Galdeketari begira pentsatutako gobernua eratu du Artur Masek

Frances Homs Generalitateko eledun ohia izango da Presidentziako sailburua, eta laster atzerriko gaien ardura har dezakePresidenteak kontseilari gehienei eutsi, eta hurbileko laguntzaileen eragina indartu du

mikel rodriguez
2012ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Artur Mas Kataluniako presidenteak aitzineko gobernuko kide gehienei eustea erabaki du, baina hurbileneko laguntzaileen eragina indartuz, helburu jakin batekin dena: 2014rako iragarritako burujabetzaren inguruko galdeketa prestatzea. Irailaren 11ko manifestazio handiaz geroztik, independentzia solasa aipatu gabe, Kataluniak «estatu egiturak» behar dituela erran du Masek behin baino gehiagotan, eta jada galdeketaren aitzinetik bide horretan pausoak emateko zantzuak erakutsi ditu. Horrela uler daiteke, adibidez, Generalitate berrian atzerri politikak izan dezakeen garrantzia. Masek Francesc Homs bere konfiantzako laguntzaileari eman diezaioke laster atzerri gaien ardura. Galdeketarako prozesuan garrantzi berezia izanen duen bertze sail bat Justizia izanen da, eta hor ere hurbileko laguntzaile bat hautatu du Masek kontseilari: Germa Gordo, gobernuko idazkari izandakoa.

Hamabi kontseilarietatik lau izanen dira berriak, seik postu berean jarraituko dute, eta bertze bi postuz aldatuko dira. CiU Convergencia i Unio koalizioa osatzen duten bi alderdien artean, Masen CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak zazpi kontseilari izanen ditu, Josep Antoni Duran i Lleidaren UDC Kataluniako Batasun Demokratikoak hiru, eta bertze bi ez dira alderdietako militanteak. Kontseilariek kargua hartzeko ekitaldian, Masek adierazi du gobernuaren helburuak hauek izanen direla, «ekonomia altxatzea, atzeraldiari eta enplegu faltari buelta ematea, gizartearen kohesioa mantentzea eta Kataluniako herriari ahotsa ematea askatasunean eta bakean etorkizun kolektiboa erabaki dezan».

Postuz aldatu direnen artean dago Homs, Masen hagitz hurbilekoa Kataluniako hedabideen arabera, eta CDCko kide garrantzitsua. Gobernuko bozeramailea izan da 2010etik, eta orain Presidentzia eta Atzerri Gaietarako kontseilari izanen da, hau da, gobernuan eragin handiena izanen duen kontseilaria. Galdeketarekin bete-betean lotutako kargua izanen da, nazioartean eta gehienbat EB Europako Batasunean burujabetzaren inguruko prozesuaren onarpena lortzea izanen baita haren zeregina, eta, horrekin batera, Kataluniari atzerrian berezko ahotsa ematea.

Justizian, aldaketa nabaria

Kide berrien artean, Gordo Justiziako kontseilaria dago. Galdeketa dela-eta Espainiako Gobernuak iragarri dituen traba judizialak kudeatzeko ardura izanen du. Hain zuzen, Justizia Sailean nabaritu da aldaketa handienetako bat, Pilar Fernandez Bozal ordezkatu baitu Gordok. Gordo orain arte ez da lehen lerroko politikaria izan, baina Homs bezala, Masen hagitz hurbilekotzat daukate Katalunian. Fernandez Bozal, berriz, nahiz eta independentea den, Duran i Lleidak proposatu zuen. Vilaweb.com atariak gogorarazi duenez, Fernandez Bozal Espainiako Estatuaren abokatuaren ordezkaria izan zen Katalunian, eta kargu horretatik Arenys de Munt herriak 2009an egin zuen independentziaren inguruko galdeketaren aurkako helegitea paratu zuen. CiUko sektore subiranistenek ez zuten ongi hartu hori.

UDCk gobernuan izanen duen kargudunik sendoena Ramon Espadaler izanen da: Barne Saila egokitu zaio. Jordi Pujolen azken gobernuan Ingurumen kontseilaria izan zen (2001-2003). Duran i Lleidaren hurbilekoa da. Hari egokituko zaio Mossos d'Esquadrak manifestazioetan izan duen jarrerak sortutako salaketei eta haserreari erantzuna ematea.

Azken gertakari larrienetako bat azaroaren 14ko greba egunean izan zen, manifestari batek salatu baitzuen begia galdu zuela gomazko pilota batek jota. Felip Puig Barne kontseilariak hori ukatu egin zuen, baina dimisioa aurkeztu zion Masi. Presidenteak, ordea, ez zion onartu, eta mosso-en eliteko taldeen buruak utzi zuen kargua. Orain, Masek Barne Sailetik atera du Puig, baina gobernuan mantendu du —Enpresa eta Enplegu Sailean—, CDCko kide indartsuetako bat baita.

ERCri kontsultarik ez

Nahiz eta CiUk iragan azaroan hauteskundeak irabazi, espero baino emaitza kaskarragoak izan zituen, galdeketaren aldarria hartuta gehiengo absolutua lortzea baitzen helburua, baina urruti gelditu zen. ERC Esquerra Republicanarekin gobernuaren egonkortasunerako akordioa egin behar izan du, galdeketaren inguruko adostasuna oinarritzat hartuta. Oriol Junqueras ERCko presidenteak adierazi du Masek ez dizkiola kontsultatu gobernurako hautatutako izenak, baina «errespetatu» egiten dituela. «Hagitz positiboa» iruditu zaio Atzerri Gaietarako Sail bat sortzea.

PSC alderdi sozialistarentzat, ordea, Masen gobernua «neoliberala eta erradikalagoa» da, eta erabakitzeko eskubidearen aurka dagoen alderdi nagusiarentzat, PPrentzat, «ERCren menpeko gobernu taliban, separatista eta erradikala» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.