Emakumeen Nazioarteko Eguna

Borroka feminista inoiz baino beharrezkoagotzat jo dute

Krisiagatik emakumeen egoera okertu egin dela salatu dute, eta beste eredu politiko, sozial eta ekonomiko bat eskatu duteJendetsuak izan dira Martxoaren 8ari lotuta hiriburuetan egindako manifestazioak

Bilbon jende ugari bildu zen, feminismoaren balioa aldarrikatuz. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hasi zirenean baino gehiago direla, eta borrokak aurrera jarraitzen duela. Horixe aldarrikatu zuten atzo emakume taldeek, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara Euskal Herriko hiriburu eta herrietan egindako manifestazioetan. Borroka hori inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi zuten, aho batez irakurritako agirian: «Boterea dutenek oraindik ere gure bizitzen gaineko erabakiak hartzen dituzte, haienak izango balira bezala. Ez gaude hori onartzeko prest».

Hiriburu guztietan egin zituzten manifestazioak, iluntzean. Guztietan salatu zuten krisia andreengan izaten ari den eragina. Bilbon, Arriagatik Moiuaraino egin zuten bidea, eta ondoren buelta egin zuten. Moiua plaza jendez bete zen. Batukadak eta bertsoek jarri zuten giroa. Etengabeak izan ziren krisiaren aurkako eta lan baldintza duinen aldeko eskariak. «Feminismoa aldarrikatu behar dugu, gizartea eraldatzeko itxaropen moduan, eta baita kudeaketa politiko eraginkor baten alternatiba moduan».

Donostian ere ez zen girorik falta izan. Batukadarekin irten ziren parte hartzaileetako batzuk. Bidean behin eta berriz errepikatu zituzten borroka feministaren aldeko oihuak. Salatu zuten sistema kapitalista eta patriarkala «emakumeen esplotazioan» oinarritzen dela irauteko. «Feministok badakigu eredu horrek desberdintasunak baino ez dituela ekartzen. Guk pertsonen bizitza eta ongizatea helburu duen eredu berri bat proposatzen dugu».

Espainiako Gobernuak abortuaren legean egin asmo duen erreformaren aurrean, beren gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubidea defendatu zuten. «Heziketa sexuala nahi dugu, erabaki ahalmena izateko; antisorgailuak abortatzeko beharrik ez izateko; eta abortatzeko askatasuna, gure bizitza ez galtzeko. Elizari, gainera, exijitzen diogu gure eskubide sexualetan eta erreproduktiboetan muturra ez sartzeko». Indarkeriarik gabeko gizarte bat ere exijitu zuten.

Legebiltzar atarian protesta

Eguerdian, Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzea egin zuten Eusko Legebiltzarraren atarian. Barruan, enpleguari buruzko eztabaida monografikoa egiten ari ziren. Hain zuzen ere, Lana soberan, enplegu duina faltan izan zen elkarretaratzearen leloa. Lan guztien «balio ekonomikoa» aldarrikatu zuten. «Sistema ekonomiko eta sozial honek zor ekonomiko ikaragarria du emakumeok egiten dugu lan ikusezinarekin, merkatuekin duena baino handiagoa». Han izan zen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, besteak beste. Emakumeentzako kalitatezko enplegua aldarrikatu zuen Etxaidek.

Krisialdi garai honetan, ELAk «ezinbestekotzat» jo zuensindikatuen eta talde feministen arteko elkarlana. Bilboko Guggenheimmuseoaren atarian egin zuten elkarretaratzea ELAko ordezkariek.Aurretik, prestakuntza saio bat egin zuten. Azkenaldian beren lan baldintzen alde kalera atera diren enpresetako eta erakundeetako andreak ere izan ziren protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.