Bide orria ez da Madrilen amaitzen

Espainiak baimena ukatu ostean, kontsulta subiranista egiteko «bide berriak» aztertuko ditu Kataluniako GeneralitateakRajoyrekin negoziatzeko borondatea agertu du Masek: «Jar ditzala eguna eta ordua»

Ion Orzaiz.
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Hau ez da amaierako puntua, baizik puntua eta jarrai». Kataluniako Generalitateko presidente Artur Masen ustez, Espainiako Kongresuak kontsulta egiteko baimena ukatu izanak ez du bide orri subiranista aldaraziko. «Eskumen baten transferentzia ukatu ziguten. Hori besterik ez zen galdu», esan zuen Kataluniako Parlamentuaren atzoko saioan. Azaroaren 9an egitekoa den galdeketa antolatu ahal izateko «bide berriak» aztertuko dituztela azpimarratu du presidenteak, «Kataluniako eta nazioarteko legediak oinarri gisa hartuta».

Kataluniako Trantsiziorako Kontseilu Aholkulariak bost aukera aurreikusi zituen, erreferenduma legearen barruan egin ahal izateko, baina proposamen horietatik lau lurperatu ditu dagoeneko Espainiak: Madrilek berak erreferenduma antolatzea; herri kontsultak egiteko 4/2010 lege katalana aplikatzea [baliogabetua izan zen]; Espainiako Konstituzioa aldatzea kontsulta subiranista legezko bihurtzeko; eta erreferenduma egiteko eskumena Kataluniaren esku uztea [asteartean bozkatu zena].

Hain zuzen, Kataluniako Gobernuko bozeramaile Francesc Homsek iragarri du Generalitatearen hurrengo urratsa «kontsulta lege berria aplikatzea» izanen dela: «Argi ikusi dugu hemendik aurrera bakarrik egin beharko dugula bidea. Gure esku dago ataka honetatik ateratzea». Kataluniako Parlamentua ari da kontsulta legea tramitatzen, eta azaroaren 9aren aurretik prest egonen dela ziurtatu du Homsek.

Hala ere, PPk eta PSOEk adierazi dute helegitea aurkeztuko diotela arauari, eta litekeena da Auzitegi Konstituzionalak atzera botatzea aukera hori ere. Hori gertatzen bada, hauteskunde plebiszitarioak antolatuko ditu Generalitateak. Aukera horren aurrean uzkur azaldu dira orain arte ANC Biltzar Nazional Katalana eta zenbait ezkerreko alderdi —«hauteskundeak eta kontsulta subiranista ez baitira gauza bera», ICVko Joan Herrera diputatuaren esanetan— baina boz plebiszitarioen aukera onartuko lukeela esan du berriki ANCko buru Carme Forcadellek, «besterik ezean».

Ez dago argi, baina, hauteskunde horien ostean Generalitateak hartuko lukeen bidea. Boto gehienak independentziaren aldekoak balira, alde bakarreko urratsak egiteko legitimatuta ikusiko luke bere burua Mas presidenteak. Independentzia deklarazio aldebakar baten alde azaldu dira ERC, CUP eta ANC.

Hitz egin nahi du

Hala ere, Masek ez du oraindik baztertu Madrilekin solastatzeko eta negoziatzeko bidea. Atzo, biltzeko gonbita egin zion Espainiako Gobernuko presidenteari: «Rajoy jauna, jar itzazu egun eta ordua. Ezin errazago».

Izan ere, «hitz egiteko borondatea» agertu nahi izan zuen Rajoyk iragan den astearteko eztabaidan. Horrez gainera, aldarrikapenak «konstituzio erreforma baten bidez» egiteko deia egin zien Espainiako Gobernuko presidenteak kataluniarrei. Masen irudiko, Rajoyk berak sustatu beharko luke erreforma hori, eta gogorarazi du Espainiako Gobernuak halako neurriak hartu izan dituela eskaera Europatik ailegatu zaionean: «Angela Merkelek eskatzen duenean, txintik esan gabe aldatzen dute konstituzioa; Kataluniak galdegiten duenean, berriz, ez».

Masek bakarrik ez, Rajoyk ere astearteko saioaren balorazioa egin zuen atzo Espainiako Kongresuan, eta bezperan esandakoa berretsi zuen: Katalunia independente bat EB Europako Batasunetik kanpo geldituko litzatekeela eta halakorik ez duela nahi, inolaz ere. «Nik ez dut inor EBtik kanporatu nahi. Ez litzaidake batere gustatuko inor —are gutxiago espainol bat— EBtik kanpo gelditzea erabaki oker baten ondorioz», adierazi zuen atzoko bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.