Katalunia. CiUren eta ERCren akordioa

Erronka handietarako garaia

CiUk eta ERCk galdeketa 2014an egiteko akordioa izenpetu dute, eta dei egin diete alderdiei parte har dezaten prozesuan«Azken hiru mendeotako operazio nazional handiena» dute aurretik, Masek dioenez

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Etorkizuna erabakitzeko planari lehen harria jarri diote Kataluniako Legebiltzarrean. Erronka zailen eta handien garaiak izango dira datozen bi urteak: herrialdean duten une historikoaren mailakoak izan beharko dute erabakiek, instituzioetan eta handik kanpo gehiengo handiak bilatu beharko dituzte, hitzarmen adostuak. Barne arazoak eta kanpotik erasoak jasango dituzte, baina 2014an etorkizuna herritarren eskura jartzeko ahalegin guztiak egingo dituzte CiUk eta ERCk, gobernagarritasun egonkorra bermatzeko akordioaren bitartez. Horixe atzo, laburbilduz, Artur Masek eta Oriol Junquerasek legebiltzarreko bi alderdi nagusien izenean emandako mezua. Atzo «egun historikoa»irudikatu zuten bezperan hitzartutakoa izenpetuta. «Momentua iritsi da», Masen ustez.

Masek eta Junquerasek, biek nabarmendu zuten atzo legebiltzarrean —non gaur bertan Mas presidente izendatzeko inbestidurarako eztabaida hasiko duten— , gainerako alderdiek prozesuan parte hartzeak duen garrantzia. Hitzarmenarekin bat egin ez, baina autodeterminazio eskubidearekin ados dauden alderdiei dei egin diete bereziki parte har dezaten.

«Alderdi guztiak gonbidatzen ditut prozesura batu daitezen, eta kontra jartzen direnei eskatzen diet, ez dezatela hori egin Kataluniako eskubideak ukatzearen kontura», ohartarazi du Masek. Junquerasek, berriz, hauxe erantsi dio: «Helburua soilik lortuko dugu herritar gehienen konpromisoa lortzen badugu», eta dei jakin bat egin die CUP eta ICV alderdiei, sindikatuei eta eragile sozial eta kulturalei; besteak beste, UGT, CCOO, CECOT, Pimec, Omnium Cultural, AMI eta ANCri.

«Azken hiru mendeetako operazio nazional handiena» dute aurretik, Masek deitu bezala estatu propioa eraikitzeko lanari, baina ez da eginbehar garrantzitsu bakarra: ezin dira ahaztu krisi ekonomiko handia eta Kataluniako Governen jarduera eta ongizatearen estatua baldintzatzen dituen finantza publikoen krisia; ezin dira bereizi jarduera ekonomikoa eta nazionala. «Makrooperazio» hitzean jarri du enfasia: «Krisia gainditu, eta katalanei etorkizun hobea eta baketsua eskaini behar dizkiegu».

Luze jo dute atzo zinpetutako konpromisoen negoziazioek, etazailagoa izango da, aurrerantzean praktikara eman beharrekoetan bat egitea, baina atzokoa jende askok aspaldian espero zuen eguna da, Masen ustez: «Denbora askoan jendeak une hau iristearekin amestu zuen. Eta unea heldu da. Kontrario asko izango ditugu, oso boteretsuak, eskrupulu handirik izan gabe ekiten dutenak. Kataluniako gizarteak horretaz kontziente izan behar du».

Joan den azaroaren 25ean hauteskunde autonomikoetan herritarrek adierazitakoak kalean mantendu behar duela uste du jarduneko presidenteak. «Erresistentzia gaitasuna» egon behar du, eta «gehiengo handiak eraiki».

Erreakzioak

CiUk eta ERCk egindako akordioa konplexua izango dela, hala ere, lehen egunetik agerian utzi dute Unio eta CDCren arteko tirabirek. Josep Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari nagusiak altxa du eskua esanez, akordioa ez dagoela itxita, oraindik xehetasun ekonomikoak egin behar direlako, eta horiek gabe, ez dagoela beste edonolako akordiorik. Harago, galdeketaren inguruan esandakoek sortu dute zalaparta: «Argi geratu behar zaio ERCri edozein galdeketak legezkoa izan behar duela».

Kataluniako gainerako indarrek ere zeresatekorik badutela eta, ez dute itxaron akordioari kritikak egiteko. Galdeketaren alde daudenen artean, ICVrentzat, akordioaren bidez galdeketasinatzaileena egin dute, eta erabakitzeko eskubidea «txikiagoa eta baztertzailea» izatea ahalbidetu dute. Murrizketa ekonomikoak, berriz, «denon artean banatu» dituzte. «Kataluniak ezin dio hitzarmen horri eutsi».

CUPen kritikak beste alde batetik joan dira. Galdeketari buruzko konpromiso zehatzagoak nahi dituzte, besteak beste, kontsulta bete beharrekoa izatea —sinbolikoan geratzeko arrisku handia dauka—. Kalera atera beharraz ohartarazi du, irailaren 11koa bezalakoak egitea, herritarrek presio egiteko.

PSC, berriz, atsekabetuta dago ERCk eta CiUk parlamentua «lerro artifizial» baten bidez banatu nahi izan dutelako. PPCrentzat Masek biderik okerrena hartu du, eta Ciutadansentzat «ekaitz perfektua da» akordioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.