Albistea entzun

Lege berriak kaleratzeak areagotu dituela salatu dute etxeko langileek

Kasu askotan Gizarte Segurantzan izena ematearen truke soldatak jaitsi dizkietela dio ELEk

Lander Muñagorri Garmendia -

2012ko uztailak 6 - Bilbo

Etxeko langileek urte hasieratik daukaten arautegi berriaren balorazio «gazi-gozoa» egin du Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ELE). Liz Quintana elkarteko kideak onartu duenez, arautegi berriak «aurrerapausoak dakartza kolektiboaren eskubidearentzat». Duela gutxi arte ez bezala, esaterako, etxeko langileei lan istripuak eta gaixoaldiak kobratzeko aukera onartzen zaie. Eta enplegatzaileak langilearen izena eman behar du Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean.

Baina balorazio positiboa hor amaitzen da. Legedi berriaren ondorioz, kaleratzeak areagotu, eta lan baldintzak kaskartu egin direla salatu baitu Quintanak: «Enplegatzaileak Gizarte Segurantzako gastuei aurre egitearen truke, kasu askotan soldatak jaitsi dizkie langileei». Eta kaleratzeek ere ildo horretatik doaz. «Kaleratzeko arrazoirik gabe, enplegatzaile askok langileak bota, eta berriak kontratatu ditu lan baldintza kaskarragoetan».

Etxeko langileen artean, ordutegi jarraitua ez daukatenak kinka larrian geratu dira arautegi berriaren ondorioz, Quintanaren arabera. Orain arte euren gain hartzen zuten Gizarte Segurantzan izena emateko ardura. «Urte luzez ahalegin bereziak egin dituzte kotizatu ahal izateko, eta, orain, euren erretiro saria arriskuan ikusten dute». Izan ere, Gizarte Segurantzan izena emango dien enplegatzaile bat bilatu behar dute langileek, «eta askotan onartezinak diren lan baldintzak onartu behar izan dituzte horretarako».

Sektore honetan, gainera, atzerritarren kopurua handia da, «ezinbestekoak, dira sistemak funtziona dezan». Eta euren egoera erregularizatzeko edozein baldintza onartu beste erremediorik ez dute izaten askotan, Quintanak dioenez. «Hipokrisia soziala da, beharrezkoa den eskulana erabiltzen baitugu mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, eta ordainetan ez dute legearen babesik».

Horregatik, eskaera zuzena egin dio ELEk Lanbide enplegu zerbitzuari: laneratzeko zerbitzu publikoak bultza ditzala. Orain arteko kolokazio agentzia pribatuen «gehiegikeriak» saihesteko, etxeko langileen bitartekari izan dadila eskatu du Quintanak. Izan ere, «Mendekotasun Legeak ez ditu laguntza behar duten pertsonen beharrak asetzen» eta, horregatik, emakume askok ezkutuko ekonomiara jotzen dutela gogorarazi du.

Etxeko langileek, beraz, egoera zailean jarraitzen dutela ohartarazi nahi izan du ELEko kideak. «Etxeko langileen egoera hobetu bada ere, gainerako sektoreekin alderatuta, egoera okerragoan gaude, Espainiako Gobernutik aurkakoa saldu nahi duten arren», Quintanaren esanetan. Eta araudiaren bi lan baldintza gogorarazi ditu horretarako: legediak astean 60 orduko lanaldiak onartzen dituela, eta soldatak %30 arte jaits daitezkeela, langileak etxean otorduak egin, edo gauak bertan pasatzen baditu. Urte hasieran indarrean jarritako araudiak, beraz, «hutsune ugari» dituela salatu du.

Bulegoetan, bitarteko gutxi

Etxeko langileen legedi berriaren inguruan ELEk egiten duen irakurketa kritikoa, ordea, ez da edukira bakarrik mugatzen. Horiek indarrean jartzeko garaian, Espainiako Gobernuak bitarteko gutxi jarri dituela salatu baitu Quintanak. «Araudi berriaren inguruko xehetasunak jakiteko, enplegatzaile eta langile ugari joan dira Gizarte Segurantzako bulegoetara, baina haietako funtzionarioek ez zeukaten behar adinako informaziorik».

Ondorioz, kontsultak egitera, ELEra bidali dituzte. Eta datuek jarrera hori erakusten dute: 2011n 241 langile hartu zituzten elkartean, eta 2012ko lehen seihilekoan, berriz, 312. Horiez gain, 449 kontsulta erantzun dituzte telefono bidez. 761 guztira. «Erakundeek jendea salduta utzi dute», salatu du Quintanak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zentral eoliko bat Yanchengen (Txina). 2025. urtean Txinarena izango da munduko energia eskariaren heren bat. ©ALEX PLAVEVSKI / EFE

Hiru urte barru berriztagarriak izango dira munduko argindar iturri nagusia

Paulo Ostolaza

Ikatza gaindituko dute, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Datozen hiru urteetako eskariaren igoera ere energia berriztagarriekin eta nuklearrarekin aseko da ia erabat.

LAB sindikatuaren mobilzazioa, asteazken honetan ©Guillaume Fauveau

LABek pentsio sistema propioa aldarrikatu du

Berria

Manifestazioa egin du Hendaia eta Irun artean. Euskal Herriko alderdi politikoak deitu ditu Madrilen eta Parisen murrizketa gehiago ez onartzera. Frantziako sindikatu nagusiek beste mobilizazio egun bat antolatu dute hilaren 16rako.

Novaltiako eta Vulcanizados Zuloagako grebalariak protestan, Lan Ikuskaritzaren Bilboko egoitzaren atarian. ©ELA Bilbo

Enpresen «konplize» izatea egotzi diote Novaltiako eta Vulcanizados Zuloagako grebalariek Lan Ikuskaritzari

Iñaut Matauko Rada

Ikuskaritzaren egoitzaren atarian elkarretaratzea egin dute grebalariek. Greba eskubidea «etengabe» urratzen zaiela gogorarazi dute.

Javier Remirez Nafarroako Funtzio Publikoko kontseilaria. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Gobernuak baztertu egin du bere langileei soldata gehiago igotzea

Iker Aranburu

«Baliabideak mugatuak dira», argudiatu du Javier Ramirez Funtzio Publikoko kontseilariak. Soldatak inflaziora parekatzea da hilaren 15eko grebaren eskakizunetako bat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...