2014an izango da galdeketa

Kataluniak autodeterminaziora bidean «gobernu egonkorra» behar duela iritzita, ERCk Mas babestuko du ostiraleko saioanGaldeketaren eguna atzeratzeko bi aldeen oniritzia beharko dutela adostu dute

Samara Velte.
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Egin dute akordioa Convergencia i Uniok eta Esquerra Republicana de Catalunyak: Kataluniaren autodeterminazioari buruzko erreferenduma 2014. urtean izango da, eta soilik bi aldeek adostuta atzeratu ahal izango dute. Trukean, Esquerrak Artur Mas presidentea babestuko du ostiraleko inbestidura saioan; Convergencia i Unioko hautagaiaren aldeko botoa emango duen alderdi bakarra izango da. Atzo arratsaldean eman zuen itunaren berri Oriol Junqueras ERCko zerrendaburuak, Masekin bildu ostean; haren arabera, Kataluniako herritarrek «bermatuta» izango dute Kataluniaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea. Burujabetzarako prozesua aurrera eramateko, «gobernu egonkorra» behar dela defendatu izan dute bi aldeek; hori bultzatzeko, trantsiziorako batzorde bat sortzea hitzartu dute.

Pozik agertu da Junqueras, CiUk politika ekonomiko eta sozialetan ere aldaketak egitea onartu duelako. «Akordio orokorra lortu dugu, eta erabateko adostasuna daukagu galdeketaren inguruan; hor geneuzkan zailtasun handienak». Zehazteke gelditu diren «xehetasun txikiak» gaur goizean argitzeko asmoa dute. Agerraldi ofiziala eguerdian egingo dute; bertan emango dute akordioaren zehaztasunen berri.

Harea erlojuari aleak amaitzen ari zitzaizkion. Parlamentua osatu eta hamar egunen buruan aukeratu behar da presidentea, eta herenegun izendatu zituzten legebiltzarkideak. Masek ERCren babesa behar du berriz presidente izateko, eta biek hurrengo gobernurako akordioa itxita utzi nahi zuten bozketaren aurretik. Ostegunean hasiko da presidentea hautatzeko saioa Kataluniako parlamentuan, eta ostiralean egingo dute bozketa.

Nuria de Gispert parlamentuko presidentea atzo bildu zen banan-banan legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileekin, ostiraleko saioaz hitz egiteko. Soilik ERCkoak hitz eman zion Mas babestuko duela; gainontzekoek uko egin diote aukera horri. Dena den, atzo arratsaldeko zortziak arte itxaroteko eskatu zien Gispertek bozeramaileei, ordurako akordioa itxita egon zitekeela iradokiz.

Azaroaren 25eko bozetan CiUren agintea Esquerraren menpe gelditu zenetik —Masen alderdiak bozak irabazi zituen, baina ez zuen esperotako gehiengo osorik lortu— negoziatzen aritu dira bi aldeak. Emaitzak jakin eta gutxira, gobernua koalizioan osatzeari uko egin zion ERCk; Masek erreferenduma antolatzeko konpromisoari eutsiz gero, bide horretan babestuko zuela iragarri zuen, ordea.

Ostiralean akordioa lortzear zirela bazirudien ere, bart arratsera arte ez dute itxitzat eman. Azken egunotan, gutxi falta zela iradoki dute alde bateko zein besteko ordezkariek: Masek iragan astelehenean sinatu zuen parlamentua osatzeko dekretua, eta Junquerasek ostiralean esan zuen arlo ekonomikoan gehiena adostuta zegoela, baina galdeketaren inguruko xehetasunak zirela zalantzak sortzen zituztenak. 2015a baino lehenago izatea adostuta zeukaten, baina baldintza zehatzik hitzartu gabe, eta idatzizko konpromisorik gabe.

Mas babestearen truke, politika ekonomiko eta sozialak ere atera dituzte mahai gainera negoziazioetan; besteak beste, fiskalitatea eta estatu egiturak. Atzo bertan, bankuen gordailuei zerga berezi bat jarriko diela iragarri zuen Kataluniako Gobernuak; ERCren eskaeretako bati kasu egin dion seinale.

Datekin dantzan

Negoziazioen hasieran, Esquerrak 2013rako eskatzen zuen Kataluniaren autodeterminazioari buruzko galdeketa; 2014an izango dela adostu zutenetik, gutxienez data zehatz bat emateko eskatu dio CiUri. Atzo, Junquerasek ez zuen aditzera eman halakorik adostu dutenik, baina galdeketa atzeratzekotan, bi aldeen oniritzia beharko dute, eta hori bada bermea ERCrentzat.

Asteburuan adierazi zutenez, galdeketaren aurreko tramiteak 2013an egingo dituzte: lehenik eta behin Espainiako Gobernura joko dute erreferenduma negoziatzera. Madrilek kalabazak ematen badizkie, Europako Batzordera jotzeko aukera aztertzen aritu dira, Francesc Homs Governeko bozeramaileak egindako txosten bat oinarri hartuta. Horren arabera, Kataluniako Legebiltzarrak galdeketetarako lege bat onartuko luke, eta parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko ekintza sinboliko gisa egingo lukete galdeketa, Espainiaren betoak Europako Batasunaren Ituneko bigarren artikulua urratzen duela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.