PSCren kontsultarekiko itxikeriak arrakala eragin du alderdian

Espainiari galdeketa egiteko eskumena eskatzea onartu dute CiUk, ERCk, ICVk eta PSCko hiru diputatuk parlamentuanAbstentziora jo du CUPek, «Madrilen baimena eskatu beharrik ez dagoela» iritzita

Ion Orzaiz.
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Espainia apurtzeko bidea urratzen hasi zarete gaur», bota zuen Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko buruak atzo, Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuran. Apurtu dena, alta, ez da izan Espainia, PSC Kataluniako Alderdi Sozialista baizik. Generalitateak independentziari buruzko erreferenduma antolatu ahal izateko eskuduntza Espainiako Kongresuari eskatu ala ez erabaki behar zuten atzoko saioan,eta PPrekin nahiz Ciutadansekin lerratzea erabaki zuen PSCk —hala adostu baitzuen alderdiko Batzorde Nazionalak azaroaren 17an—. Hautsak harrotu ditu erabaki horrek militante sozialisten artean; horregatik, bozketaren unean, alderdiaren boto diziplina hautsi zuten Marina Geli, Joan Ignasi Elena eta Nuria Ventura diputatuek.

Hala, proposamenak aurrera egin zuen CiUren, ERCren eta ICV-EUiAren babesarekin, baina baita PSCko hiru legebiltzarkide kritikoen aldeko botoari esker. Honakoa «tentsio politikoa demokratikoki konpontzeko azken aukera» dela ohartarazi zien ERCko bozeramaile Marta Rovirak PPri eta PSOEri: «Honen ostean ezezkoa ematen badute, legitimitate handiagoa izanen du independentzia prozesuak». Espero zen bezala, kontra egin zuten PPCk eta Ciutadansek, etaCUPek, berriz, abstentziora jo zuen. Alderdi independentistako diputatu Quim Arrufaten aburuz, erreferendum bat egiteko «Madrili baimena eskatzea» ez dator bat CUPen hauteskunde programarekin: «Madrilek negoziazio mahaitik kanpo kokatu du bere burua, kataluniarron erabakitze eskubidea ukatzean».

Saioa amaitu eta berehala, diputatu akta itzultzeko exijitu zien PSCko zuzendaritzak Geliri, Elenari eta Venturari. Talde parlamentarioko bozeramaile Maurici Lucenaren ustez, «taldean jokatzeko espiritu eza» agerian utzi dute hiru legebiltzarkideek, eta «erabaki zentzuzkoena» akta itzultzea dela nabarmendu du.

Kritikoek, alta, ez dute kargua itzultzeko asmorik, eta boto diziplina hautsi izana «kontzientziaz eta koherentziaz» hartutako erabakia izan zela azpimarratu dute. «Ez dugu PSCren batasuna apurtu; aitzitik, alderdiaren pluraltasuna bermatzen ari gara», adierazi du Gelik.

Hiru legebiltzarkideen auzia ez da alderdi sozialistaren barruan gertatu den haustura bakarra izan. Iragan den asteazkenean, diputatu aktari uko egin zion Lleidako alkate eta PSCko diputatu Angel Rosek, ez baitu alderdiaren ildo ofiziala onartzen. Bestalde, atzoko bozketan boto diziplina errespetatu arren, Rocio Martinez-Sampere eta Laia Bonet legebiltzarkideek PSCko zuzendaritza utzi dute, sozialistek erabakitzeko eskubidearen alde egin beharko luketela iritzita.

Sektore katalanista, abian

Subiranotasunari dagokionez, anitz aldatu da PSCren jarrera ofiziala azken urteetan. «Espainiarekin hitzartutako kontsulta baten» eta «kontsentsuan oinarritutako erabakitze eskubidearen» alde azaldu da behin baino gehiagotan alderdiko zuzendaritza. Iazko otsailean, adibidez, Pere Navarrok berak PSOEren boto diziplina hautsi zuen Espainiako Kongresuan, eta CiUrekin bat egin zuen, erabakitzeko eskubidearen aldeko mozio batean. Harrezkero, baina, ur asko igaro da PSCren zubi azpitik. Navarrok nahiago izan du PSOEra hurbildu eta duela urtebete eskas babesten zuenaren aurka jo.

Hori dela eta, alderdikide kritikoak hasiak dira mugitzen. PSCko sektore katalanistako hainbat ordezkarik agiri bat argitaratu dute, eta bertan, «erreferendumaren alde agertu diren diputatu sozialistei» babesa adierazteaz gainera, «ezkerreko alternatiba katalan bat» eratzeko deia egiten diete militante sozialista guztiei eta ezkerreko independenteei: «Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremana berraztertzeko ordua iritsi da».

Besteak beste, Joaquim Nadal, Antoni Castells eta Montse Tura kontseilari ohiek sinatu dute manifestua, baina baita PSCko beste 120 kidek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.