Thailandian suak hartu du karen etniako iheslarien kanpaleku bat

Gutxienez 62 lagun hil dira, eta 200 baino gehiago zauritu, Ban Mae Surinen izan den sutean: 281 txabola zituen, eta 200 erre diraMyanmartik ihes egindako 140.000 lagun inguru bizi dira Thailandiako mugan

Thailandian suak hartu du karen etniako iheslarien kanpaleku bat.
Xabin Makazaga.
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Myanmartik ihes egindako 3.500 karen inguru bizi ziren, banbu egurrez eraiki eta hostoz estalitako txabolatan, Ban Mae Surin kanpalekuan, Thailandiako ipar-mendebaldean. Ostiral iluntzean piztutako sute batek hondamendia eragin du 1992an sortu eta, aldi baterakoa soilik behar zukeen arren, 30 urte baino gehiago dituen iheslari gunean. Lehen datuen arabera, gutxienez 62 lagun hil dira, eta 200 baino gehiago zauritu. Agintariek, dena den, erretako txabolen hondar artean gorpu gehiago daudela uste dute.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Thailandiako bulegoak jakinarazi duenez, hil gehienak haurrak, emakumeak eta agureak dira, eta zaurituen artean batzuek oso erredura larriak dituzte. Hondamendi gunera bi lantalde bidali ditu UNHCRk; 800 kanpadenda eraman dituzte, aterperik gabe geratu diren 400 familiarentzat. Nitinart Witthayawuthikul Poliziako jeneralak jakinarazi duenez, Ban Mae Surin kanpalekuko 281 txaboletatik 200 erre dira.

Thailandiako Mae Hong Son probintzian dauden hiru iheslari guneetatik bat da Ban Mae Surin. Herrialdearen ipar-mendebalde guztian, baina, Myanmarko mugan, askoz gehiago dira. Guztira 140.000 iheslari bizi dira han, eta asko 30 urtean baino gehiagoan.

Diktadura militarra Birmanian lehenagokoa da —Myanmar izena, Herri miragarria, 1989an hartu zuen—: 1964tik militarrek agintzen dute kolonia britainiarra izan zen lurraldean. Eta 50 urte hauetan, karen etniako milaka herrixka suntsitzeaz gain, iheslari uholdea eragin du Junta Militarrak. Thailandia iparraldean babestu izan dira iheslariak, eta, Myanmarko egoera normaltzen joan den heinean, iheslariak etxera itzultzeko planak landu izan dituzte. Iazko irailean, Thailandiako Segurtasun Kontseilu Nazionalak iragarri zuen karenen itzulera prestatzen ari zela. Baina inoiz ez dituzte planak gauzatu.

Karenak, lehen biztanleak

Karen etniakoak Myanmarko biztanleen %7 besterik ez dira gaur egun —birmaniarrak %68 dira—, baina lurralde horretako lehen biztanleak izan ziren. Izan ere, Kristo aurreko 730. urtean, hor nonbait, Irrawaddy eta Salween ibaien arteko eremuan kokatu ziren. Birmaniarrak bi mende geroago iritsi ziren.

Britainia Handiaren kolonia izan zen Birmania, eta 1947an lortu zuen independentzia. Aurrez, II. Mundu Gerran, Japoniak eraso egin zion koloniari, eta karenak elkar hartuta borrokatu ziren britainiarrekin, japoniarren aurka. Birmania Askatzeko Armada izeneko gerrilla, aldiz, Tokioren alde lerrokatu zen, eta horrek areagotu egin zuen birmaniar eta karen etnien arteko etsaitasuna.

Birmaniak independentzia eskuratu zuenean, Erresuma Batuak ez zuen ahaleginik egin karenek burujabetza eskura zezaten. Izan ere, karenek Kawthoolei izena eman dioten aberria aldarrikatu zuten, eta 1950ean KNU Karen Batasun Nazionala erakunde politiko-militarra sortu zuten horren alde borrokatzeko. Azken 60 urteetan, gerra bizi izan dute karenek eta Birmania edo Myanmarren izan diren gobernuek.

Argi izpiak Myanmarren

Militarren hankapean mende erdi bat iraun du Myanmarrek, baina azken boladan argi izpi batzuk ikusi ditu, Junta Militarra 2011n desegin eta Thain Sein presidente izendatu zutenetik —militar ohia, Juntaren hurbilekoa— irekiera keinu batzuk egin baitituzte.

1990. urtean egin ziren, militarren agintepean, aurreneko hauteskunde demokratikoak Myanmarren. Demokraziarako Liga Nazionalak, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdiak, alde handiz irabazi zituen; baina Junta Militarrak ez zituen emaitzak onartu, eta Aung San arrestatzeaz gain, haren alderdia legez kanporatu zuen.

Egoera aldatzen 2007an hasi zen, monje budistek Junta Militarraren gehiegikerien kontrako protesta handiak egin zituztenean. Azafrai iraultza modu basatian erreprimitu zuten militarrek, baina nazioartearen arreta jaso zuen Myanmarko egoerak.

Demokraziarako Liga Nazionala legez kanporatuta zegoelarik, 2010. urtean berriro hauteskundeak egin zituzten —nazioarteak ez ditu onartzen, Juntaren aldekoak bakarrik zirelako hautagai—, eta Thein Sein jeneral ohia izendatu zuten presidente 2011n, Junta Militarra desegitearekin bat. Aurreko gobernuko lehen ministroa zen Thein Sein.

Presidente berriak irekiera keinu batzuk egin ditu, eta 2012an parlamentuko 664 aulkietatik 44 berritzeko hauteskundeak egin ziren Myanmarren. Ang Sanen alderdiak parte hartu ahal izan zuen, eta, bat izan ezik, beste eserleku guztiak eskuratu zituen.

Aste honetan bertan, 2008an militarrek idatzitako konstituzioa berritzeko batzorde bat osatu dute Myanmarko Parlamentuan. Ikusgai dago zer aldaketa onartuko dituzten, baina hiru dira kritika handienak jaso dituzten neurriak: parlamentuko aulkien %25 militarrentzat gordetzea, armadako buruak eskubide zibilak baliogabetzeko eskumena izatea eta Aung Sani hautagai izatea eragozten diona, atzerritar batekin ezkonduta egon zelako.

Salbuespen egoera

Asteazkenetik musulmanen eta budisten arteko borroka gogorrak ari dira izaten Myanmar erdialdean. Urre salerosle musulman batzuen eta haien bezero budista batzuen arteko liskarrek indarkeria sektarioa sustatu du, eta hogei hildako eta 8.000 desplazatu eragin ditu. Thein Sein presidenteak aurrena etxeratze agindua eta ondoren salbuespen egoera ezarri ditu Meiktila, Wandwin, Mahlaing eta Thazi herrietan, liskarretan bost meskita, madrasa bat, gobernuaren eraikin bat eta denda ugari erre baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.