Katalunia. Presidentearen inbestidura saioa

Presidente baldintzatua

ERCren botoei esker, bigarrengoz hautatu dute Kataluniako presidente Artur Mas; bien arteko akordioak zehaztuko du bideaNazio auzia eta ekonomia nahastuta «itun baztertzaile bat» egitea leporatu die ICVk

Samara Velte.
2012ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Artur Mas Kataluniako presidente izango da datorren legegintzaldian ere; hala erabaki du Kataluniako Parlamentuak. Aldeko 71 boto jaso ditu Masek, eta aurkako 63. Bart amaitu da presidentea izendatzeko inbestidura saioa, bi eguneko prozeduraren ostean; parlamentuko diputatu bakoitzak ozenki esan du Masen hautagaitza babesten duen edo ez. CiUren 50 diputatuei eta ERCren 21ei esker lortu du gehiengoa; presidente izendatzeko, 68 boto behar zituen.

Inbestidurako bigarren egunean PP, ICV-EUiA, Ciutadans eta CUP alderdietako bozeramaileek hartu dute hitza. ERCko Oriol Junquerasek eta PSCko Pere Navarrok —parlamentuan ordezkaritza gehien duten alderdietako ordezkariek— herenegun egin zuten eztabaida saioa Masekin, hark bere gobernu programa aurkeztu ostean. ERCk Mas babestuko zuela iragarri zuen, Kataluniaren independentziari buruzko erreferendumarekin hartu duen konpromisoarengatik; PSCk oposizioko talde nagusitzat jo zuen bere burua.

Atzo hitza hartu zutenetatik, inork ez du Mas babestu. ICVko Joan Herrerak itun «baztertzailea» egitea leporatu die CiUri eta ERCri. Burujabetzaren auzia eta neurri ekonomikoak, guztiak zaku berean sartzea gaitzetsi du, akordioa «murriztailea» bihurtuz. Herenegungo saioan, ituna zabaltzeaz mintzatu zen Mas; Herreraren ustez, ordea, autodeterminaziorako prozesuak alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin elkarlanean eraikia izan behar du, eta ez «atxikimenduen» bidez indartua. Kanpainan, erabakitzeko eskubidearen alde agertu da ICV, baina ez du zehaztu erreferendum batean zein jarrera hartuko lukeen.

Herreraren arabera, burujabetzaren auziaren aurretik daude politika ekonomiko eta sozialak. Murrizketen zale «porrokatua» izatea leporatu dio Masi, eta «suizidiotzat» jo dituen politikak aldatzeko exijitu dio: «Nazio auzian aurpegia ematen duzu, baina auzi ekonomikoan men egiten duzu, eta zure konformismoa herritarrek ordaintzen dute».

Masek erantzun dio «kolore guztietako gobernuak» ari direla murrizketak egiten, eta ezin bereizizkoak direla bi arazoak: galdeketarik ez dela izango «egunerokoa gobernatu ezin bada». Gobernu programa aurkeztean ere garrantzia eman dio burujabetza ekonomikoari, burujabetza politikoa bermatzeko bidean.

CUPeko David Fernandezek erabateko babesa eskaini dio autodeterminaziorako prozesuan: «eskua luzatuta» izango du horri dagokionez, baina «ukabila itxita» murrizketekin baldin badator. «Ultraliberalismoaren biktimak» aipatu ditu Fernandezek; besteak beste, etxetik kaleratutakoak, pobreak, etorkinak eta emakumeak. CUPek kalerako aldarrikatzen duen desobedientzia gomendatu dio Masi ere: «Ez digu beldurrik ematen defizitaren muga ez betetzeak, merkatuei men egiteak baizik». Zorrekiko menpekotasunetik irten eta bide propioa bilatzearen alde agertu da.

CUP lehenengoz aurkeztu da aurten Kataluniako Parlamentuko bozetara, eta hiru ordezkari lortu ditu. Ez da nahikoa talde parlamentarioa osatzeko, baina talde mistoko alderdi bakarra da. Talde horretako hiru ordezkariek Arnaldo Otegiren aldeko argazkia atera zuten herenegun parlamentuan, haren preso zenbakia idatzita zeukaten kartelei helduz.

Mas eta PP, aurrez aurre

Aurreko agintaldiko akordio eta adostasunak urrun lagata, PPCko Alicia Sanchez-Camachorekin izan du Masek eztabaida sutsuena. ERCrekin adostutako ituna «Kataluniaren aurkakoa» dela esan du PPCkoak, «Espainiarekin haustea» bilatzen duelako. «Frustrazioaren legegintzaldia izango da hau, burura eraman ezingo duzuen galdeketa bat sustatu duzuelako», aurpegiratu dio Masi. Espainiako Konstituzioaren aurka doala gogorarazi du, eta Madrilek jada iragarri duela haren aurkako neurriak hartuko dituela. «Astelehenean» karguari zin egitean «beteko duzula hitz emango duzun Konstituzio horixe», zehaztu du. Bere hitzaldian gaztelania erabili duen diputatu bakarra izan da Sanchez-Camacho, hizkuntza horri presentzia gehiago emango dion hezkuntza eredu bat eskatzeko.

Oposizioko alderdien artean «subiranismoaren aurkako frontea» osatzera deitu du PPCkoak. Batez ere PSCri egindako keinua da, alderdi horretako buru Pere Navarrok iragarri baitu erreferendumari dagozkion bozketetan abstenitu egingo dela, baina ez duela «prozesua oztopatuko».

Masek «desioa eta errealitatea» nahastu dituela esan du Sanchez-Camachok: «Uste zuen katalan gehienak independentista bihurtu direla». Erantzuterakoan, hauteskundeetako emaitzak zenbatzeko eskatu dio presidenteak: CiU, ERC eta CUPen eserlekuak batuta, 135 diputatutik 74 daude Kataluniak estatu propioa izatearen alde, legebiltzarraren %55. ICV-EUiAk ere jarrera hori babestuko balu, parlamentuaren %64 lirateke.

Galdeketa egitearen aurka dauden alderdiak «erabateko gutxiengoa» direla ekarri du gogora Masek, eta PPkoari oldartu zaio: «Nortzuk zarete zuek Kataluniako herritarren nahia zalantzan jartzeko, ganberako laugarren indarra baino ez zaretela?». Espainiako Konstituzioa babes gisa ez erabiltzeko eskatu dio, eta Madrilek Kataluniarekin zor asko dituela ohartarazi du.

Galdeketa 2014n

Masek etzi egingo dio zin karguari, eta abenduaren 27an osatu nahi du gobernua. Espero baino baldintzatuago ekingo dio bere bigarren agintaldiari. ERCrekin aste honetan itxi duen akordioak bide orri zehatza jarraitzera behartuko du gobernua, 2014an Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa egin nahi badute. Lehen urratsa subiranotasun aldarrikapen bat egitea izango da, eta gero Galdeketen Legea onartu nahi dute. CiUk eta ERCk jakin badakite Espainiako Gobernua hori debekatzen saiatuko dela, bere konstituzioaren hegipetik; horregatik, ahalik eta babes handiena eskatu du Oriol Pujol CiUko talde parlamentarioko presidenteak, baita PSCrena ere. Inbestidura saioko azken hitzak Masenak izan dira: «Zer gertatuko litzateke orain 1978ko Konstituzioa bozkatuko bagenu? Katalunian gehiengoaren babesa izango al luke?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.