Erabakitzeko Eskubidea Ikertzeko Batzordea osatu dute Katalunian

Independentziari buruzko galdeketa egiteko aukera posible guztiak aztertzea izango da 11 parlamentarik osatutako taldearen lanaErabakitzeko eskubidearen aldeko ituna ez bezala, oraingoan PSCk ere babestu du

Samara Velte.
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuak osatu du ofizialki erabakitzeko eskubideari buruzko batzordea. Bost alderdi eta koaliziotako ordezkariak izango ditu, eta datorren urtean egitekoak diren galdeketa egiteko aukera posibleak aztertzea izango da haren funtzio nagusia. Orain arte erabakitzeko eskubidearen alde agertu diren talde politiko guztiek egin dute bat: CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek. Alderdi horiexek sinatu zuten duela bi aste eskas Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Ituna. Oraingoan, ordea, PSC ere batu zaio taldeari. Hark estututa, nabarmendu dute batzordeak erabakitzeko eskubidearen inguruko ikerketa koordinatuko duela, eta ez independentziaren ingurukoa.

Parlamentuko lantaldeek, normalean, alderdi guztietako ordezkariak izaten dituzte. Kasu honetan, ordea, kanpoan gelditu dira PP eta Ciutadans alderdiak, erabakitzeko eskubidearekin lotura duten auzi gehientsuenetan egin ohi duten legez. Lehenak alderdikeria egotzi die beste diputatuei, parlamentuko lantaldea «proiektu independentistetarako» erabiltzen dutela argudiatuta. Gainera, gaitzetsi egin du Nuria de Gispert legebiltzarreko presidentea izatea batzordeko burua, «parlamentu osoaren ordezkaria» delako. ICV-EUiAko Jaume Boschek erantzun dio:«Batzordea osatu dugun bost talde parlamentarioon artean, 106 diputatu gara: legebiltzarreko %80. Hura nahi ez dutenak, berriz, %20 dira. Errespetatu behar da %20 hori, baina hark ezin dio bere nahia inposatu %80ari. De Gispert andrea presidente izan dadin proposatu dugu, uste dugulako parlamentuak rol nagusia hartu behar duela galdeketa antolatzeko prozesuan».

Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek maiatzaren 8an onartu zuten lantalde bat osatzea. Egun horretan bertan, iritsi berria zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena: Kataluniako Parlamentuak urtarrilean onartutako Subiranotasun Adierazpena indarrik gabe utziko zuela, Espainiako Gobernuak hari jarritako helegitea aztertu bitartean. PPk eta Ciutadansek erabaki hura baliatu zuten batzordea ukatzeko, hura legez kanpokotzat jota. CiUk, ERCk, ICV-EUiAk etaCUPek ere erabili zuten, injustizia salatu eta halako batzorde baten beharra berresteko. PSCk ez zuen ezer esan burujabetza aldarrikapenaz, baina batzordea sortzea onartu zuen.

ERCk eta CiUk urte hasieran adostutako bide-orriaren arabera —zeinari geroago ICV-EUiA ere batu zitzaion—, urte amaierarako prest egon behar lukete Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa egiteko baldintzek. Galdeketa bera datorren urtean egitea da asmoa, baldin eta alde guztiek ez badute adosten hura atzeratzea. Azken hilabeteotan, horixe izan da CiUren eta beste alderdien arteko desadostasunak agerien utzi dituen auzia. CDC Convergencia Democratica de Catalunya, Artur Mas presidentearen ahotik, saiatu da haiek disimulatzen, baina UDC Unio Democratica de Catalunya koaliziokideak salatu du sarri: Josep Antoni Duran i Lleida UDCko eledunak esan izan du bere ustez atzeratu behar litzatekeela galdeketa. Masek aste honetan jakinarazi du uztaila amaitu baino lehen eskatuko diola Espainiako Gobernuari erreferenduma egiteko. Adostutako bide orriaren arabera, lehenbizi Madrilekin negoziatzeko aukera guztiak amaituko dituzte, legedi propioari heldu aurretik.

Gazteak, ziurrago

Batzordera batu diren alderdietako gazte erakundeek zalantza gutxiago izan dituzte elkartzeko garaian, eta autodeterminazioaren aldeko manifestu bat adostu dute. Kataluniak bere etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea duela diote bertan, «galdera eta erantzun argi batez».

Gainera, prozesu horretan 16 eta 18 urte arteko gazteen parte hartzea bermatu behar dela aldarrikatu dute. «Azken urteotan, handitu egin da gazteriaren eta instituzio politikoen arteko arrakala» diote agirian. Gazteek fedea galdu dute sistema politikoan: «Politikari askoren jokabideak zigorgabetasun eta opakotasun irudipena eman du». Kataluniako prozesu subiranistak «demokrazian sakontzea» ekarriko du, baina, horretarako, beharrezkoa izango da gazteen parte hartzea handitzea: «Gazte mugimenduak ere parte hartu behar du erabaki kolektiboetan».

Sei talde politikotako ordezkariek egin dute agerraldia parlamentuko atarian: CDC, UDC, PSC, ERC, ICV eta EUiAkoek. Parlamentu barruko eskema imitatuz bezala, PPko eta Ciutadanseko ordezkaririk ez zegoen tartean, baina agiria sinatzaile gehiago hartzeko prest dagoela nabarmendu dute besteek.

Lezio argia eman nahi izan diete nagusiei: ez da hain zaila ados jartzea. «Gazteriak beste urrats bat egin du akordioa bilatzeko, denok batera aurrera egin dezagun erabakitzeko eskubidean», esan du Gerard Gomez ERCko gazteen bozeramaileak. JPC ere, PSCko gazte erakundea, hura baino ziurrago agertu da agiria babesterako orduan: «Defendatzen duguna bat dator erabat PSCk defendatzen duenarekin. Gutxieneko akordioa bilatu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.