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.