Chavezen itzalpean, kanpainaurre gogorra hasi dute Venezuelan

Henrique Capriles izendatu dute MUD oposizioko buru, eta lehen agerraldian, chavistak «gezurretan» dabiltzala esan duBuruzagi zenduak herritarrengan izandako eragina baliatuko dute chavistek kanpainan

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hugo Chavezen itzal handiaren pisua izango du Henrique Capriles oposizioko buruak apirilaren 14ko hauteskundeetarako geratzen den tartean. Luzea izango da borroka, eta bortitza, hasierak eman dituenak ikusita. MUD Batasun Nazionaleko Mahaiak ofizialki Capriles aukeratu duela esan ondorengo lehen agerraldi publikoan, Nicolas Madurorenlehiakideak zalantzan jarri du presidentearen heriotzaren gainean gertatutakoa: «Nork daki noiz hil zen Chavez presidentea». Esaldi hori chavistek gerra deklarazio gisa interpretatu dute, herritarrengan sortu duen atsekabeari iseka egin balio bezala. «Arduragabea» eta «faxista» deitu dio Madurok, eta komandantearen ohorea defendatzeko ekintza judizialen aukeraz hitz egiten hasi da.

Caprilesek badaki chavistek liderraren irudia baliatuta egingo duten kanpainak erantzun gogorra behar duela, oposizioan lerratzen diren herritarrak beregana ekarri nahi baditu, kanpaina epela egiten badu asko etxean geratuko direlako. Horregatik, lehen egunetik,«gezurretan» dabiltzalabota du, Chavez noiz hil eta nola irudikatu «prozesu kalkulatu eta hotza» izan dela. «Dena aurreikusita zeukaten, noiz egingo ziren hauteskundeak, kronograma guztia...».Chavezen heriotzak gobernukideengan sortutako atsekabea «benetakoa» den ere zalantzan jarri du: «Madurok antzerki ikastaroak jaso ditu Kuban. Benetakoak ote dira isuritako malkoak?».

Capriles aukeratu dute oposizioko burua izateko, bera baita, botoa emango lioketen herritarren ustez, aukera duen bakarra. Beste hautagairen baten alde egiteak oposizioak jasan ezingo lukeen porrota izateko arriskua luke, oposizioa berriz ere banatuta geratzekoa.

Caprilesek ere ia ezinezkoa du zerbait lortzea, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialistaren Batasunak Chavezen heriotzak herritarrengan izan duen eragina erabiliko baitu kanpainako. Irudi, iragarki eta hitzaldi guztietan egongo da Chavez. Hark utzitako arrastoaren atzetik ibiliko da egunero, eta herritarrengan heriotza goiztiarrak sortu duen zirrarara iritsi nahiko du. Sentimenduetara joko du, programa politiko baten edukietara egin beharrean. Joao Santanak diseinatu du kanpaina.

Mezuak, jendearen bihotzera

Chavez gaixotuaren azken hauteskunde kanpainari ere Joao Santanak eman zion forma—Luiz Inacio da Silva Lula-ren eta Dilma Rousseffen kanpainak ere egin zituen Brasilen—.Chavezen arima erakutsiko du, herritarrengan bizi dena, eta liderraren legatu emozionala nabarmenduko du. Aholkulari brasildarrak dagoeneko prestatua dauka telebistarako iragarpena: Berriz jaioko da bera, lelo mesianikoa du. Chavezen irudi gehiago daude Maduro hautagaiarenak baino; bere aldekoez inguratuta ageri da, Venezuelako paisaia ikusgarrienetan, abesbatza batek Berriz jaioko da abestiitxaropentsua kantatzen duen bitartean. Azkenean, Chavezen ahotsez, «Chavez ez naiz ni, Chavez herria da», esaldiarekin amaitzen da iragarkia.

Esperantza horixe da Caprilesi ardura dioten gaietako bat. Herritarren itxaropenarekin jokatu duela aurpegiratu dio Madurori, hilabeteotan «gezurretan» aritu dela, konstituzioa urratu duela esatea ere oposizioaren ikurretako bat da, eta boterearen gehiegizko erabileraere bai.

Madurok erantzun dio porrota begietan disimulatzeko lanak dituen aktorea dela. «Gaur maskara erori zaio, faxistaren aurpegi nazkagarria agerian geratu zaio. Helburua herria zirikatzea da». Behin eta berriz nabarmendu du herritarrakindarkeriara bideratu nahi dituela Caprilesek; «indarkeria, odola eta heriotza» nahi ditu, baina «gerrara eraman nahi bagaituzte ere, bakearekin irabaziko diegu». Bakea eta maitasuna dira Madurok erabiltzen dituen hitz ohikoenetakoak. Oposizioaz ari dela erabiltzen duen tonuak, ordea, ez du hori iradokitzen.

Diosdado Cabello Batzar Nazionaleko presidenteak ere «gerra» hitza aipatu du: «Capriles, Chavezekin sartu zinen, eta herriak Aberriaren Komandanteari dion maitasunarekin. Gerra adierazpena egin duzu».

Caprilesek, esandakoak esanondoren, azaldu du dolu egunak errespetatu eta amaitu arte bere izena ez duela inskribatuko oposizioko buru gisa. Gaur amaituko da epe hori. Chavezen hilkutxaren ondotik negarrez igarotzen ari diren herritarrak azaltzen jarraitzen du telebistak, eta gaurtik aurrera kanpainak beste irudi bat hartuko du.

Chavez, panteoi nazionalera

Hugo Chavezen gorpua dagoen hilkutxa panteoi nazionalera eramango dute, Simon Bolivarren sarkofagoa dagoen lekura, horretarako konstituzioak behar duen zuzenketa onartu ondoren. FANB Indar Armatu Bolivartar Nazionalak egin du eskaera, eta datorren asteartean onartuko dute Batzar Nazionalean. Konstituzioak jasotzen duenaren arabera, panteoian lekua dute errepublikaren alde zerbitzu agerikoak eman dituzten venezuelar ilustreek, hil eta 25 urtera, eta Batzar Nazionalak hartu behar du erabakia. Hori gertatu aurretik, ostiralean, Chavez hil eta hamar egunera, Montañako kuartelera eramango dute, 1992an estatu kolpea ematen saiatu zen lekura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.