ELAk enplegua suntsitzeko politika babestea egotzi die CCOO eta UGTri

ELAk dio elkarrizketa sozialeko mahaiaren langabeziaren kontrako planak ez duela enplegua sustatzeko neurririk jasotzen«Pastela mahai horretako kideen artean banatu nahi dute», azaldu du

2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza, Confebask patronala eta CCOO eta UGT sindikatuak, guztiak kritikatu ditu ELAk, langabeziari aurre egiteko otsailean hitzartu zuten planaren balorazioa egiteko agerraldian. Eusko Jaurlaritza eta patronala, enplegu galera dakarren politika egiteagatik; eta CCOO eta UGT, haiekin akordioak eginez, politika hori babesteagatik.

Izan ere, ELAren iritziz, plan horrek ez du jasotzen enplegua sortzera bideratutako inongo neurririk. Plan guztian zehazten den puntu bakarra aurrekontuari dagokiona dela dio, eta 321,5 milioi euro «ukiezin» egiten dituela. «Eskandalutzat» jo du hori, diru publikoa delako, CCOO eta UGT sindikatuei eta patronalari nahi duten bezala kudeatzeko ematen zaiena.

Mikel Noval ELAko ekintza sindikaleko arduradunaren esanetan, «akordio horren helburua da pastela gizarte elkarrizketako mahaiko kideen arteanbanatzea». Eta datuak ere eman ditu hipotesi hori laguntzeko. Haren arabera, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak jaitsi egin du etengabeko prestakuntza sustatzeko aurrekontua: 2009. urtean 21,26 milioi euro izan zen, eta iaz,20,55 milioi euro; aldiz, urtetik urtera aurrekontu horrenzati handiagoa eman ei die patronalari eta CCOO eta UGT sindikatuei: 2009. urtean, %34, eta iaz, %37,6.

Horregatik, sindikatu abertzaleak ustedu «akordio huts horrek» Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren irudia eta kontzientzia zuritzeko baino ez duela balio, haiek direlako gaurko egoeraren erantzuleak. «Bestelako propraganda egin arren, Eusko Jaurlaritza neurritasun politikak ezartzen eta gizarte murrizketak egiten ari baita, eta patronala, BPGan antzeko bilakaera duten Europako Batasuneko beste lekuetan baino askoz enplegu gehiago kentzen».

ELAren irudiko, akordio horrek langabeziaren hazkundea eta pobretze orokorra dakarren politika babesten du. Muñozen hitzetan, «gizartearen oniritzia izatea da gobernuaren nahia, eta zer hobeto sindikatuak hurbil izatea baino? Horrela, egiten duen politika gizarte politika direla sinetsaraz diezaioke gizarteari».

ELAko buruzagiak gogor kritikatu ditu hauteskunde kanpainan mozorro sozialdemokrata jantzi eta gero erabaki neoliberalak hartzen dituzten politikariak; Patxi Lopez lehendakaria, kasu. Haren arabera, ez dago ahazterik PSOE izan dela Espainiako Konstituzioa aldatu duena zorra ordaintzeari lehentasuna emateko eta Egonkortasunerako Legea onartu duena defizita mugatzeko. «Orain, Raxoiren gobernua erabakiak administratzen ari da, hitzartutako defizitaren helburua betetzeko». Ez hori bakarrik. Gogorarazi du Jaurlaritzak ere gutxitu egin duela gastu publikorako eta sozialerako aurrekontua, 2009tik BPGarekiko 736 milioi euro gutxitu ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak urtea bukatzerako hobera egingo duela esanez Carlos Agirre Ekonomia sailburuak egindako adierazpenei ere sinesgarritasuna kendu die, hauteskunde kanpainaren usaina dutela arrazoituta.

Muñozek garbi dauka Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak orain arte moduko politika egiten jarraituko dutenez enplegua suntsitzen jarraituko dutela. Horregatik, oso gogor kritikatu du politika horiek babesten dituzten sindikatuen jarduna. «Benetan ados zaudete enplegua suntsitzen ari diren gobernuen diagnostikoarekin? Eta gobernuek nahi duen guztia ematen dion patronalarena? Antzerki horri 'gizarte elkarrizketa' deitzen jarraituko duzue?», galdetu die CCOO eta UGTri. ELAk sekula ez dituela gisa horretako politikak babestuko ziurtatu, eta mobilizazioaren bidea defendatu du ELAko buruzagiak, «hortik bakarrik etor daitekeelako aldaketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.