Independentzia edo erdibidea

Kataluniako Diadaren biharamunean, «dena posible» dela erran du Masek, baina Espainiarekiko zerga itunaren alde ere egin duPSCk jarrera argitzeko eskatu dio Masi, eta ERCk dio martxaren mezua argia dela

mikel rodriguez
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gainezka. Hedabide anitzek erabili duten solasa da herenegun Bartzelonako karrikek zuten irudia azaltzeko, Diadaren harira deitutako manifestazio independentista zela eta. Jendez gainezka. Manifestazioaren biharamunean, ondorioak ateratzeko garaian, anitzek egin duten galdera da Katalunia, Europako hurrengo estatua lelopean bildutako jendetzak ez ote dien gainezka egin Katalunia bertako eta Espainiako alderdi nagusiei ere, independentziaren aldeko sentimenduak erakuts zezakeen indarra ongi kalkulatu ez dutelakoan. Begirada guztien erdian dago aginteko alderdia, CiU Convergencia i Unio koalizioa, Espainiarekin zerga akordioa lortzea baita haren xede nagusia. Diadaren eguneko martxaren leloa kontuan hartuz, ordea, Kataluniak bere zergak kudeatzeko eskumena lortzea erdibidean gelditzea litzateke. «Borondatea, gehiengo zabalak eta eusteko gaitasuna badaude, dena da posible», erran zuen atzo Artur Mas Kataluniako presidenteak, manifestazioa baloratzeko egindako agerraldian.

Solasak ongi neurtu zituen Masek, martxari atxikimendua berretsi baina zuzenean independentziaren aldarrikapen espliziturik egin gabe. «Kataluniaren irudi onena eskaini diogu munduari, eta mezu indartsu bat helarazi diogu: askeak izan nahi dugula, eta gainerako nazioen artean herri normal bat». Martxaren aitzinetik errana zuen Masek ez zela bertara agertuko, presidente kargua edukita egoki ikusten ez zuelako, baina «bihotzez» han egon zela adierazi zuen. Manifestazio erraldoiaren aitzinetik erakutsitako oreka berari eutsi nahi izan dio gero ere. Hala ere, kutsu subiranista nabarmeneko mezuak igorri ditu. Diadan bildutako jendetzaren mezua «hagitz argia eta hagitz normala» izan dela erran du: «Existitzen jarraitzeko estatu bat eskatzen duen nazio batena». Gehitu du hori «prozesu normaltzat» ulertu behar dela, «berezko hizkuntza, kultura eta historia dituen nazioa garelako, eta existitzen jarraitzeko estatu bat izatea beharrezkoa duelako».

«Urte eta erdiko bidea»

CiU koalizioak historikoki autogobernuan sakontzea aldarrikatu duen arren, independentziaren aldeko jarrerak saihestu izan ditu, nahiz eta hainbat kide alde agertu izan diren, maila pertsonalean bada ere. Iragan hamarkadan estatutu berriaren proposamena izan zen Kataluniako indar politiko nagusien erronka. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren, ERC Esquerra Republicanaren eta ICV Iniciativa per Catalunya-Verdsen hiruko gobernuak CiUrekin akordioa lortu ondotik, parlamentuak oniritzia eman zion estatutu berriari 2005ean. Mas, oposizioko buruzagi nagusia izan arren, prozesuaren protagonista handia izan zen, hark itxi baitzuen azken testuaren inguruko akordioa Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako orduko presidentearekin.

Kataluniako herritar gehienek erreferendum bidez estatutuari baiezkoa eman zioten arren (2006), Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen 2010eko ekainean. Hurrengo hilean, erabaki horren aurkako manifestazio erraldoi bat egin zen Bartzelonan, herenegun arte azken hamarkadetako handiena. Hedatutako etsipena hirukoan zeuden alderdiek ordaindu zuten 2010eko azaroko hauteskundeetan, eta CiU garaile atera zen.

Masek gogoan izan du ordukoa, eta bere alderdiaren lana aldarrikatu du, erranda «bide berria» ez dela herenegun hasi: «Duela urte eta erditik zegoen markatuta». Estatutuarekin gertatutakoak mugarri bat ezarri zuen, Espainiarekin autonomia zabaltzeko biderik topatzea ia ezinezkotzat jo baitzuen Kataluniako gizartearen sektore handi batek. Independentismoaren hazkundea, ordea, ez dator bat parlamentuko alderdien ordezkaritzarekin, ERC baita alderdi independentista nagusia, botoen %7 lortuta. Parlamentutik kanpo mugitu da independentismoa, eta lortutako hedapenaren argazkia izan zen herenegungoa.

Masek, Kataluniako Gobernuak eta CiUk, beraz, martxarekin pozik agertu eta mezu subiranistak indartu dituzte. Martxaren antolatzaile izan diren ANCBiltzar Nazional Katalanarekin eta AMI Independentziaren aldeko Udalen Erakundearekin hurbileko agertu dira. Nuria de Gispert parlamentuko presidenteak Diadaren ekitaldi ofizialera gonbidatu zituen, eta martxarengatik zoriondu. Mas bera bi taldeetako ordezkariekin biltzekoa dela jakinarazi zuen De Gispertek.

Hilaren 20an, Mas Raxoirekin

Baina Kataluniako Gobernuak agendari eusteko asmoa agertu du, eta agendan, zerga ituna du. Masek adierazi du Bartzelonan bildutako jendetzak «estatu baten tresnak» eskatu dituela, eta horien artean, ogasun propioa «giltzarria» dela. «Ezin da burujabetza politikorik izan burujabetza ekonomikoa gabe».

Hain zuzen, hilaren 20an da biltzekoa Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin, Madrilen. Diadaren bezperan, Raxoik erran zuen manifestaziorako deia «iskanbila» soila zela, baina martxak jasotako sostengua Masentzat presiorako tresna izan daitekeela agerikoa da. Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi du Raxoik zerga itunari ezezkoa ematen badio «alternatibak planteatu» beharko direla. «Trantsizio nazionala» azkartzeko beharra ere aipatu du Homsek. «Kataluniako herriak ondorioztatu du gobernu zentralak behartu duen erantzuna dela independentzia».

Oposizioan, berriz, manifestazioaren inguruan jarrera ezberdina duten bi alderdik argitasuna eskatu dute. «Martxak independentziaren edo zerga itunaren artean hautatzera behartu du Mas», PSCko idazkari nagusi Pere Navarroren ustez. Oriol Junqueras ERCko presidenteak, berriz, erran du herritarrek «galdera argia» edukiko duen erreferenduma bat nahi dutela: «Katalunia Europako Batasuneko estatu bat izatea nahi ote duten». Espainian, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruak ere «bizikidetza edo dibortzioa» nahi duen argitzeko eskatu dio Masi. Madrilgo gobernuak, berriz, egoera «hoztasunez» aztertu behar dela adierazi, eta lehentasuna krisi ekonomikoa dela erran du, balorazio sakonagoak egitea saihestuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.