Etenik gabe odolusten

NBEren arabera, Afganistango gerran iaz 2.959 zibil hil zituzten; zenbatzen dituenetik, pertsona gehien hil diren urteetan bigarrenaNBEk uste du lotuta daudela ISAFen erretiratze prozesua eta hilketen gorakada

mikel rodriguez
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nazioarteko tropak urte bukaeran dira erretiratzekoak Afganistandik, 2001eko urrian hasitako inbasioa bukaera emateko. Aldaketa historikorik gertatu ezean, AEBek hasi zuten gerran murgilduta utziko dute herrialdea, eta odolusteak inongo etenik gabe jarraitu du urtez urte. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 2.959 zibil hil ziren gerrarekin zerikusia duten ekintzatan; 2012an baino %7 gehiago. Hildako kopurua ez ezik, zaurituena ere hazi egin zen: 5.656, 2012an baino %17 gehiago. NBEk kontua hartu duenetik, 2011ren ondoren zibil gehien hil duten urtea izan da 2013; eta hildakoen eta zaurituen kopuruak batuz gero, urterik odoltsuena.

Unama NBEk Afganistanen duen misioak egin du txostena. Bertze urte batez, «gobernuaren aurkako eragileei» egotzi die zibil gehien hiltzea —2.331, %78—, eta lotura zuzena ikusi du ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarraren erretiratze prozesuaren eta zibilen hilketen igoeraren artean. Unamaren arabera, prozesu horren ondorioz talibanek eta bertze talde armatuek eraso gehiago egin dituzte, eta, gainera, gero eta zibil gehiago hil dira armadarekin eta poliziarekin izandako tiroketen erdian harrapatuta gelditu direlako. Hala ere, NBEren misioak txostenean dio biktima gehien 2012ko arrazoi berak eragin zituela 2013an ere: etxean egindako lehergailuek—IED, ingelesezko laburduran—.

Droneekiko kezka

«Gobernuaren aldeko eragileak», berriz, hilketen %11ren erantzuleak lirateke —Afganistango armada eta Polizia, eta ISAF dira «eragile» horiek—, hau da, 341ena. Horietako bi heren inguru Afganistango indarrei leporatzen dizkie Unamak. Iazko ekainean ISAFek Afganistango armadaren eta Poliziaren esku utzi zuen segurtasuna zaintzeko ardura, beraz, nazioarteko tropen eskumenak nabarmen murriztu dira, eta, ondorioz, indarkeria ekintzetan duten parte hartzea.

Hala ere, erasorako eginkizuna ez du bukatutzat eman ISAFek, eta horren ondorioak nabaritu dira. Izan ere, 118zibil nazioarteko indarren aire erasotan hil ziren; hau da, herena. 2012an baino hemezortzi lagun gutxiago hil zituzten eraso horietan. Hala ere, ezin da joera positiborik antzeman inondik ere, hildako anitz direlako, eta Unamak datu kezkagarri bat ikusi duelako: drone edo piloturik gabeko hegazkinekin hildako zibilen kopuruak goiti egin duela. Dokumentatutako hemeretzi erasotan 45 herritar hil zituzten, 2012ko kopurua hirukoiztuz.

Gisa horretako eraso bat zehazki nabarmendu du NBEren misioak txostenean. Irailaren 7an gertatu zen, Kunar probintzian. Ustezko sei matxino eta hamar zibil hil zituen ISAFek, haurrak tartean. Unamak oroitarazi du hasieran ISAFek ukatu egin zuela zibilak hil izana, eta Unamarekin «bilera andana» egin ondoren bi zibil hil zituela erran zuela. NBEren misioak kezka agertu du droneekin erasoak agintzeko ISAFek erabiltzen dituen prozedurekin.

Unamak bildutako zifrak eta gertaerak horiek izanda ere,ISAFek txostenaren balorazio positiboa egin du, bere ustez «talibanek giza bizitzarekiko duten errespetu eza agerian uzten» duelako. «Kaltetutako zibil bakar bat egotea gehiegi dela onartzen badugu ere, txostenak argi utzi du biktima zibilak saihesteko hartu ditugun neurrien zehaztasuna». Atzodanik, gainera, buruzagi berria du ISAFek: Joseph AndersonAEBetako teniente-jenerala. Ezusterik ezean, bera izanen da buruzagia nazioarteko indarra erretiratu arte.

Emakumeen aurkako legea

Hamahiru urtetan, beraz, zibilen egoera orokorrean ez da hobetu, eta, zehatzago, ezta emakumeena ere. AEBek inbasioa justifikatzeko arrazoien artean aipatu zuten emakumeek talibanen agintepean pairatzen zuten muturreko egoera kaskarrarekin bukatu nahi zutela. Ordutik lortutako emaitzak zalantzagarriak dira, eta Karzai presidenteak sinatuko badu parlamentuak onartutako kode kriminalaren prozedura legea, iraganeko legera itzuliko da Afganistan. Izan ere, lege horren arabera, krimen batean akusatutako herritar baten senideek ezinen dute haren aurkako auzian lekuko gisa deklaratu. Lege horrekin parlamentuaren gehiengoak emakumeen eta haurren aurkako indarkeria eta bortxakeria sexuala zigorrik gabe uzteko asmoa duela salatu dute aurka mintzatu direnek. Emakumeen eta haurren aurkako indarkeria gehiena etxean gertatzen denez, senideak baitira normalki lekuko bakarrak. Nazioarteko kanpaina batek milioi bat sinadura bildu ditu legea bertan behera utz dezaten, eta Karzairi 179.000 eskutitz bidali dizkiote eskaera horrekin, Khaama Press agentziaren arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.