Asiako ijitoak nora ezean

Rohingya etniako errefuxiatuak zeramatzan ontzi bat hondoratu da Myanmarren; haien historia prekarioko beste pasarte bat daMyanmarrek herritartasuna ukatzen dio gutxiengo musulmanari, etorkintzat joz

Samara Velte.
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Euri denboraldia da Asia hego-ekialdean. Mahasen zikloiak gogor astinduko du kostaldea aste honetan: bihar sartuko da Bangladeshtik Myanmarrera, uholde eta guzti. Gobernuak ohartarazi dio herrialdeko gehiengo budistari —Myanmarko herritar arruntei— babes ditzatela etxeak. Baina, etxerik ez dutenak? Iazko udaz geroztik, rohingya etniako milaka herritar inprobisatutako errefuxiatu guneetan bizi dira Myanmarko Rakhine estatuan. Bertakoak dira, baina etxetik alde egin behar izan zuten Rakhineko budistekin izandako istilu larrien ondorioz. Gobernuak ez ditu herritartzat ere. Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundea izan da haiek babesteko beharraz ohartarazi duena: zikloia heldu aurretik ebakuatu ezean, «hondamendi naturala baino gehiago, gizakiak eragindakoa» izango zela ohartarazi zuen iragan astean. Horregatik, astelehenean hasi zen NBEren operazio berezi bat rohingya errefuxiatuak itsasontziz ateratzen. Hondamendiak ezinbestean harrapatu zituen, ordea: itsasontzietako batek haitzak jo zituen Rakhineko kostan, eta hondoratu egin zen. 48 pertsona bizirik topatu dituzte; zortzi gorpu agertu dira jada, eta gutxienez beste 50en bila dabiltza.

Aste honetako ezbeharra beste pasarte bat da rohingya etniaren historia prekarioan. Ongi islatzen du gutxiengo etnikoaren bizimodua: Myanmarrek baztertuta eta beste herrialdeetan babesik topatu ezinik, jitoan dabil estaturik gabeko herria, hartuko dituen kostalderen batean lehorreratu zain.

Gaur egun, 800.000 rohingya inguru bizi dira Myanmarren; gehienak, mendebaldeko Rakhine estatuan —lehen Arakan deitzen zen—. Euren hizkuntzan Rohang deitzen da eskualde hori; rohingya hitza hortik datorrela diote. Mendilerro garai batek bereizten ditu Myanmartik; beste aldera, ibai batek markatzen du Bangladesherako muga.

Munduan gehien jazarritakogutxiengo bat da rohingya etnia, NBEren arabera. Myanmarrekukatu egiten dizkie herritartasuna eta harekin datozen eskubide nagusiak, Bangladeshko etorkinak direla argudiatuz. Bangladeshek dio horrek ez daukala zentzurik: inork ez lukeela eskubiderik aitortzen ez dion herrialde batera migratuko. Horrela, rohingyak Asiako ijito bihurtu dituzte, leku guztietan arrotz.

Joan-etorrien historia

Egia da handia izan dela beti Bangladeshen eta Myanmarren arteko pertsonen joan-etorria. Gertaera historikoek behin baino gehiagotan behartu dituzte rohingyak batean edo bestean babes hartzera. Britainia Handiaren menpeko garai kolonialean, Londresek Arakanerako migrazio masiboa sustatu zuen, birmaniarren errezeloa piztuz. II. Mundu Gerran, soldadu japoniarrek Birmania inbaditu eta gogor jazarri zituzten rohingyak: bortxaketek, hilketek eta torturek izututa, ostera Bangladeshera egin zuten ihes 22.000 pertsonak.

Gerraostean, Jihad islamikoaren aldeko hainbat rohingyak Mujahid alderdia sortu zuten,Arakanen estatu musulmana eratzeko asmoz. Baina Birmaniak ere ikasi zuen zerbait gerrako okupaziotik, eta ez zion aukerarik eman: 1962an, estatu kolpea eman zuen Ne Winek, eta junta militarrak hartu zuen agintea.Nazionalismo birmaniarrari eta Therevada budismoari heldu zion indarrez, okupazioaren ostetik euren burua definitu eta indartzeko beharrez edo.

Larru iluneko eta arabiar itxurako gutxiengo hura ez zen haien gustukoa, are gutxiago islama zabaltzeaz mintzo zen sektorea. Horregatik, gogor erasan zien gobernuak rohingya ekintzaileei. 1978an abiatu zuen Nagamin (Dragoi Erregea) operazioa, etnia horren aurkako eraso handiena. Amnesty Internationalen arabera, 200.000 rohingyak egin behar izan zuten ihes Bangladeshera: «Kanpaina militar hark zuzenean egin zien eraso zibilei. Soldaduek hilketak eta bortxaketak egiten zituzten, eta hainbat meskita erre zituzten».

Trantsiziorik ez rohingyentzat

Gaur-gaurkoz, Myanmarko Gobernuak ez ditu rohingyak herrialdeko gutxiengo etnikoen zerrendan ere sartzen. Bidaiatzeko baimena behar dute, ez daukate lurren jabe izateko eskubiderik, eta gehienez bi haur izan ditzakete —gobernuko batzorde batek haien jaiotza tasa jaistea proposatu berri du—. Budistek ordaintzen ez dituzten zergak, edo isunak, ordaintzen dituzte.

Sarri izaten dituzte liskarrak: birmaniar nazionalistek eta zenbait monje budistek musulmanen aurkako herritar fronte indartsua osatu dute, 969 mugimendua deitzen diotenaren itzalpean. Myanmarren, urrun gelditzen da Tibeteko monje meditatzaileen irudiak elikatutako budismoaren irudi baketsua: han, aurreiritziak dira nagusi, eta budistek izu bizia diote islama hedatzeari.

Rohingya musulmanen eta Rakhineko budisten artean, egoera delikatua da oso, eta ez dute askorik behar istiluak lehertzeko. 2012ko ekainean denda bateko eztabaida batetik hasi ziren liskarrak, eta hiru hilabete iraun zuten. Herriak birrinduta gelditu ziren; gutxienez 211 pertsona hil ziren, eta 125.000 inguruk errefuxiatu egin behar izan zuten. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen, eta militarrek hartu zuten eskualdeko agintea. Neurria euren kalterako izan dela salatu dute rohingyek: nazionalisten erasoak gertatzen uztea ez ezik, errepresioan parte hartzea leporatzen diete soldaduei.

Irtenbideak lauso

Estatuan ez dago rohingyen alde egingo duenik. Oposizioak ez du ezer irabazteko horrekin; ez, behintzat, 2015eko bozetan budisten botoak poltsikoratu nahi baditu. Myanmarko kausa demokratikoen bandera eraman izan duen Aung San Suu Kyi oposizioko kidea ere hotzepel mintzo da: «Lege falta» da arazoa, haren hitzetan. Gutxiengo musulmanari Myanmarko herritartasuna eman behar litzaiokeen galdetuta, erantzun laburra: «Ez dakit».

2005etik, iheslariak Bangladeshtik itzultzeko hainbat saio egin ditu UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak: horiek dira gaur egun Myanmarko errefuxiatu guneetan bizi direnak. Gehienak, ordea, Bangladeshen gelditu dira.

Arazoa da Bangladeshek ere gainezka egin duela jada: iaz errefuxiatuei gehiago ez laguntzeko agindu zien gobernuz kanpoko hiru erakunderi, eta bueltan igortzen ditu kostara gerturatzen diren errefuxiatu ontziak. Ondorioz, exodoa zabaltzen ari da. Askok Thailandiara jotzen dute, baina han ere ez dituzte nahi: militarrek jipoitu eta itsaso zabalean abandonatzen dituztela salatu izan dute. Gero eta gehiago dira Indonesian lehorreratzen direnak, nolabait Australiara heltzeko asmoz.

Keinu abegikor bakarrak mundu musulmanetik jasotzen dituzte. Palestinako, Kaxmirgo, Irakeko eta Afganistango hainbat erakundek babesa adierazi diete. Jakartan manifestazioa egin zuten atzo Indonesiako islamistek, «genozidioa» salatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.