Eliseorako borroka

François Hollande jotzen dute faborito Frantziako presidentetzarako bozetan, lehen itzulian Nicolas Sarkozy gailendu arrenEkonomia eta Europako neurri politikoak dira lehiarako eztabaidagai nagusiak

Jon Fernandez.
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Irabaziko dugu, Obama jauna. Zuk eta nik, biok». Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ziurtzat ematen du beste bost urtez eutsiko diola 2007az geroztik bere izan duen Eliseo jauregiko botereari, eta halaxe baieztatu zion joan den ostegunean AEBetako presidenteari bideo konferentzia baten bidez. Azkeninkestek, ordea, kontrakoa aurreikusten dute hautagai kontserbadorearentzat. Datorren igandeko lehen itzulian bai, ozta-ozta, baina Sarkozyk irabaziko du, Ifop institutuaren inkestaren arabera: botoen %28,5 lortuko ditu, eta bigarren postuan, François Hollande hautagai sozialista geratuko da, oso gertu, botoen %27 jasota. Maiatzaren 6ko bigarren itzulian, ordea, Hollande nagusituko da, botoen %53rekin —%47 Sarkozyk—, eta, hala, hamazazpi urteren ostean sozialistak berriro Eliseora eramango ditu; inkesten arabera betiere.

Paris kanpoaldeko Neuilly-sur-Seine aberatsen bizitokian hezitakoak izateaz aparte —hiri horretako alkate izan zen Sarkozy 1983tik 2002ra—, antzekotasun gutxi dituzte bi hautagaiek. Gobernatzeko eta politika egiteko orduan handinahikeriaz aritzea, erabateko protagonista izatea— baita prentsa arrosan ere— eta omnipresidente izatea leporatu diote aurkariek Sarkozyri; Hollanderi, berriz, bigunegia eta gaitasunik gabea izatea.

Hautagai sozialista ez da inoizministro izan —ekonomia aholkularia izan zen François Mitterranden garaian—, eta Correze departamenduko presidentetza eta Tulleko alkatetza izan dira administrazioan izan dituen kargu garrantzitsuenak. PS Frantziako Alderdi Sozialistan pisuzko gizona izan bada ere, Dominique Strauss-Kahn sozialisten faborito nagusia zenak sexu eskandaluen ondorioz atzera egin izanak zabaldu zion presidentegai izateko bidea. Sarkozyk, aldiz, handinahikeriak elikatutako gorako bidea egin duen politikaria irudikatzen du: 22 urterekin aukeratu zuten zinegotzi, eta geroztik alkate eta Ogasun eta Barne Ministro izan da, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdian bere lidergoa bermatu eta Eliseora iritsi zen arte.

Bruselatik eta Berlindik ihesi

Heroi eta antiheroi bezala ere irudikatu dituzte Sarkozy eta Hollande, hurrenez hurren; baina inkestek, tartea estua izan arren, garaipena bigarrenari ematen diotenez, bizi-bizi dago Eliseoa irabazteko borroka. Joan den igandean, esaterako, norgehiagoka horren irudikapena egin zuten bi hautagai nagusiek Parisen. Mitin banatan, elkarren kontrako diskurtso gogorrak egin zituzten, eta zenbakien gerra ere erabili dute indar erakustaldi gisa, jarraitzaile gehien nork bildu duen neurtuz.

Hauteskunde kanpaina ofizialki hasi aurreko astean, martxoaren bukaeran, Okzitaniako Tolosako hiru militarren eta lau juduren hilketek eta horien ostean Poliziak Mohamed Merah ustezko hiltzailea hil izanak hasiera batean uste baino gutxiago eragin du lehia politikoan. Analista askok esan zuten Sarkozyri mesede egingo ziola segurtasuna eta immigrazioa bihurtzeak eztabaidagai nagusiak. Kanpainaren azken txanpan, ordea, ekonomiak hartu du erabateko protagonismoa.

Sarkozyk behin eta berriz erabili du Espainiaren adibidea sozialisten kontra egiteko. Hollande Eliseora iristen bada «konfiantza krisi masiboa eragingo du, eta euroaren kontrako espekulazioa nagusituko da», hautagai kontserbadorearen arabera. Hollandek, bestalde, Sarkozyk kanpaina hasi arte Europako Batasunaren erabaki ekonomikoetan izan duen jarrera salatu du.

Izan ere, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera adostu ditu Sarkozyk krisi ekonomikoari aurre egiteko Bruselak hartu dituen neurriak —Merkozy izenez bataiatu zuen Europako prentsak bikote politikoa—. Eurek bultzatuta onartu zuen EBk iazko abenduan, esaterako, Hollandek hasieratik kritikatu duen Europako itun fiskala. Presidentegai sozialistakiragarri du bozak irabaziz gero itun hori «hobetzeko» eskatuko duela Bruselan, eta murrizketekin batera hazkunde ekonomikorako neurriak hartzea proposatuko duela. Era berean, EBZ Europako Banku Zentralaren jarrera kritikatu du Hollandek: hark bankuei dirua mailegatu ordez zuzenean estatuei eman balie, «orain ez ginateke egoera honetan egongo». EBZk estatuen zorra zuzenean erostea proposatu nahi du Bruselan.

Arlo ekonomikoan «arduragabe jokatzea» egotzi zion kanpaina hasieran Sarkozyk Hollanderi, baina egoerak eta inkestek behartuta, diskurtsoa aldatu du azken unean egungo presidenteak. Bozak irabazten baditu EBZren rolaren aldaketa batzuk proposatuko dituela hitzeman du. «Bazuen garaia, agintaldiaren azken unean bada ere, buruargitasunera iristeko», erantzun dio Hollandek.

Bere burua Bruselatik, eta bereziki Berlindik, bereizteko ahalegin berezia egin du Sarkozyk azken asteetan. Frantziako kanpainan parte hartzeko gonbit ofiziala egin zion Merkeli urtarrilean, baina martxoan ukatu egin zion gonbidapena. Ez du inoren itzalpean gobernatzen duen agintariaren irudia eman nahi jendaurrean.

«Hautagai antisistema»

Aspaldidanik begiratzen dio Frantziako gizarteak Bruselari eszeptizismoz —2005eko maiatzaren 29an ezezkoa gailendu zen Europako Konstituzioari buruzko erreferendumean—. Krisi ekonomikoak, gainera, areagotu egin du joera hori. Eta Europaren kontrako diskurtsoaz ondoen jabetu den presidentegaia, hain zuzen ere, FN Fronte Nazionaleko Marine Le Pen izan da; hain zuzen, horretxek ken diezaioke Sarkozyri boto-emaile gehien. «Euroaren parentesia itxi, eta liberara itzuli behar genuke, Greziak edo Espainiak bezala ez bukatzeko», esan du Le Penek kanpainan.

FNk inkestetan erakutsi duen indarrak eragin handia izan du Sarkozyk Europari buruz erakutsi duen diskurtso aldaketan. Botoen %15 lor ditzake Le Penek igandean, eta, hala, hirugarren alderdi gisa sendotu. Gainera, inkestek diote 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean boto gehien biltzen duen alderdia dela. «Gazteen hautagaia naiz, hautagai antisistema naizelako», esan du Le Penek.

Hirugarren posturako lehian dago Jean-Luc Melenchon EF Ezkerreko Fronteko hautagaia ere. Inkestek %14,5eko babesa ematen diote iganderako, Le Penengandik gertu. Bi alderdion gorakadak eskuinera zein ezkerrera keinuak ugaritzera behartu ditu bi hautagai faboritoak, bakoitzak bere esparrura. Izan ere, bigarren itzulian erabakigarria izango da lehenean FNri eta EFri botoa eman diotenen erabakia. Horren jakitun, «boto erabilgarriaren» mamua erabiltzen hasi dira Sarkozy eta Hollande.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.