Iraganak ez du arraun egiten

Orio azkena izan da etxean, eta Camargok aurrea hartu dio San Miguel ligan; bi puntu atzetik da, eta gaur dute azken estropadaTiranek irabazi du bandera, San Juanen eta Hondarribiaren aurretik

Orioko trainerua, ahalegi betean, atzo, etxean jokatutako San Miguel ligako estropadan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Historia horixe besterik ez da: historia. Edozein jardunetan, egunero erakutsi behar da zertarako gaizaren. Izan zaitezke iraganik onena duzuna, baina gaur ere onena zarela erakutsi behar da. Lehenaldian lortutako garaipenek eta omenaldiek ez dute ezertarako balio orainaldian. Orio da arraun munduko klub handiena. Loria besterik ez du inguruan. Irabazitako banderak zientoka ditu, eta Kontxan ere ez du parekorik palmaresean. Baina aurten kale egin du. Nabarmen egin ere. Horregatik da azkena San Miguel ligan, eta horrexegatik du oso gertu maila galtzeko arriskua.

Iragana ez da arraunlaria. Loriak ez daki zer den oraina. Atzo, herriko estropadan, azkena egin zuen, eta Camargok aurrea hartu dio ligako sailkapenean. Puntu bat aurretik ziren etxekoak lehiaren aurretik, eta bi atzetik bukatu zuten lanak amaitu eta gero. Gaur amaituko zaie liga beheko lau sailkatuei, eta gaur erabakiko da zein den azkena eta zein azken aurrekoa. Castroko estropadak emango du azken epaia (12:00), eta itxura onik ez dauka auziak Oriorentzat. Gaur, Camargori irabazi eta beste ontzi bat ere sartu behar du, gutxienez, bien artean. Azken estropadetako emaitzek ez dute itxaropenik ematen. Alferrik da atzera begiratzea, alferrik da pentsatzea iragan loriatsuena duela. Horrek denak ez du gaur arraunean egingo. Aurtengo kuadrilak egin beharko du lana, eta beraien eskuetan dago klubaren historiako kolperik handiena ez hartzea.

Atzo hartutakoari segida emango lioke gaur ere emaitza txarra izango balu. Eta aurreko asteetan hartutako guztien jarraipena litzateke. Zaleen aurrean ere ez zuten asmatu atzo. Hasiera-hasieratik, gainera. Itsasoa mugitua zegoen, eta lehen ziabogako atzerapena ez zen handia. Camargo lau segundo zen aurretik. Bigarren luzean, ordea, itxaropen denak zapuztu ziren. Hamabost segundoko aldea zegoen bien artean. Txikituz joan beharrean handituz joan zen, eta hemeretzira igo zen hirugarren ziabogan. Garbi zegoen Camargo Orioren aurretik sartuko zela.Etxekoen helburuak izan behar zuen beste traineruren bat ez sartzea bien tartean. Baina Zumaiak aurrea hartu zion Oriori azken bi luzeetan. Bigarren txandan gehiago okertu zen egoera, San Pedro ere Camargoren eta Orioren artean sartu zelako. Batuketak eginda, emaitza ezin txarragoa izan zen Oriorentzat: hiru puntu jan zizkion Camargok, eta bi atzetik da orain historiako klubik handiena. Gaur du azken aukera egoera iraultzeko.

Galiziarren abisua gauzatu da

Iraultza banderaren lehian ere izan zen. Aurtengo ligan alerik irabazi gabe zegoen batek astindu zuen trapua: Tiranek. Bigarren txandan egin zuen arraun, eta aurreko bi larunbatetan bezala, aise irabazi zien aurkariei. Azkeneko txanda falta zen, eta horretan ere iraultza gertatu zen. San Juanek eta Hondarribiak aurrea hartu zieten Kaikuri eta Urdaibairi. Ikusgarria izan zen estropada. Poparean gozatu ederra hartu zuten zaleek. Azken luzea zirraragarria izan zen. San Juan zetorren aurretik, eta Hondarribia bigarren, sei-zazpi segundora. Olatu pare bat hartuta, berdindu egin zen lehia, eta buruz buru sartu ziren, San Juan aurretik zela. Baina behin utziko atzean Bizkaiko biak, eta ezin bandera irabazi. Galiziara joango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.