Masek estatu egitura marraztua nahi du galdeketa egiterako

Bart hasi da Kataluniako presidentea izendatzeko saioa. Masek bere gobernu programa aurkeztu du; gaur bozkatuko dutePSCk iragarri du abstenitu egingo dela erreferendumari dagozkion bozketetan

Samara Velte.
2012ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ekonomikoa. Horiexek izango dira Kataluniako Gobernuaren hurrengo lau urtetarako helburu nagusiak, gaur Artur Mas presidente izendatzen badute. Atzo egin zuten haren inbestiduraren lehen saioa; Masek bere gobernu programa azaldu zuen ordubeteko hitzaldian, eta gero eztabaidari ekin zioten. Azaroaren 25eko hauteskundeen ondotik, parlamentuan ordezkaritza gehien duen alderditik gutxien duenera egingo dituzte ekarpenak: atzo ERCko eta PSCko ordezkariek hitz egin zuten. Gaur PPC, ICV, Ciutadans eta CUPen txanda izango da. Amaieran, presidentea bozkatuko dute.

Autodeterminazioa izan du mintzagai nagusi Masek bere hitzaldian. «Kataluniak bere trantsizio nazionala egin behar du». 2010ean lehenengoz presidente izendatu zutenetik helburu horrekin aritu dela defendatu du, baina Madrilek itun fiskalari ezezkoa eman zionean, ezinezkotzat jo zuela Espainiarekin adostutako ezein burujabetza eredu: «Europarako, Espainia demokratikoago bat eraikitzen lagundu dugu, pentsatuaz Espainia berri horrek gehiago errespetatuko zuela Katalunia. Oker geunden».

Egoera finantzario larriari aurre egiteko ere nahikoa eskumenik eman ez izana leporatu dio Espainiari: «Espainiaren defizit fiskalak kalte egiten dio gure ekonomiari; inposatu dizkiguten helburuak bidegabeak dira».

Burujabe izateko, bi lanetan jardungo du hurrengo gobernuak: alde batetik, Katalunia estatu propio izateari buruzko galdeketa prestatzen; bestetik, ahalik eta autonomoen funtzionatzea ahalbidetuko dieten estatu egiturak sortzen. Besteak beste, Kataluniarentzako banku publiko bat, Polizia «integralagoa» eta lekuko administrazioen sinplifikazioa aipatu ditu.

Helburua argia da: Kataluniak bere baliabideak kudeatzea. Masek badaki fiskalitatea ezinbesteko faktorea dela hor: «Guk bildutako zergak kudeatzeko gaitasunik ez dugun bitartean, ezingo diegu aurre egin zailtasun ekonomikoei». ERCrekin adostu dituzten zerga berriak aipatu ditu, baina lehentasuna gastuen murrizketak izango duela esan du: «Fiskalitateak marjina txikia ematen du».

Azkenerako utzi ditu politika sozialak. 7.000 lanpostu sortzea eta ongizate sistema ahalik eta gutxien ukitzea hitzeman du, baina iragan agintaldiko murrizketak justifikatu ditu: «Krisiak gure mugak gainditu ditu, eta gu baino hobeto dauden herrialdeetan ere egin dituzte Katalunian bezain murrizketa plan gogorrak».

ERCrekin asteartean itxitako akordioa zeharka baino ez du aipatu; Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa 2014ean egitea adostu dute. Prozesua irekia dela eta beste alderdien eta gizartearen ekarpenak jasotzeko prest daudela esan du Masek, herritarrek hauteskundeetan «lidergo partekatu eta transbertsala» eskatu zutelako.

ERC: «Gobernu sendoa»

Ordubeteko atsedenaren ostean, ERCko buruaren txanda. Iragarrita dago Esquerra izango dela gaurko saioan Mas babestuko duen alderdi bakarra. Ekonomia berpiztearren, gobernu indartsu baten beharraz mintzatu da Oriol Junqueras zerrendaburua. «Datorren gobernuak herritarrei hitza emango die», esan du. «Horretarako eskubidearekin konpromisoa hartzen duen hautagaia babestuko dugu».

Espainiako Gobernuak «apetaz eta bidegabeki» onartzen dituen gizarte politiken «ardura eta karga» Kataluniaren gain gelditzen direla salatu du Junquerasek, eta finean, horiexek direla herritarrei zuzenean eragiten dietenak. «Geroari gure eskuekin heldu behar diogu, lehenbailehen».

Junquerasen hitzetan, Europaren krisian kokatu behar da Kataluniarena ere, eta bere «egiturak Europakoetara egokitu». ERCk proposatutako hainbat neurri «erabat parekagarriak» dira Europako beste leku batzuetan hartu dituztenekin. Asteon onartutako bankuen zerga jarri du adibidetzat: «Alemanian ere badute halako bat».

Halako egitasmo batek, ordea, «adostasun handiak» eskatzen ditu, «gobernu sendoa» beharko baita proiektu horiek gauzatzeko. Eredugarri jo du ERCk eta CiUk adostutako «egonkortasunaren ituna»: «Oso irudi indartsua eta eraginkorra da parlamentuko bi indar nagusiak ados jarri izana helburu komun batzuen mesederako: ekonomia suspertzea, ongizatea zaintzea eta Kataluniak bere etorkizunaz erabakitzea».

PSC: «Sinesgarritasunik ez»

Lehen saioko azken hitza PSCko Pere Navarrorena izan da. Hasieratik, sinesgarritasunik ez izatea aurpegiratu dio Masi; 2010eko hauteskundeen ostean PSCri esker izendatu zuten presidente, baina ez ditu orduan adostutako neurriak bete. «Egoera ezegonkorragoa da orain, eta dena zure arduragabekeriagatik». Hurrengo gobernuaren ardura osoa ere Masek izango duela esan du. Galdeketaren plana ere soilik harena eta Junquerasena da, Navarroren arabera: «Kataluniako herritarrek erabakitzearen alde dago PSC, baldin eta erreferenduma legezkoa, adostua eta loteslea bada». Ez luke, ordea, independentziaren alde bozkatuko, Espainiaren barruko eredu federal baten alde baizik. «Bide horretan, ez dugu oztoporik jarriko; gai horri dagozkion bozketa guztietan abstenitu egingo gara. Baina CiU eta ERCren lana izango da galdeketa hori gauzatzea».

Jarrera horrekin prozesua boikoteatzen ari dela iradoki du Masek: «Badakigu izugarri konplikatua izango dela. Ados ez zaudetenean ere abstenitu egingo zarete? Eta ados zaudetenean ere bai?». Galdeketa legezkoa izango dela hitzeman du: «Baina, 'adostua', norekin? Espainiako Gobernuarekin? Erabakimen guztia PPren esku uztea litzateke hori, gehiengo osoa baitu Madrilen». PSC agintean zegoenean bezala, harekin akordioetara heltzeko itxaropena adierazi du.

Gaur jarraituko du eztabaida saioak, goizeko bederatzietatik aurrera. Gainerako alderdietako ordezkariek hitz egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.