Noiz sortua: 2012-04-25 00:30:00

Erasora jo du Sarkozyk

Hollandek gobernuan duen esperientziarik eza eta buruz buruko eztabaidak baliatu nahi ditu kanpainan Frantziako presidenteak

Etorkinak hizpide hartuta, eskuin muturrari keinuka hasi da UMPko hautagaia

Mikel Rodriguez -

2012ko apirilak 25

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulian soilik botoen %1,45en aldea atera zion François Hollandek Nicolas Sarkozyri, baina PS Alderdi Sozialistako hautagaiak maldan beheiti ikusten du Eliseorako bidea. Eskuin muturreko boto-emaileak bihurtu dira bi hautagaien artean balantza alde batera edo bertzera desorekatu dezaketenak; horregatik, Sarkozyk ez du lehia galdutzat ikusten, eta erasora jo du. Alde batetik, Le Figaro egunkariaren arabera, Hollanderen aurka mezu pertsonalak erabiltzeko asmoa du presidenteak, PSko hautagaiak gobernuan duen esperientziarik eza nabarmenduz. Bertzetik, debateetatik «ihes» egitea egotzi dio Hollanderi, Frantziako lau irratik egindako eztabaidarako eskaintza onartu ez duelako, eta, hirugarrenik, eskuin muturrak gogoko duen gaia hauspotu du Sarkozyk, eskuin muturrak gogoko duen terminoetan: immigrazioa.

«Kolpe guztiak onartuta daude», eta «gorrotagarriak izanen gara». Le Figaro-k Sarkozyren hurbileko laguntzaileen hitzetan paratutako adierazpenak dira, bigarren itzuliko kanpainan erabiliko duten estrategia azaltzeko asmoz. Presidentearen erranak ere aipatu ditu, aitzinekoen zentzu berean: «Niri jazarri zitzaizkidan bezala jazarri behar gatzaizkio Hollanderi». Sarkozyk eta UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak bi aldetatik higatu nahi dute PSko hautagaiak lortutako aldea: ustezko esperientzia faltaren mezua haizatuz, eta buruz buruko eztabaidak bilatuz.

Debateen bila, nola-hala

Herenegun bertan laburbildu zuen Sarkozyk estrategia hori: «Frantziarren aitzinean eztabaidatzea da orain kontua, nortasuna nortasunaren aurka, esperientzia esperientziaren aurka. Frantziarrek jakiteko eskubidea dute; Hollandek ez du ihes egin behar».

Izan ere, Hollande 11 urtez izan da PSko idazkari nagusia (1997-2008), eta hainbat kargu publiko eduki ditu, baina ez da inoiz ministro edo gobernuko kide izan, eta hortik eraso nahi dio Sarkozyk —PS boterean egon zen 1981etik 1995era—.

Erasorako parada ezin hobea aurrez aurreko eztabaidek ematen dute, eta igandean bertan hiru egitea proposatu zion presidenteak Hollanderi, baina hark ukatu egin zuen eskaintza. Herrialdeko lau irrati handik bertze eztabaida bat antolatzea proposatu zuten atzo —Europe 1ek, France Interrek, RMCk eta RTLk—; Sarkozyk berehalakoan onartu zuen, baina Hollandek berriz ukatu zuen. Bigarren itzuliaren aitzinetik debate bakarra egin izan da, eta hori defendatu du Hollandek. «Tradizio bat dago, erritu bat. Frantziarrak horren esperoan daude. Debate handi bat nahi dute. Ez dago deus gehiago errateko». Irratiei erran die telebistekin batera antola dezaketela eztabaida hori —gaur zortzi izanen da, Frantziako hedabideen arabera—. Hollanderen ezezkoarekin Sarkozy txantxetan aritu zen atzo Paris ondoko Longjumeau hirian. «Lanpetuegi badago, eguna aldatuko dugu: goizean edo arratsaldean, arratsean, asteazkenean, ortzegunean, ez dago arazorik». PSko hautagaiak igandean bertan eman zuen Sarkozyren taktikaren inguruan duen ustea. «Zergatik nahi ditu Sarkozyk debateak? Posizio txarrean dagoelako, baina horrek ez du justifikatzen arauak aldatzea».

Atzerritarren boto eskubidea

Lehenbiziko itzulian botoen %1,45en aldearekin garaitu zuen Hollandek Sarkozy, eta bigarrenean zeresan handia izanen dute eskuin muturreko boto-emaileek. Sarkozyk zuzenean jo du horien bila, mezu gogorrekin. «Ezin dugu atzerritarrak hartzen jarraitu», adierazi du. Urtero Frantziara ailegatzen diren etorkinen kopurua erdira jaitsi nahi duela erran du, eta horiei frantsesezko azterketa bat egin nahi die. Gainera, atzerritarrek ez dutela «botorako eskubiderik» berretsi du. Hain zuzen, Hollandek ideia horren aurka egin du, eta erran du presidente bada bortz urteko agintaldia bukatzen duenerako atzerritarrek udal hauteskundeetan botoa eman ahalko dutela. Eskuin muturraren hazkundea Sarkozyri egotzi dio, eta FN Fronte Nazionaleko boto-emaileak «berreskuratu» egin beharra dituela aldarrikatu du PSko hautagaiak, bertzeak bertze, Le Peni botoa eman diotenen «zati bat» ezkerrekoa dela uste duelako.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Brasiliako dendetako langileak, COVID-19 proba egiteko ilaran. ©Joedson Alves / EFE

5,6 milioi gaixotu dira munduan, eta 350.000 baino gehiago hil

Berria

Munduan 5.594.175 kasu positibo baieztatu dituzte, eta 350.531 lagun hil dira COVID-19aren eraginez. Oraindik ez dira sendatu kutsatutakoen erdiak ere. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, 2.288.579 dira sendagiria jaso dutenak.

Ursula von der Leyen, artxiboko irudian, ©OLIVIER HOSLET / efe

Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du

Iker Aranburu

500.000 milioi laguntza zuzenak izango lirateke, eta beste 250.000 milioi, maileguak. Ekonomia «modernizatzea» izango da dirua jasotzeko baldintza.

Christine Lagarde, artxiboko irudian. ©Armando Babani / Efe

Aurreikuspenik baikorrenak ahazteko eskatu du Lagardek

Iker Aranburu

Uste du euroguneko ekonomia %8-12 eroriko dela aurten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria