Bi heren subirano

Kataluniako Parlamentuak gaur bozkatuko du Kataluniaren erabakitzeko eskubidea eta subiranotasuna aitortzen dituen agiriaAzkenengora arte negoziatu arren, PSCk eta CUPek ez dute proposamen nagusia sinatu

Samara Velte.
Bartzelona
2013ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuak gaur egingo du independentziari buruzko galdeketarako lehen urratsa: Kataluniaren subiranotasuna aitortzen duen agiria onartuko du. Hastapenetan CiUk eta ERCk zirriborratutako testuari zenbait moldaketa egin dizkiote, eta, gutxienez, 84 boto jasoko ditu, ICV-EUiAk ere hura babestea erabaki baitu. PSCrekin eta CUPekin ez dute erabateko akordiorik erdietsi; bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du. CUPek, ordea, proposamen nagusiari «baiezko kritikoa» emango diola jakinarazi du; oraindik ez du zehaztu nola bozkatuko duen.

Kataluniako herriaren subiranotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aitorpena izenburua daraman agiriak bederatzi printzipioren inguruan kokatzen du Kataluniaren burujabetza eskubidea; CiUk eta ERCk hasieran zehaztutakoa baino bi gehiago. Katalunia «subjektu politiko, juridiko eta soziala» dela dio lehenak, eta, horrenbestez, subiranotasuna dagokiola. Erabakitzeko eskubide hori prozesu «zorrozki demokratiko» baten bidez gauzatuko da, gizartearen nahi eta erabakietan oinarrituta. Prozesu «gardena» izango da, gizarte zibilak eta herritar guztiek «zehatz-mehatz» haren berri izan dezaten, eta parte har dezaten. Kataluniako «kohesio soziala» ere jasotzen du: «Lurraldearen batasuna bermatuko da, baita gizarteak behin baino gehiagotan adierazi duen nahia ere: Kataluniari herri bakar gisa eustekoa».

Kataluniatik kanpoko erakundeekin ere elkarrizketak izango direla aipatzen du aitorpenak: hain justu, «Espainiako Estatuarekin, Europako instituzioekin eta nazioarteko komunitatearekin» negoziatuko dute, baina erreferentzia nagusi gisa Europa hartuta. Hala dio Europartasuna izenburua daraman atalak: «Europako Batasunaren oinarrizko printzipioak defendatuko eta sustatuko dira, batez ere hiritarren oinarrizko eskubideak, demokrazia, ongizate estatuarekiko konpromisoa, Europako herrien arteko elkartasuna eta aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturalaren aldeko apustua». Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, «dauden legezko bide guztiak» erabiliko dituztela zehazten du; ez soilik Espainiako legediak onartzen dituenak.

Azken bi puntuak dira ICVk gehitu dizkionak. Batetik, autodeterminazio prozesuaren lidergoa Kataluniako Parlamentuak izan behar duela arautzen du, eta hori «bermatzeko lan mekanismo eta dinamikak» zehaztu beharko direla. ICVk ez du nahi erabakimena gobernuaren eta ERCren eskuetan kontzentratzerik. Bestetik, bestelako erakundeen parte hartzeari dagokion atal bat gehitu diote: «Parte hartzaile bihurtu behar dira herrigintza eta ahal beste indar politiko, baita eragile ekonomiko, sozial, kultural eta zibikoak ere».

ICVk bere moldaketak proposatu aurretik, CiUk eta ERCk eginak zizkioten zenbait aldaketa hasierako zirriborroari. Besteak beste, estatu propioaren aipamena ezabatu dute, eta aitorpenaren sarrerako testua luzatu dute. Zati horrek Kataluniaren autodeterminaziorako nahiaren garapen historikoa jasotzen du, Erdi Arotik hasita. Azken urteotako gertakariak xehetasun handiagoz deskribatu dituzte, Kataluniaren subiranotasun eskubidea arrazoitzeko: «Espainiako Estatuaren instituzioek emandako ezezkoek eta zailtasunek erabateko kaltea egin diote Espainiako Estatuaren barruko herri katalanaren demokrazia nahiari, eta inboluzioa ekarri dute autogobernuan». Kataluniako Parlamentuak bozkatutako estatutua ukatu izana jartzen du oztopo horien adibidetzat.

Hala ere, testuaren arabera, Kataluniako herritarrek «blokeo egoera» hori gainditzeko nahia adierazi dute, besteak beste, 2010eko uztailaren 10eko eta 2012ko Diadako manifestazio historikoetan. Lehenengoan, Nazio bat gara, erabakia gurea da zen lelo nagusia; bigarrenean, berriz, Katalunia, Europako estatu berria. Azaroaren 25eko hauteskundeetako emaitzek eskari hori «berretsi» baino ez dute egin.

PSC, «okerreko aldean»

Estatu propioaren aipamena kenduta, PSCrekin ituna egitea errazagoa zatekeelakoan zeuden CiU eta ERC. Ez da hala izan. Azken egunotan sarri eta luze bildu dira erabakitzeko eskubidearen alde posizionatutako bost alderdiak: CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP. Berez, astelehen goizera arteko tartea zeukaten akordiora lortzeko, orduan amaitzen baitzen Parlamentuan aitorpen proposamenak aurkezteko epea. Bi aldiz luzatu dute, eta, hala ere, ez dute erabateko akordiorik lortu.

PSCrekin dituzte zailtasun gehien. Alderdi sozialistak arazoa du «subiranotasun» hitzarekin: CiU eta ERCren proposamena, erabakitzeko eskubidearen aldeko aitorpena bainoago, independentzia deklaraziotzat jo du Maurici Lucena eledunak. Harentzat, erabakitzeko eskubidea aitortzen duen agiriak galdera argia jaso behar du: «Ea Kataluniak Espainiatik independente izan nahi duen edo ez». Espainiako legeetan jarri du muga Lucenak: «Espainiako Gobernuarekin eseri, eta galdeketa legal eta bete beharrekoa erabakita baino ez ditugu gauzak egingo».

CiU eta ERC, ordea, ez daude prest subiranotasunik gabeko subiranotasun aitorpenik onartzeko, ezta baldintzak Espainiaren menpe uzteko ere; hark dagoeneko adierazi du ez duela onartuko Kataluniako burujabetzari buruzko galdeketarik, eta CiUk eta ERCk ere galdutzat jotzen dute bide hori. «Kataluniaren subiranotasunaren aitortza PP etaPSOEren baimenaren araberakoa bada, hau ez da erabakitzeko eskubidea», esan du Anna Simo ERCko bozeramaileak.

CiUtik egoskorkeria leporatu diote alderdi sozialistari. Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo ohartarazi zuen keinurik egin ezean, legebiltzarreko «okerreko aldean» gera daitekeela PSC, erabakitzeko eskubidearen aurka dauden PP eta Ciutadansen alboan: «Bihar [gaur] parlamentuak ez du erabakiko Katalunia estatu bihurtuko den edo ez, baizik eta bere etorkizuna libreki erabaki dezakeen; eta hori subirano izanik baino ezin daiteke egin».

Masentzat, nahikoa eskuzabal jokatu dute jada PSC akordioan sartzeko: «Ez da ezinbestekoa beraiek akordioan egotea. Kanpoan gelditzea erabakitzen badute, ezin dugu prozesua gelditu; itunak aurrera egingo du, eta aurrerantzean gehiengo zabala izango da horrela ere». Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari nagusiarentzat ere «PSCk nahi zituen alde guztiak nahikoa eta sobera jasota daude».

PSCk bere proposamena aurkeztuko du gaurko saioan. Auziak are gehiago zatitu du alderdia barrutik: bost diputatuk boto independentzia emateko baimena eskatu dute.

CUP, aldiz, funtsean ados dago proposamenarekin, baina baldintza zorrotzagoak jarri ditu agiria izenpetzeko: Herrialde Katalanak osoki kontuan izatea, eta ez esatea Kataluniaren nahia dela Europako Batasunean jarraitzea. Aldaketok egin ez dizkiotenez, CUPek ez du CiU eta ERCren testua sinatu, eta bere proposamena aurkeztuko du. Hala ere, besteari babes «kritiko» bat emango diote CUPeko hiru diputatuek: aldeko bi boto eta abstentzio bat, edo aldeko boto bat eta bi abstentzio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.