Chavez gabeko etorkizunerako prestatzen hasi dira Venezuelan

Iazko ekainean agertutako minbizia berritu zaiola eta, Habanan da Hugo Chavez presidentea, ebakuntza egiteko zain«Zerbait» gertatuko balitz ere, Nicolas Maduro izendatu du bere oinordeko politiko

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Nolabait ezinduta utziko nindukeen zerbait gertatuko balitz, Nicolas Madurok bukatu behar luke aginte epea. Konstituzioak agintzen duelako, baina ez horregatik bakarrik. Nire iritzi irmoa baita, ilargia bezain betea, bueltarik gabea, erabatekoa, lehendakaritzarako hauteskundeak deitzera behartuko lukeen egoera horretan, Nicolas Maduro aukeratu behar zenuketela lehendakari. Bihotzetik eskatzen dizuet». Hara hor Hugo Chavezen testamentu politikoa, oinordekoa zuzen izendatuz. Hara hor sozialismo bolivartarraren liderrak minbiziaren aurkako borroka gal dezakeeneko onespen publikoa.

Igande goizeko ordu txikiak ziren hemen Hugo Chavezek minbizia berritu zaiola eta Kuban ebakuntza egin behar diotela esan zuenean; iaztik egingo dioten laugarrena izango da. Ezkerrean eserita zeukan Nicolas Maduro lehendakariorde eta Atzerri ministroa; eskuinean, Venezuelako Asanblea Nazionalekolehendakari eta Herri Lan ministro Diosdado Cabello. Azken horrek ere, zenbaiten ustez, Chavezek utzitako hutsunea bete dezake liderra desagertzean, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren adar militaristaren ikurtzat daukatelako. «Inoiz ez ditut komandantearen aginduak eztabaidatzen. Bete egiten ditut», esan du Cabellok. Beste oinordeko bat, zenbait analistaren ustez, Elias Jaua litzateke. Venezuelako lehendakariordea izan da urriaren 10era arte, eta batasunerako deia egin du asteburuan.

Habanara bidean

Bai Maduro, bai Cabello, bai Jaua agurtu zituen Chavezek atzo Caracasko aireportuan, Habanara joan aurretik. Minbiziak berriz erasan diola telebistaz jakinarazi zuena telebistaz ikusi zuten venezuelarrek, alderdikideak agurtzen eta hegazkina hartzen. «Bizitzara arte beti! Irabaziko dugu!» esan eta hegazkinaren eskaileretan gora egin zuen Chavezek. Aireportura joan aurretik, Diego Molero Bellavia almirantea Defentsa ministroaren karguaren zinaren ekitaldia zuzendu zuen.

Molero urriaren 29an izendatu zuen Chavezek Defentsa ministro, baina karguaren zina egin gabe zegoen oraindik. Chavezek bere gaitzaren berri jakinarazi berritan agiria plazaratu zuen Molerok, armada Chavezen «iraultzarekiko eta herriarekiko» fidel dela nabarmenduz. Nicolas Maduro lehendakariordea Moleroren zinaren lekuko izan zen Miraflores jauregian.

Latinoamerikako herrialde askotako agintariek agertu diote elkartasuna Chavezi; besteak beste, Argentinako, Boliviako, Kolonbiako, Kubako, Mexikoko eta Txileko agintariek. Ekuadorko gobernuburu Rafael Correa Kubaraino joan da, haren ondoan egotera. Henrique Capriles oposizioburuak ere, zeina urriko hauteskundeetan lehiakide izan zuen,presidentea onik ateratzea espero duela esan du. Nabarmendu duenez, hala ere, Venezuelan «oinordekotzaren figura» ez da existitzen. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiko idazkari exekutibo Ramon Guillermo Aveledoren esanetan, oposizioa venezuelar guztientzako moduko «alternatiba bat aurkezteko gauza» izango da.

Oraindik ez dute jakinarazi noiz egingo dioten ebakuntza Chavezi. Eta ez dute esan minbiziak non eraso dion. Pelbis inguruan ote den, besterik ez dute esan. Eta hasi dira kontuak ateratzen aldekoak eta kontrakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.