Beltzetik zurira egun bat dago

Bermeok irabazi du Euskadiko Txapelketa, nagusitasunez, eta bigarren sailkatuari, Kaikuri, hogeita bost segundo atera dizkioBigarren luzean hautsi du lehia garaileak, epaileak Kaiku bere kalera bidali ondoren

Bermeoko traineruko patroia eta arraunlariak, garaipena ospatzen, atzo, Lekeition. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Kirola etengabe ari da aukerak ematen. Galtzaileak berehala izaten du irabazteko modua, eta irabazlea tarte laburrean igaro daiteke galtzaile izatera. Horra kirolaren handitasuna. Kaikuk eta Bermeok atzo erakutsi zuten egoera aldaketa hori. Euskadiko Txapelketan, Bermeok irabazi zion Kaikuri. Herenegun, aldiz, Kaikuk San Miguel ligako lehen postua kendu zion Urdaibairi, azken hori epaileak kaleratu egin zuen eta. Igandetik astelehenera, Kaiku zuritik beltzera pasatu da, eta Bermeo edo Urdaibai, beltzetik zurira.

Itsasoan olatuak zeuden atzo, eta estropada ikusgarria egiteko aukera eman zuen naturak. Azkeneko txandan arraun egin zuten bi bizkaitarrak ziren faboritoak. Beste sei traineruen izenak ez ziren inon azaltzen. Ez zuten huts egin aurreikuspenek. Bete-betean asmatu zuten. Zaila zen huts egitea, egia esateko. Biek dituzte sekulako taldeak, eta Euskadiko Txapelketa daukate helburutzat, gainera. Ez ziren aldarte berean azaldu Lekeitiora. Kaiku moralez gainezka zetorren, bezperan liga nagusiko lehen postua lortu berritan, eta larunbatean Pasaian bandera aterata. Bermeo amorrazioz gainezka azaldu zen atzo. Igandekoak sekulako mina eman die, liga irabazteko aukera asko zaildu zaielako. Aldarte horien baitan sartu behar da, gainera, uretatik kanpo daukaten ezinikusia, Urdaibairen ustezko dopinaren auzia tartean dela. Hori dena zegoen atzo Bizkaitarra-ren eta Bou Bizkaia-ren tostetan. Horiek ere arraunean egin behar zuten atzo. Hitz batean esanda, buruaz ari gara. Buruko lanaz. Kirolean garrantzia daukan alor horretaz. Lehia psikologikoa handia izan zen atzo.

Epaileak bandera gorria jaitsi eta estropada hasi orduko askatu zituzten amorrazio, kezka eta ezinikusi guztiak arraunlariek eta patroiak. Geroxeago itzuliko ziren, baina aurreneko txanpa horretan arraunkada bakoitzean zizelkatu zituzten arraunlariek barruko egoera eta aldarte guztiak. Bizi-bizi ekin zioten biek. Elkarren alboan ziren, gainera: Kaiku lehen kalean, eta Bermeo bigarrenean. Itsaso zakarra dagoenean, kontuz ibili beharra dago brankaz joaterakoan, ura hartzeko arriskua handia izaten delako. Hartuko zituzten hartu beharreko neurri guztiak bi traineruetan, baina ez zeuden elkarri ezer barkatzeko. Ziztuan atera ziren. Beharko atera. Batak besteari aldea ematea zama astuna izan zitekeen. Arriskuak arrisku, behin baino gehiagotan joan ziren muturra altxatuta zutela bi traineruak, uretatik kanpo. Berriz ere ura ukitzean, ura sartu zitzaien barruan, baina hartu beharreko arriskua zen. Segundo biren baitan joan ziren biak, baina ikusten hasi zen Bermeo gai zela Kaikuren hasierako txanpa ikusgarri azkarrari eusteko. Eusteko bakarrik ez, baita aurrea hartzeko ere. Gero gertatuko zenaren adierazgarri zen.

Lehen ziabogan, bi segundo azkarrago izan zen Bermeo. Itsasoaren egoera ikusita, ez zen aldea. Bare dagonean ez bada aldea, atera kontuak zer den itsaso zakarrarekin. Estropada erabakitzeko momentua gertu zegoen. 700 bat metro falta ziren bigarren ziaboga egiteko. Kaiku Bermeoren parean jarri zen. Pare-parean, elkarren alboan. Gertu ziren batzuen arraunak eta besteenak. Igandean gertatua ikusle denen buruan azaldu zen. Epailea sartu zen bi ontzien artean, eta bandera zuria eskuan, Kaiku bere kalerantz bidali zuen. Haserre zen erabakiarekin Asier Zurinaga Kaikuko patroia, «estropada izorratu diguzu» esanez epaileari. Ez ziren hitz hutsalak. Estropada galdutzat jo zuen patroiak, aurrera begiratu behar izan zuelako Bermeo ikusteko. Ospa egin zion. Konturatzerako, hamabi segundoko aldea sartu zion Bou Bizkaia-k. Poparean, bizi zihoan; Bizkaitarra, aldiz, makal, ziurrenik epailearekin izandako eztabaida gogoan. Bigarren ziabogan, zortzi segundo aurretik zen Bermeo.

Hirugarren luzean, Kaikuk eutsi beharra zeukan nola edo hala. Itsasoa zegoen bezala egonda, ziabogako aldea txikia zen. Bazeukan itxaropenerako tartea. Are handiagoa egin zen, bost segundora ere murriztu zenean tartea. Estropada bizirik zegoen. Hirugarren ziabogan, zortzira igo zen tartea. Bazuen aukerarik Kaikuk. Baina traineruek buelta hartu eta zuzen jarri orduko, olatua hartu zuen Bermeok, eta aldea igo. Hortik aurrerakoan, urdin kolorea hartu zuen estropadak. Hamabi segundo, hamahiru, hamabost, hamazazpi... Garaile zirela bazekien Gorka Aranberrik, Bermeoko patroiak, eta arraun luzea utzi zuen, oraindik helmugako balizara heldu aurretik. Besoak altxatu zituen, lehorrean zeuden zaleei keinuak egiten hasi zen, garaipena ospatuz. Barruan daukaten amorrazioa, kezka eta aurkariarekiko ezinikusia berriz sartu ziren tostetan. Irabazi egin zuten, eta horrek sekulako poza ematen zien, baina Kaikuri irabaztea, eta halako nagusitasunarekin, apartekoa zen.

Hogeita bost segundora sartu zen atzoko galtzailea. Zurinagak atzera begiratu zuen, berriz ere epailea ahotan hartuta. Berriz ere esango zion, ziurrenik, «estropada izorratu diguzu». Mutu zegoen ontzia. Egun batetik bestera, irabazle izatetik galtzaile izatera igaro ziren. Bermeokoak gertu ziren, eta han bestelakoa zen aldartea. Garaile ziren berriz, hogeita lau ordu pasa lehenago galtzaile handi sentitu eta gero. Kirolaren handitasunari esker, egun bateko tartea dago beltzetik zurira. Hemendik aurrerako bien arteko lehiak ere izan daitezela kirolaren barrukoak, edozein izanik galtzaile edo irabazle.

Getaria-Tolosa ere txapeldun

Gizonezkoen lehiaren aurretik, emakumezkoena jokatu zen, eta faboritoak ez zuen batere arazorik eduki irabazteko. Getaria-Tolosak aise irabazi zuen. Lehen txandan egin zuen arraun, Bilboko Erremolariak alboan zuela. Erlojuaren aurkako lehia bezalakoa egin behar izan zuen geroko garaileak. Hasi eta buka nagusi izan zen, nahiz eta atzo ere, larunbatean Pasaian bezala, ziaboga txar-txarra eman. 34 segundo atera zizkion Bizkaiari. Bigarren txandakoen denborak zaindu beharra zeuzkan, batez ere Zumaiarena eta San Juanena. Baina Zumaiaren arriskua berehala uxatu zen, oso irteera txarra egin zuelako. San Juan ere ez zen ari Getaria-Tolosaren denbora hobetzen, eta ezta Orio ere. Ezustea Bizkaiak eman zuen, hirugarren eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.