Madrilekiko negoziazioek ez diote Kataluniako prozesuari kalte egingo, Masen arabera

Errezeloa eragin du Rajoyrekin bildu izanak: aldaketa fiskalen truke prozesua atzeratzeko prest ote legokeen galdetu diote MasiNeurri ekonomikoak Madrilen negoziatzen jarraituko du Kataluniako presidenteak

Samara Velte.
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuarekin negoziatzea ez doa Kataluniaren helburu eta konpromiso handien aurka». Artur Mas Kataluniako presidenteak zalantzak uxatu nahi izan ditu Mariano Rajoy Espainiakoarekin izandako elkarrizketaren inguruan. Bi agintariak Aste Santuaren aurretik bildu ziren, eta handik egun batzuetara eman zuten hitz egindakoaren berri: batez ere Kataluniako prozesu independentistaz eta ekonomia berpizteaz mintzatu ziren. Lehen auzi horri dagokionez, «ezin urrunago» daude elkarrengandik, Masen arabera: «Gure norabidea ez da aldatuko, eta haiena ziurrenik ere ez; horrenbestez, pentsatzekoa da desadostasunek iraungo dutela».

Horrek ez du esan nahi, ordea, ekonomiari dagozkion akordioak egiten saiatu behar ez dutenik. «Badira soilik Madrilgo gobernuak erabakitzen dituen gauza batzuk; gehiengo osoz, gainera», ekarri du gogora Masek. Horietako bat, Kataluniak begiz joa duena, Espainiak autonomia erkidegoen artean banatzen duen zorra da. Partizio horren ondorioz, Katalunia behartuta dago dagokiona baino hiru bider gehiago murriztera. «Negoziatuz gero, badugu aukera ausaz inposatutako defizit bidegabe hori modu orekatuagoan banatzeko. Eta lortzen badugu, murrizketak ez dira hain gogorrak izango».

Rajoyren eta Masen arteko elkarrizketek berehala piztu dituzte errezeloak. Hedabideek zalantzan jarri dute Mas prest ote legokeen prozesu subiranistan atzera egiteko, hobekuntza fiskalen truke; esate baterako, 2014an egitekoak diren Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa atzeratuta. Masek ukatu egin du halakorik. Are gehiago, esan du apenas hitz egin dutela autonomia erkidegoen finantzaketa eredua aldatezaz: «Rajoyk aipatu zidan bakarra izan zen Cristobal Montorok [Espainiako Ogasun ministroak] lan batzordeak sortuko dituela erkidego bakoitzeko defizit muga aztertzeko».

Bide orrian aldaketarik ez

Bigarren agintaldiko lehen ehun egunen balorazioan egin ditu adierazpenok Masek. «Krisiaren seigarren urtea eta erabakitzeko eskubidearen lehena» dela esan du, eta horiek «ezohiko baldintzetan» ipintzen dutela Kataluniako Gobernua: Europako murrizketa politika behartuen eta bete beharreko konpromiso baten artean. Parlamentuak urtarrilaren 23an Burujabetza Aldarrikapena onartuz geroztik, ERCrekin eta ICVrekin adostutako bide orria urratsez urrats betetzen ari direla gogorarazi du: «Galdeketak egiteko araudi propioari helduko diogu, eta egun gutxi barru ofizializatuko da trantsizio nazionalerako aholku batzordea». PSC itunean sartzeko ahaleginetan jarraituko dute: «Ezin diogu egoera honi ohiko politikaz erantzun».

Kataluniak behar ekonomiko larria du, ordea, eta horrek du lehentasuna. «Garai oparoetan, defizit fiskal kronikoa eramangarria da, baina orain ezin dezakegu jasan». Eta, Masen arabera, Kataluniaren finantzak luze gabe suspertzeko bide bakarra zorraren banaketa aldatzea da.

Dena den, gogora ekarri du bere programak, ERCrekin adostutako gobernu itunak eta burujabetza aldarrikapenak, hirurek aipatzen dutela lehenbizi Espainiarekin negoziatutako irtenbide bat bilatzeko beharra: «Ez da ezeri uko egitea, eta ez da asmakizun bat. Behartuta gaude Madrilekin hitz egitera». Horrek muga non duen galdetuta, Kataluniako presidenteak esan du elkarrizketak, «jarrera gisa», ez duela epe mugarik: «Aurten, 2013an, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketa indartzen saiatuko gara. Gero ikusiko dugu zer emaitza dituen».

Rajoyk eta Masek bilera gehiago egingo dituzte, baina ziurrenik «diskretuak» izango dira: «Gai delikatuak dira, eta presio politikoa, handia. Egiteko modua zaintzen ez badugu, ezingo dugu aurrera egin».

Rajoyren legezko muga

Espainiako presidenteak ere hitz egin du autonomia erkidegoen finantzaketaren inguruan. Eredu berria bilatzerakoan, «gutziei tratu bera» emango die: guztiei modu berean entzuteko prest dago, baina ez dio Kataluniari pribilegio berezirik emango autodeterminazio prozesua atzeratzearen truke, eta ez du hitz egingo «legetik irteten den ezeri buruz». Kataluniaren autodeterminazioari dagokionez, bere administrazioa eta Masena «antipodetan» daudela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.