Emakumeen Nazioarteko Eguna

Hamar udaletik bitan baino ez dira emakumeak alkate Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Erakunde eta elkarteek dei egin dute andreen eskubideak aldarrikatuz bihar egingo dituzten ekitaldietan parte hartzera

Emakumeen enpleguaren alde atzo Bilbon egindako agerraldia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritatik bitan baino ez daude emakumeak alkatetzan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara ateratako agirian eman du datua Eudel Euskal Udalen Elkarteak. Gainera, gogorarazi du zinegotzien artean %40 baino ez direla andreak.«Kontua ez da %50era iristea, baizik eta kopuruetatik harago joatea. Auzitan jarri behar da udal politikan nagusi den eredua. Gizonen boterean eta buruzagitzan oinarritzen den eredua».Gizartean nagusi den ereduak ere emakumeak goi karguetara iristea zailtzen du, Eudelen arabera.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, Berdintasunerako Legearekin duen konpromisoa berretsi du, eta bat egin du biharko egunaren karietara antolatutako ekitaldiekin: «Gizarte justuago, bateratuago eta garatuago bat eraikitzeko estrategikoa da berdintasuna. Inoiz baino gehiago, gure herrialdeko gizon eta emakume guztien ahalmenak eta ezagutzak behar ditugu krisi ekonomikoa gainditu eta egungo gizartea hobetzeko». Berdintasun hori lortzeko oraindik asko dagoela egiteko onartu du, dena den: «Bidea luzea eta oinazeduna izango da».

Agiri bat onartu du Nafarroako Gobernuak ere. Bertan hitzeman du «beharrezkoak diren pertsonak eta baliabide ekonomiko nahiz teknikoak» jarriko dituela berdintasun lege berri bat sustatzeko eta garatzeko. «Alor eta politika guztietan bultzatu nahi ditugu berdintasuna eta genero indarkeriaren aurkako borrokak. Orain arte eman diren aurrerapauso guztiak kontuan hartzearekin batera, dauden erronkei helduko diegu. Emakumeen taldeen parte hartzea bermatuz egin nahi dugu».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, «egiturazko krisi bat» bizitzen ari dira Euskal Herriko emakumeak.«Aurtengo Martxoaren 8a feministek emakumeen aldesustatutako aldarrikapenaren eta erresistentziaren esparruan kokatu behar dugu». Berdintasun politikak blindatzeko konpromisoa hartu du, baita politikak ikuspegi feminista batetik planifikatzeko eta ebaluatzeko ere. Dei egin du mugimendu feministak antolatutako ekitaldietan parte hartzera.

Lan egoeragatik kezka

Krisiaren ondorioz emakumeek gizartean duten egitekoan atzera egin daitekeela ohartarazi du CCOO sindikatuak. Feli Piedra Gizarte Gaietarako arduradunak emandako datuen arabera, iaz 22.400 emakume geratu ziren lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Lan erreformak eragin handia izan du horretan. Emakumeak lan merkatuan zuen egoera okertu besterik ez du egin. Odol, izerdi eta malko asko isuri ziren berdintasunean aurrerapausoak emateko, eta orain atzera egiteko arriskua dago». Hori dela eta, lehentasunezkotzat jo ditu bihar egingo diren manifestazioak.

Enplegua defenda dezagun goiburu hartuta larunbatean manifestazioak egingo dituzte Iruñean eta Bilbon. Protestara deitu dutenenpresa batzordeek ere kezka azaldu dute emakumeak lan munduan duen egoeragatik. «Sektore prekarioetan lan egiten jarraitzen dugu, sistema kapitalistak eta patriarkalak hala ezarri duelako. Emakumeon lana osagarria den ideia iraunarazten ari dira. Alor publikoan hartutako erabakiak ere nabarmen ari zaizkigu eragiten».

Gizartea ikuspegi feministatik eraldatzeko helburua jarri du, berriz, EH Bilduk. «Gure jarduera politikoan ditugun aldarrikapenen artean jarri nahi ditugu zaintza eta etxeko lanak aintzat hartzea. Mozketak andreen eguneroko bizitza okertzen ari direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.