Esperotako ikuskizuna

Hollandek eta Sarkozyk kanpainako ideia berak errepikatu dituzte Frantziako presidentetzarako bozen debateanPSko hautagaiaren promesen aitzinean aldaketaren beldurra astindu du UMPkoak

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Hogei milioi ikusle inguru, eta boto emaileengan aldaketa erabakigarririk lortzeko aukera gutxi. Horiek ziren Frantziako presidentetzarako atzoko eztabaidarako aurreikuspenak. Ikusmina, hala ere, goi mailakoa, eta François Hollande PS Alderdi Sozialistako hautagaiak eta Nicolas Sarkozy presidenteak eskainitako ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Biek aitzinetik esperotako jarrera mantendu zuten kameren aitzinean: erasokorra Sarkozyk, hagitz espresiboa; eta zorrotza eta ironikoa Hollandek. Mezu orokorra ere, argia bien aldetik: beldurraren botoen bila joan zen presidentea, aldaketak ekar lezakeen balizko ziurgabetasuna haizatuz, eta kontrakoa Hollandek, boterean eredu berri bat ezartzeko beharra nabarmenduz.

Jada debatearen sarreran markatu zuen bakoitzak aski argi bere jarrera eta posizioa. «Justiziaren eta susperraldiaren presidentea» izanen dela aldarrikatuz ireki zuen PSko hautagaiak eztabaida. Sarkozyk, berriz, aldaketarako beldurra erabili zuen lehen unetik —«Frantziak ez du akatsik egiteko eskubiderik»—, eta Hollanderen posizioari buelta ematera jo zuen. «Susperraldia solas ona da, baina ekintzak jarri behar dira mahai gainean». Elkarri leporatu zioten herritarrak banatzea, eta Sarkozyk arlo pertsonalera mugitu zuen eztabaida, kanpainan Philippe Petain mariskalarekin, eta Adolf Hitler eta Francisco Franco diktadoreekin konparatu dutela salatuz. «Zail daukazu biktimaren rola hartzeko», Hollanderen erantzuna. Eztabaida erabat irekita zegoen jada: etengabeko akusazioak, ironia, haserrealdiak, batak bertzeari txanda moztu, moderatzaileen esku hartzeak...

Sarrerako eztabaidaren ondoren, gidoiaren lehen puntuari heldu zioten: ekonomiari. Behin baino gehiagotan egotzi zioten elkarri gezurretan aritzea. Halako ika-mika bat bien jarreraren adierazgarria izan zen. «Harrigarriena da, gertatzen dena gertatzen dela ere, zu beti zaudela kontent». Sarkozyk, Hollanderen ironiarekin minduta, debatea ez zela «txiste lehiaketa bat» erantzun zion. Ateraldi horregatik barkamena eskatu zion PSko hautagaiak. «Ez naiz honat etorri gezurti dei nazaten, ez zaitez zakar paratu», defendatu zen Hollande.

Ekonomian ez zuten proposamen berririk aurkeztu. Hollandek Sarkozy egin zuen Frantziako egoeraren erantzule, ideia bat azpimarratuz: hautagai kontserbadorea hamar urtez egon dela boterean —azken bortzak presidentetzan, eta bertzeak Barne eta Finantzen ministro—. Sarkozyk EB Europako Batasunean duen bazkide estuena, Alemania paratu zuen hartu beharreko neurrien norabide egokiaren adibide. EBko langabezia tasa murritzenentakoa du Alemaniak, eta, Sarkozyren ustez, Hollanderen proposamenen aurkakoa egin duelako da hori. «Alemaniak ez du inoiz lan eguna murriztu, BEZ zerga hiru puntu igo du, eta lehiakortasun akordio bat bultzatu du lan harremanak malgutzeko». PSko hautagaiak bere «lagun aberatsei» laguntzea egotzi zion presidenteari. «Dirutza handiek txekeak altxor publikoarentzat egin ditzaten nahi dut nik. Justizia soziala deitzen zaio horri».

Ekonomiarekin lotuta, EBren ereduaz eztabaidatu zuten. Hollandek, bertze behin, Europako itun fiskala aldatzea proposatu zuen, diziplinarekin batera hazkunde neurriak txertatzeko. Ekonomiaren inguruko eztabaidan baino, Sarkozy erosoago egon zen immigrazioaz, «segurtasun gabeziaz» eta mugez hitz egiterakoan, hain zuzen, FN Fronte Nazionalak kanpainan nabarmendu dituen gaietan. «Schengenek ez du funtzionatzen. Aldatzen ez bada, eta Greziaren eta Turkiaren arteko mugak zabalik jarraitzen badu, kontrolak berrezarriko ditugu gure mugetan».

Biharamunerako planak

Atzoko eztabaida izan da heldu den igandearen aitzinetik bi hautagaiek zuten azken zita handia. Kanpaina bihar bukatuko da, baina alderdiak hasi dira jada astelehenerako planak egiten, bereziki UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna. Izan ere, Sarkozyk errana du presidentetza galduz gero, politika utziko duela. Horregatik, inkestek iragarri bezala bozak galduz gero, UMPk lehenbailehen ekin beharko dio alderdian buruzagitza sendo bat ezartzeko prozesuari, hurrengo erronka ekainean bertan izanen baitu, legebiltzarrerako hauteskundeetan. Zita horri begira, FNk eskuinari eginen dion presioa inoiz baino handiagoa izatea espero da.

UMPko idazkari nagusi Jean-François Copek jakinarazi duenez, astelehenean bertan alderdiko buruzagitzak ez-ohiko bilera bat eginen du emaitzak aztertzeko, alde batetik, eta legebiltzarrerako bozak prestatzen hasteko, bertzetik. Ekaineko bozei begira, hain zuzen, kanpaina zuzentzeko batzorde nazional bat eratuko dutela erran du Copek. «Gure presidente Nicolas Sarkozyrekin batera, noski», zehaztu du. Gainera, alderdi barruan dauden «joera» anitzek «mugimenduak» sortzearen alde agertu da idazkari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.