Amaitu dira larrialdiak

Egiptoko agintariek etxeratze agindua eta larrialdi egoera bertan behera utzi dituzte, hiru hilabetez indarrean egon ondorenManifestazioak arautzeko lege polemikoa aurki onartzekoa du Mansur presidenteak

Ane irazabal
Kairo
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Amaitu dira presak. Kairo 24 orduz martxan dago berriz ere. Hiru hilabetez gautxori izateari utzi dion Egiptoko hiriburuak atzean utzi ditu larrialdi egoera eta etxeratze agindua. Hala adierazi dute agintari militarrek.

Iragan asteartean, Kairoko auzitegi administratibo batek larrialdi egoeraren amaiera iragarri zuen, uztaileko konstituzio deklarazioak hiru hilabeteko epea bakarrik onartzen zuelako. Alta, Hazem el-Beblaui lehen ministroaren kabineteak ez du aitorpen ofizialik egin epea iraungi arte.

Herritarrek, oro har, nahasmen giroan baina pozik jaso dute albistea. Egiptok ez du burua altxatu Rabba al-Adawiyaheko sarraskiaren ostean bi neurriak ezarri zirenetik. Ekonomiak geldirik jarraitzen du, turismoa ez da itzuli, eta kaleetako segurtasunak ez du hobera egin. Estatu kolpean zin egindako promesak ez dira bete, eta, Kairon militarrek babes zabala duten arren, egiptoarrek uste dute bi neurriek kalte egin diotela jarduera ekonomikoari.

Hiru hilabete hauetan, larrialdi egoera baliatuta, segurtasun indarrek eskumen osoa izan dute atxiloketak eta miaketak baimen judizialik gabe egiteko. Datu ofizialik ez dago, baina milaka zibil atxilotu ditu Poliziak. Eta neurri horien ondorioz, kaltetuenak Anaia Musulmanak izan dira.

Abuztuko kanpalekuen hutsarazte odoltsuen ondotik, anaiartearen kontrako zapalkuntza politikoa eta judiziala sendotu egin da. Lider nagusiak giltzapean sartu dituzte eta hasiak dira horien guztien kontrako epaiketak. Mugimendu islamista legez kanporatze aro berri batean da, eta Askatasuna eta Justizia alderdia ere zeharo isildu dute militarrek.

Anaia Musulmanen kontrako zurrunbilo politikoaren erdian Mohamed Mursi kargutik kendutako presidente ohia dago. Hiru hilabetez isiltasun behartua ezarri diote, baina ozen hitz egin du bere aurkako epaiketa hasi orduko. Aste honetan, «estatu kolpea desegin arte tinko mantentzeko» deialdia egin die jarraitzaileei.

Hala, badirudi militarren tankeek Kairoko eta beste hirietako kaleetan jarraituko dutela. Larrialdi egoera kentzeko erabakiak protesta gehiago ekar ditzake, eta militarrak behar besteko neurriak hartzeko prest daude.

Eta orain zer?

Batean kale, bestean bale. Hala uste dute egiptoar askok. Larrialdi egoera bertan behera geratu bezain laster, Egiptoko behin-behineko gobernuak manifestazioak arautzeko lege proposamen polemiko bat iragarri du.

Protesta eskubidearen gaineko lege gisa aurkeztu den ekinbideak alarma guztiak piztu ditu. Lege zirriborroaren arabera, manifestazio bat antolatu baino 24 ordu lehenago udal ofizialei jakinarazi beharko zaie. Era berean, Barne Ministerioak eta segurtasun indarrek eskumen osoa izango dute elkarretaratzeak bertan behera uzteko edo tokiz aldatzeko. Gobernadoreek ere protest free izeneko eremuak ezarri ahal izango dituzte, batez ere, estatuaren eraikinen inguruetan.

Ehab Bedawy presidentearen bozeramaileak adierazi du lege berria ez dela larrialdi egoera ordezkatzeko neurri bat, baina giza eskubideen aldeko erakundeek ez dute berdin pentsatzen. Zenbait talde politikok gobernuari eskatu diote manifestazio eskubidearen inguruko legerik ez onartzeko parlamentua berriz osatu baino lehenago.

Dagoeneko, baina, Adli Mansur presidenteak esku artean dauka lege berriaren zirriborroa. Presidenteak, artikulu bakoitza berrikusi, eta onespena eman diezaioke datozen egunetan. Hedabideen arabera, ziurtzat hartzen da Mansurrek osorik berretsiko duela.

Nolanahi ere, zenbait taldek «sentiberatasunik eza» egotzi diote militarrek gidatutako gobernuari. «Tristea da, baina Mohamed Mahmud kaleko liskarren bigarren urtemuga gogoratzen ari garenean, militarrek berriz ere gure askatasuna mugatu nahi dute. Ez dugu iraganetik ikasi», uste du Tareek Abu Aid ekintzaileak.

Egiptoarrek oso presente daukate 2011ko azaroaren 19a. Hussein Tantawiren Kontseilu Militarren garaian, manifestazio bat zapaltzeko herritarren begietara tiro egiten hasi ziren Mohamed Mahmud kalean ezarritako frankotiratzaileak. Barne Ministeriotik metro gutxira izandako liskarretan 70 egiptoar inguru hil ziren eta makina batek begiak galdu zituen. Aurten ere biktimak oroitzeko protestak egingo dituzte Apirilak 6 mugimenduak eta beste hainbat taldek: «Ez diogu gobernuari baimenik eskatuko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.