Irakeko okupazioaren ondorena (I). Suniten kontrako zapalkuntza

Sunitak xiiten feudoan

Irakeko sunitak kexu dira euren kontrako bazterketaz eta errepresioaz; xiitek kontrolatzen dute egun IrakEskualde Autonomo Kurdua dute eredu; euren buruak babesteko egitura deritzote

Soldaduen miatzeak egunerokoak dira Bagdaden, nonahi eta noiznahi. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Nonahi dago, ezin daiteke begirada zorrotz hori saihestu Bagdaden, inola ere!». Yarub gaztea Ali imanaz ari da. Egia da, Irakeko hiriburuan oso irudi errepikakorra da xiitek gurtzen duten Mahomaren suhiarena. Te etxeetan haren aurpegia duten banderak daude, bai eta minareteetan ere, gobernuko eraikinetan, Bagdadeko ehunka kontrol postutan... hiriko zirkulazio astunaren erdian ere erraz erreparatuko dio bisitariak Aliri, armada eta polizia autoen antenetatik zintzilik.

«Teorian, debekatuta dago gobernuko eraikin nahiz ibilgailuek irudi erlijiosoak erakustea, baina Koranarekin gertatu bezala, legediak ere makina bat irakurketa ditu», dio Yarubek. Gazteak Najafekoa du ama, xiita, eta Mosulgo sunita aita. Egun ulertezina dirudien arren, bikote «mistoak» oso ohikoak izan dira beti Iraken.

«Duela gutxi arte, inoiz ez zen galdetzen xiita, kristaua ala sunita zinen. Gorroto sektario madarikatu hau agintariek baino ez dute bultzatu. Jendeak ohiko arazoak ahaztea nahi dute», kexu da Yarub, jatetxe batetik, Bagdadeko Mansur auzo sunitan.

Martxoaren 20an inbaditu zuten AEBek Irak, eta George Bushek maiatzaren 1ean bonbardaketa gogorrenen amaiera iragarri zuen, 2003an. Iazko abenduan handik alde gin bitartean, bederatzi urtean, okupazioak arrasto izugarria utzi du gerra etengabean izan den gizartearen garapenean, zer esanik ez suniten eta xiiten arteko harremanean. Saddam Husseinen garaian, sunitak ziren nagusi Iraken; egun, ordea, gogor ari dira salatzen euren kontrako politika baztertzailea. Zenbaki hutsek ere desadostasunerako bide ematen dute.

«Inbasioaren ondoren, amerikarrek gezur bat zabaldu zuten; sunitek %20 osatzen dutela eta xiitek %60, hain zuzen. Gure estatistiken arabera, %40 erraz osatzen dugu sunitok», kexu da Ahmed al-Alwani, Ramadiko bere etxetik, Anbar eskualdean. Oposizioko Al-Iraqiya alderdiko legebiltzarkidea da Al-Alwani, suniten indarrak biltzen dituen koaliziokoa.

«Entzun duzu Tikriten gertatutakoa? Eskolako umeak ere begipuntuan daude!». Ordezkari politikoa urtarrilaren 25eko erasoaz ari da. Egun hartan, 13-14 urteko zazpi ikasle atxilotu zituen Poliziak, euren seihilabeteko azterketak egiten ari zirela. Oraindik, gobernuak ez du inolako azalpenik eman gertatutakoari buruz.

Bi hilabete lehenago, Tikriteko Unibertsitateko dekanoak dimisioa eman zuen, Hezkuntza Ministerioak bertako 140 irakasle kanporatu ostean. Ali al-Adib Hezkuntza ministroak kargua 2006an hartu zuenetik, 1.200dik gora irakasle baztertu dituzte eskoletatik; denak sunitak.

Al-Alwanik «bazterketa sistematikoaz» hitz egiten du, eta Irakeko Konstituzioaren izaera federalari eusten dio. Sunitek gehiengoa dute Anbar eta Salahadin probintzietan, eta horiek eskualde autonomo bat eratzea nahi du. Legebiltzarkideak dio hark bultzatu zuela lehenengo proiektua, 2010eko udan.

Al-Alwaniren alderdikide Qasim Mohammad Abidek, Anbarreko gobernadoreak, ustezko bazterketaren froga gehiago eman ditu: «Bagdadek erantzukizun posizio guztietatik at utzi gaitu, ministerioetatik herrialdeko azken kontrol posturaino. Sunitok espetxean baino ez dugu gehiengoa osatzen Iraken». Bertako hainbat erakunderen arabera, sunitak dira Bagdadeko espetxeetako presoen %80.

Etxean arrotz

«Horrela desorekatu nahi dute balantza demografikoa Bagdaden», dio Abu Bakerrek. Duela urtebete, 50 urteko gizon horrek atzean utzi behar izan zuen Khadimiyako auzo xiita. Egun egoera gorria pairatu arren, zortea izan zuelakoan dago: «Poliziak inolako arrazoirik gabe atxilotu ninduen, eta zera esan zion nire familiari: 2.000 dolar ordaindu beharko zituztela aske atera ahal izateko. Bagdadetik alde ez egitekotan berriro harrapatuko nindutela mehatxu egin zidaten, hori Muqtada Al-Sadren milizia xiitek lehenago akabatzen ez baninduten».

Errefuxiatua iaz iritsi zen Ramadira. Hura bezala, milaka pertsonak jo dute Anbar probintziara, Bagdadetik kanporatu ostean. Gizonak dio egun familia xiita bat bizi dela bere hango etxean. Abu Bakerrek ez du deus ere sinatu, baina ziur dago norbaitek egin duela bere partez. Sunitek atzean utzitako etxeen negozioa aztertu beharreko gaia da oraindik.

Sunita da Omar ere, eta beldurrak jota dago. Bagdadarra da, 28 urte dauzka, eta Irakeko segurtasun indarretan dauden sunita gutxietako bat da. Jada lau urte igaro ditu bere postuan, baina hauxe izan liteke azkena. «Lanean hasi nintzenetik, suniton kopurua jaitsi besterik ez da egin. 153tik hamabost ginen hasieran nire atalean; gaur, lau besterik ez», dio Omarrek, Dora auzotik. Mansurrekin batera, huraxe da egun Bagdadeko suniten «gotorlekua»; ala presondegia. Hiriko hegoaldeko auzo hori porlanezko murruz inguratuta dago, eta xiiten ohiko irudi eta ikurrek josten dute sarrerako kontrolgunea.

Bere autoaren argazki bat erakusten duen bitartean, Omarrek dio hiru aldiz mehatxatu dutela. Duela aste batzuk, istripu bat izan zuen, etxerako bidean norbaitek errepidetik aterarazi zuenean. Gazteak argi asko dauka laster bere postua utzi beharko duela eta, ziurrenik, baita etxea ere. Anbarrera ere joko lukeela dio; «eskualde autonomoa balitz, hobe».

Elkarrizketa eta Baketzerako Ministerioan, Nazioarteko Harremanetarako zuzendari Saad Yousif al-Muttalibik ez du inolako diskriminaziorik ikusten. «Gauza jakina da sunita gutxi daudela gobernuko lanpostuetan, baina pisuzko arrazoiak daude atzean», dio Muttalibik, bulegotik. «Batetik, sunitek nekez osatzen dute populazioaren %20; bestetik, euren apaizek fatua bat [lege islamikoa] plazaratu zuten, gobernuarekin bat egiten zuen ororen kontra. Beldur dira, ez besterik», dio Nuri al-Maliki lehen ministroaren alderdikideak. Azken hilabeteotako ofizialen kaleratzeak direla eta, ordezkariak «Al-Qaedako filtrazio ugariri» leporatzen die erabakia.

«Krisi politikoa itzela da egun Iraken; horrexegatik, elkarrekin egon behar dugu xiitok eta sunitak», gaineratu du Al-Muttalibik, eskualde autonomoari buruzko gobernuaren diskurtsoari eutsiz, hitzez hitz.

Anbarren bueltan, baina, Hussein Gahzi al-Samarrai ez dator bat. Imana da hura: «Denek dakite gobernu berriarekin bat egiten zutenen kontrako fatua bat atera genuela, baina hura 2004an izan zen», gogorarazi du buruzagi erlijiosoak. «Horren frogarik handienak ditugu 2006ko eta 2010eko hauteskundeetan lortutako emaitzak. Ehundik gora eserleku lortu genituen legebiltzarrean, gutako asko erbestean egon arren».

Al-Samarraik dio gobernuak «berebiziko beldurra» diola suniten indarrari. Izan ere, 2010eko hauteskundeetan Al-Iraqiyaren zerrendak jaso zuen boto gehien. Al-Malikik ezinbestekoa izan zuen Muqtada al-Sadren babesa gehiengoa lortzeko.

Eskualde autonomoa dela eta, elizgizonak behin-behineko neurri gisa ikusten du: «Ez dut inoiz atsegin estatu federalaren kontzeptua, baina egoerak horretara bultzatzen gaitu gaur. Benetako justizia Irakera iritsi arte, gure herria babesteko modu bakarra izan liteke», dio 41 urteko imanak.

Konponbidea?

Iragan abenduan, Al-Malikik Irakeko lehendakariorde Tarik al- Hashemi atxilotzeko agindu zuen, terrorismoa leporatuta. Mugimenduak erlijio adarren arteko zatiketa gordindu zuen, Al-Hashemi sunita baita, eta xiita, berriz, Malikiren Aliantza Nazionala koalizioa. Al-Hashemik Kurduen Eskualde Autonomora jo zuen, babes eskatzera, espetxea saihestearren. Herenegun, berriz, Qatarrera iritsi zen, eta atzo bertan eskatu zion Bagdadek Dohari haren estradizioa.

Iraken menpeko kurduak dira, hain justu, Ekialde Hurbilean esperientzia federala ezagutu duten bakarrak. Golkoko Lehen Gerraren ondoren, euren eskualde autonomoa osatu zuten, Irakeko iparraldean. Egun huraxe da, zalantzarik gabe, herrialdeko eremurik egonkorrena.

Kurduen Koalizioko legebiltzarkide Ashwaq Jafek honela ikusi nahiko luke Irakeko etorkizuna: «Federalismoa indartzeak onura besterik ez du ekarriko denontzat», dio Jafek, parlamentuko pasiloetatik, gogotik babestutako gune berdean.

«Irakeko kurduok gure autogestioari esker iraun dugu egundaino. Sunitek ere ezinbestekoa dute euren eskualde autonomoa, eta beranduegi izan baino lehen».

Bihar: 'Errudun jaioak' erreportajea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.