Chavezen itzalpeko Mercosur

Venezuela Hego Amerikako merkataritza erakundeko kide oso bihurtu da haren 45. goi bileran, eta presidentetza hartu duParaguai abuztuaren 15ean sartuko da berriz taldean, Cartesek kargua hartzen duenean

Samara Velte.
2013ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Chavezen ezker eskuaz eta Bolivarren espirituarekin» hartu du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Mercosur Hegoaldeko Merkatu Komuneko lehendakaritza. Atzo amaitu zen Hego Amerikako merkataritza erakundearen 45. goi bilera Montevideon (Uruguai). Han izan ziren Cristina Fernandez, Argentinako presidentea; Dilma Rousseff, Brasilgoa; Jose Mujica, Uruguaikoa; eta Evo Morales, Boliviakoa. Mujicak ere Venezuelako presidentea zena ekarri zuen gogora hasierako hitzaldian: «Mercosurren berri 1994an izan nuen lehenbizikoz, [Hugo] Chavez kartzelatik atera zenean: sortu berri zen erakundea ezagutu, behatu eta ulertu behar genuela esan zigun». Mercosurrek ordutik izandako aurrerapenak txalotu zituen Madurok: merkataritzatik harago, «integrazio politiko, ekonomiko, diplomatiko eta soziala» lantzen jarraituko duela agindu zuen.

Sei urte zain pasatu ostean, erakundeak iaz onartu zuen Venezuela kide bihurtzea, ordura arte Paraguairen betoak zeharo blokatuta baitzeukan haren sarrera. 2012ko ekainaren 29ko goi bileran, ordea, Paraguai behin-behinean erakundetik kanporatzea erabaki zuten Argentinak, Brasilek eta Uruguaik, Paraguaiko oposizioak Fernando Lugo presidentea kargutik kendu zuelako. Lugok «estatu kolpe parlamentariotzat» jo zuen bere aurkako boikota, eta Mercosurrek erabaki zuen Paraguai taldetik kanpo geldituko zela hauteskundeetatik presidente berri bat atera arte. Horacio Cartes eskuindarrak irabazi zituen apirileko bozak, eta abuztuaren 15ean hartuko du presidente kargua: orduan utziko diote berriz Paraguairi Mercosurren sartzen. Paraguai kanporatzea ebatzi zuten egun berean onartu zuten Venezuela sartzea, baina bien arteko harremana oso txarra da. Cartesek legez kanpokotzat jo du Maduroren izendapena, Paraguaik ez diolako sekula oniritzia eman.

Hortaz, abuztutik aurrera bost kide oso izango ditu Mercosurrek: Argentina, Brasil, Uruguai, Venezuela eta Paraguai. Bolivia sartzeko negoziazio prozesuan da. Blokea duela 22 urte hasi zen eratzen: orain, hura osatzen duten herrialdeen arteko merkataritza hamar aldiz handiagoa dela azaldu du Ivan Ramalho eledunak. Iaz 60.000 milioi dolarreko negozioak izan zituen taldeak —46.000 milioi euro inguru—, «munduko bosgarren ekonomia handiena» osatzen du, eta 270 milioi pertsonako merkatua du jada.

Ahulak elkartuta

Hego Amerikako estatuen merkatu komunak duen garrantziaz mintzatu da Mujica: «Ez soilik ekonomia defendatzeko, baizik eta ahulentzako lekurik ez dagoen munduan izaera disuasiboa edukitzeko». Moralesek onartu du hasieran «erakunde neoliberaltzat» zeukala Mercosur, baina denborarekin «kontzientzia soziala» garatu duela. AEBen «xantaiei» aurre egiteko tresnatzat jo du elkartea: «Ez genituen pribatizazioak onartu, eta arantzeletako preferentziak kendu zizkiguten. Baina han zeuden Venezuela, Brasil eta Argentina, eskualdeko merkataritzarako. Eta orain hobeto gaude preferentzia horiek gabe».

Rousseffek erakundea zabaltzeko eskatu du, geografikoki eta lan esparruei dagokionez: «Agenda bizkortu behar dugu, eskualdeko herrialde gehiago sartzeko eta Europako Batasunarekin eta Afrikarekin akordioak lortzeko. Gero eta gehiago gara Mercosurren, baina orain hasi gara funtsera iristen, besteak beste, emakumeen, pobreen eta indigenen bazterketan arreta jartzen dugulako».

Madurok ere aipatu du aliantza ekonomikoa Karibeko herrialdeetara zabaltzeko beharra. Hain zuzen ere, Surinam eta Guyana onartu berri dituzte taldean, bazkide asoziatu gisa. Boliviak, Txilek, Kolonbiak, Ekuadorrek eta Peruk ere izaera hori dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.