Tentsioa gori Kieven

Ukrainako Gobernuak protestei eragiten dieten lege berriak indarren jarri dituenetik, indartu egin dira hiriburuko istiluakOposizioak ere lasaitzeko eskatu du, egoera kontrolpean ez duela ohartuta

Samara Velte.
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hamar gradu zero azpitik, baina sutan dago Kiev. Ukrainako Gobernuak manifestazioen aurkako lege berriak indarrean jarri dituenetik, areagotu egin dira hiriburuko protestak. Viktor Janukovitx presidentearen dimisioa eskatzen duten manifestariek Hruxevski kalea hartu dute, parlamentuko egoitzatik gertu: barrikadak eraiki dituzte Poliziarengandik babesteko; hark gomazko balak eta negar gasa erabiltzen ditu protestariak sakabanatzeko. Igandeaz geroztik, 30 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte; istiluetan zaurituak 122 dira gutxienez, eta haietatik 50 inguru ospitalean daude oraindik. Gauez 400 lagun inguru gelditzen dira kalean, eta egunez milaka batzen zaizkie. Zenbait hedabideren arabera, datozen egunotan protestari gehiago hurbiltzea espero dute, baita atzerriko futbol taldeetako jarraitzaileak ere.

Istiluak kontrolatu ezin dituelaohartuta, egoera baretzeko eskatu du Vitali Klitxko oposizioko buruak. Janukovitxek ere ohartarazi du istiluak «Ukraina osoaren ordenarako mehatxu» bihurtzen ari direla. Biek eskatu dute zuhurtzia, eta irtenbide diplomatiko baten alde agertu dira, baina ez dute funtsezko saialdirik egin elkarrekin negoziatzeko. «Janukovitxengana joan naiz, indarkeria gelditzeko eskatzeko eta krisi politikoa konpontzeko lehen urratsak egiteko, baina bilera batean zegoen», kexu zen atzo Klitxko. «Ni prest egon naiz haien iritziak entzuteko eta elkarrekin irtenbide bat bilatzeko» zioen, berriz, Janukovitxek: «Baina ekintza baketsuak istilu masibo bihurtu dira».

Protestak duela bi hilabete lehertu ziren, gobernuak Europako Batasunarekin sinatu behar zuen merkataritza askeko ituna bertan behera utzi zuenean. Oposizioko alderdi nagusiek kalera deitu zituzten euren jarraitzaileak, eta Janukovitxi Errusiaren morroia izatea egotzi zioten —Moskurekiko harremana ez hondatzearren erabaki zuen Europako Batasunarekiko akordioabehin-behinean atzeratzea—. Protestek Euromaidan izena hartu zuten, eta Mendebaldeko hainbat gobernu eta erakundek esplizituki babestu zituzten. Besteak beste, Catherine Ashton EBko diplomaziaburua eta Guido Westerwelle, orduan Alemaniako Atzerri ministro zena, joan ziren Kieveko Independentzia Plazara, manifestariei babesa adieraztera.

Joan den ostegunean, manifestazioei ere eragiten dien lege sorta polemiko bat onartu zuen Ukrainako Gobernuak. Besteak beste, eraikin publikoak blokeatzea edo okupatzea, bost ibilgailutik gorako konboiak osatzea eta «muturreko [ideologietako] materiala» banatzea zigortzen dute legeok. Mendebaldetik erreakzio gogorrak heldu dira berehala: AEBek eta EBk, esaterako, «demokraziaren aurka» egitea leporatu diote Kievi, arau horiek protestak apaltzeko onartu dituela argudiatuta. Ashtonek araudia berriz aztertzeko eta «Ukrainaren nazioarteko konpromisoak» betetzeko eskatu dio Janukovitxi.

EBren «arduragabekeria»

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak errieta egin die Mendebaldeko potentziei, Kieveko istiluak suspertzeagatik: «Indarkeria bultzatu dute, eta, beraz, Ukrainako oposizioaren interesak ere ez dituzte kontuan hartu». Lavroven ustez, esanguratsua da oposizioko ordezkariek ere lasaitzeko deia egitea: «Egoera bere onetik irteten ari dela erakusten du».

Mendebaldeko ordezkariek protestekiko adierazi duten jarrera ere kritikatu du: «Halako zerbait Europan gertatzen denean, inork ez du zalantzan jartzen desordena publikoa eta indarkeria gelditzeko neurri gogorrak hartu behar direla». Ukrainarekin lotura diplomatikoak izan arren ordezkariak Kievera igorri dituzten gobernuei, berriz, arduragabekeria egotzi die, haien esku hartzeak istiluak okertzea eragin duela argudiatuta: «Gustu txarrekoa da, eta, bide batez, egoera larritu besterik ez du egiten».

Lavrovek gogora ekarri duenez, Errusiak proposatu izan die Ukrainari eta EBri Kieven lotura ekonomikoei buruzko hiru aldeko negoziazio saio bat egitea, baina Bruselak ez dio oraindik gonbidapenari erantzun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.