Gobernuaren aurkako zentsura mozioa baztertu dute Ukrainan

Azarov lehen ministroak hitzeman du aldaketa «erabakigarriak» eginen dituela, baina oposizioari kontuak eskatu dizkioManifestazioek indartsu jarraitu dute, eta kanpadendak paratu dituzte Kieven

mikel rodriguez
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Esperotako emaitza izan du Ukrainan oposizioak gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioak. 226 diputaturen babesa behar zuen oposizioak, parlamentuko jarlekuen erdiak baino bat gehiago, eta 186rena baino ez zuen lortu. Emaitza jakina zelako agian, Viktor Janukovitx presidenteak ez zuen bertan behera utzi Txinarako bidaia —etzira arte izanen da atzerrian—. Hala ere, Mikola Azarov gobernuko buruak parlamentuan bertan hitzeman zuen exekutiboan aldaketa «erabakigarriak» eginen dituela, eta iragan asteburuan gertatutako istilu larrietatik «ondorioak aterako» dituela. Dena den, oposizioarekin haserre agertu zen lehen ministroa, eta exijitu zien manifestariek gobernuaren egoitzari paratutako setioa bukatzeko. «Honen guztiagatik erantzun beharko duzue, faltarik gabe», ohartarazi zien Azarovek.

Izan ere, gobernuaren aurkako manifestariek karrikan jarraitu zuten atzo ere. Kieven, parlamentuaren kanpoko aldean milaka lagun elkartu ziren zentsura mozioa babesteko, eta Azarovek eta bertze hainbat diputatuk arazoak izan zituzten eraikinean sartzeko. Parlamentuko bozketaren ondoren, jendetzak manifestazioa egin zuen presidentearen egoitzara. Parlamentuan, diputatuen gehiengoak zentsura mozioa baztertu ondoren, oposizioko buruzagiek Independentzia plazara joateko deia egin zieten manifestariei. 50.000 inguru elkartu ziren, berri agentzien arabera. Errusiako Interfax agentziaren arabera, iluntzerako hainbat kanpadenda paratu zituzten Kieveko plaza horretan, eta horrek protesta eremu finko bat sortzeko asmoa erakusten du.

Parlamentuan, ordea, oposizioak ez du gobernua eraisteko behar bertzeko babesa. Hiru alderdik aurkeztu zuten zentsura mozioa: Batikvstxinak —aberria erran nahi du ukraineraz, eta Julia Timoxenko lehen ministro ohi espetxeratuaren alderdia da—, UDAR Erreformarako Aliantza Demokratiko Ukrainarrak eta Svoboda eskuin muturreko nazionalistak —askatasuna, ukraineraz—. Hiru alderdi horiek dira gobernuaren aurkako protestak sustatu dituztenak. Gobernua babesten duen alderdi batek ere, ordea, zentsura mozio bat aurkezteko asmoa agertu du. KPU Ukrainako Alderdi Komunistak uko egin zion oposizioaren ekinbidea babesteari, EB Europako Batasunarekin elkartzearen aldeko aipamena zeukalako bilduta. KPUk adierazi du gobernuaren politika ekonomikoa gaitzesteko aurkeztuko duela zentsura mozioa, eta oposizioko alderdiak hori babesteko prest agertu ziren. Hala ere, guztien elkarketa ez litzateke 226 diputatuko langara ailegatuko.

Bruselan eta Moskun, gaur

EBrekiko elkartze akordioa bertan behera utzi ondoren hasi ziren oposizioaren mobilizazioak, baina gobernuak diplomaziaren hariak mugitu ditu EBrekin, egoera bideratzeko asmoz. Gaur bertan ailegatuko da Bruselara Janukovitx presidenteak izendatutako ordezkari taldea, EBrekin elkartze akordioa berriz negoziatzeko. Azarovek atzo parlamentariei erran zien Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak hitzeman ziola Janukovitxi akordioa sinatzearen truke Ukrainari kalte-ordain bat emateko eskaria aztertuko zutela. Durao Barrosok herenegun erran zuen negoziazioei utzitako puntu berberekin berrekingo zituztela, ez hutsetik hasita.

Ataka estuan dago Ukrainako Gobernua. AEBak ere gehitu zaizkio presioari, eta John Kerry Estatu idazkariak adierazi du ez dela joanen etzi Kieven hastekoa den ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen bilkurara, Ukrainak ez duelako akordioa sinatu EBrekin. NATOk, berriz, gaitzetsi egin du manifestarien aurkako «gehiegizko indarra». Nahiz eta Mendebaldeak eta Errusiak hautatzeko eskatu, Kievek bi aldeetara jokatzeko asmoa erakutsi du berriz, gaur bertan Moskura ere ordezkaritza bat bidaliko baitu, Errusiarekin «lankidetza estrategikoa indartzeko», Azaroven arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.