PSOE eta PSC hausturatik gertu utzi ditu erabakitze eskubideak

Espainiako Kongresuan PSOEren boto diziplina hautsi dute Kataluniako sozialistek, eta 13 diputatu zigortu dituzteCarme Chaconek ez du bete PSCren ildoa, baina Pere Navarrok ez dio kargurik hartu

Xabin Makazaga.
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidak haustura eragin du PSOE eta PSCren artean, nahiz eta zubi guztiak ez diren erori. Lehendik ere gaiztotuta zegoen Espainiako eta Kataluniako sozialisten arteko harremana, eta atzo Espainiako Kongresuan gertatutako zatiketak kolokan jarri du bi aldeen arteko lotura. Harremanak «birplanteatu» egin beharko dituztela onartu dute bi sailetako diputatuek, baina «zubiak» mantentzearen alde agertu dira gehienak, baroi batzuek haustura irudikatu duten arren.

CiUk, ICVk eta ERCk ebazpen bana aurkeztu zuten atzo Espainiako Kongresuan, erabakitzeko eskubidearen alde. Espainiako Gobernuak Generalitatearekin harremanak hasteko eskatu zuen CiUk, Kataluniako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko galdeketa bat egitea ahalbidetzeko. Harremanak Kataluniako talde parlamentarioekin hasteko eskatu zion ICVk Madrili, «legezko mekanismoak» erabilita galdeketa bat egin ahal izateko. ERCk, azkenik, autonomia erkidegoek eta herri elkargoek eskatutako erreferendum guztiak Madrilek baimentzea nahi zuen.

Hiru proposamenak atzera bota zituen Espainiako Kongresuak, PP eta PSOEren kontrako botoekin; baina CiU eta ICVren ebazpenak babestu egin zituzten PSCko 13 diputatuk. Alderdi bereizi bateko kide gisa aukeratu zituzten 14 diputatu Kataluniatik, baina Talde Sozialistako kide dira kongresuan. Eta guztiak lotzen dituen barne araudi bat badute.

Aurrez jakinarazi zuen PSCk bere botoaren zentzua, eta arratsaldean bozketak egin aurretik ezaguna zen Kataluniako sozialistek hautsi egingo zutela, lehen aldikoz, PSOEren boto diziplina. Carme Chaconek, hala ere, ez zuen PSCren ildoa errespetatu, eta botoa emateko unean ganberatik alde egin zuen. Eserlekua Pere Navarro PSCko idazkari nagusiaren esku utzi zuen Chaconek, baina bozketa egin aurretik jakinarazi zion Navarrok ez zuela zigor neurririk hartuko.

Haserrea eta zigorrak PSOEn

Espainiako alderdi sozialistak ez zuen ongi hartu lehendik ere ezaguna eta agerikoa zen desadostasuna kongresuan gauzatzea, eta, lehen unean, gogor antzean erantzun zuen. Alfonso Guerrak eta Guillermo Fernandez Vara Extremadurako PSOEko idazkari nagusiak haustura kutsua eman zioten PSCk boto diziplina urratzeari. PSOE Katalunian «berrezartzea» planteatu zuen Guerrak, eta Varak harremanen haustura irudikatu zuen: «Boto diziplina hausten badute, bizi izan duguna ederra izan dela esan nahiko du».

PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak onartu zuen bi sailen arteko harremana txarra dela eta arauak berriz aztertu beharko dituztela, baina PSOEk eta PSCk elkarlanari eutsi behar diotela defenditu zuen. Katalunia eta Espainiaren arteko harremana «oso hautsita» dagoela iritzita, «lotura horri eusten dion hari bakanetakoa» PSOE eta PSCren arteko harremana dela uste du Rubalcabak: «PSC aspalditik ari da arauak berrikusi nahian. PSOEk, Kataluniari buruzko auzi batean, PSCren iritzia jaso behar du; eta PSCk, Espainiari buruz zerbait erabaki behar duenean, PSOEri galdetu behar dio. Mamia hori da».

Asteartero Espainiako Kongresuko Talde Sozialistak egiten duen bilera itxia, ohi baino luzeagoa izan zen atzo. Bi orduren ostean, eta ganberan bozketa egin aurretik, bilera «interesgarria eta garrantzitsua» izan zutela esan zuen Elena Valenciano PSOEko idazkariorde nagusiak: «Zubiak mantentzea erabaki dugu, elkarrizketari eustea. PSC da Katalunia eta Espainiaren artean gaur egun geratzen den zubi bakarra».

Kataluniako sozialisten jarrera aurrez ezaguna izanagatik, araudia «zorrotz» bete eta Talde Sozialistaren boto diziplina hautsi duten 13 diputatuak zigortu egingo dituztela aurreratu zuen Valencianok.

PSCko diputatuen koordinatzaile Francesc Vallesek, berriz, azaldu zuen «elkarrizketa bideak zabalik» daudela eta horrek duela garrantzia. Lehendik ere erabakitzeko eskubideari buruzko desadostasuna «agerikoa eta nabarmena» zela argitu du Vallesek: «PSOEk erabakitzeko eskubideari buruz iritzia aldatzea nahi dugu, eta ez dugu etsiko horretan». Halaber, PSOE eta PSCren arteko harremanak arautzeko protokoloa aldatzeko aukera, Rubalcabak berak atzo aipatutakoa, Kataluniako sozialistek 2011ko kongresuan onartutako ebazpenetako bat izan zela gogorarazi du Vallesek.

Generalitatea, pozik

Kataluniako Gobernuaren ustez «historikoa» izan da PSCk Espainiako Kongresuan erabakitzeko eskubidearen alde bozkatzea. «Indartsu ernatuko den hazi bat landatuko dugu gaur. Ziur naiz hau ez dela PSCren kuestio estetiko bat eta etorkizunean ibilbide bat izango duela», adierazi zuen Francesc Homs gobernu bozeramaileak. Artur Mas presidenteak, halaber, «inflexio puntu bat» ikusi du: «Bereizgarri handi bat da, oso garrantzitsua, PSCk bat egitea; gisa honetako prozesuak aurrera eramateko behar den gehiengo soziala nabarmen indartzen eta zabaltzen baitu».

Kataluniako Parlamentuan, izan ere, erabakitzeko eskubidearen kontra bozkatu zuen PSCk, nahiz eta hauteskunde programan alde agertu. Pere Navarro Kataluniako sozialisten idazkariak argudiatu du ebazpenak «desberdinak» direla eta botoa horregatik aldatu dutela.

PSCren barruan ere haustura eragin zuen aurrez erabakitzeko eskubideak, Kataluniako Parlamentuan alderdiak kontrako botoa erabaki eta bost diputatuk alde egin zutelako ganberatik botoa emateko orduan. Isuna ezarri zien PSCk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.