Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Etorkizuna «Chavez gehiago» izango dela agindu dute Caracasen

Chavezi hil kaperan azken agurra eman ahal izateko bildu den jendetza ikusita, beste zazpi egun luzatu dute hura ikusteko aukeraGutxienez 22 agintari eta 54 goi kargudun joango dira gaur hiletara

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Venezuelako historian inoiz izan den jendetza pilaketa handienetakoa izan zen atzokoa, handiena ez bada. Hugo Chavez presidenteak bizirik zela antolatzen zituen protesta jendetsuenetan baino gehiagok jo zuten Caracasera atzo. Milioika herritarrek, hiriburutik urrun bizi izanda ere, Akademia Militarrera gerturatu nahi izan zuten beren liderra agurtzera. Zazpi kilometro baino gehiagoko ilaran, urratsez urrats, bederatzi ordu baino gehiago. Uholde hori ikusita, Nicolas Maduro jarduneko presidenteak iragarri du «gutxienez» beste astebete luzatuko dutela hura ikusteko aukera, «herritar guztiek ikusi ahal izan dezaten, inolako mugarik gabe». Gorpua baltsamatu egingo dutela ere iragarri du.

Tristura nabaria zen, baina kantua beti presente, leloak oihukatuz igaro zuten dolu eguna, bigarrena. «Chavez denok gara», «Ez da Chavez bakarra egongo, asko baizik», «Herrian bizirik jarraitzen du», liderra ikusi zain egondakoen aldarrikapenak ziren horiek. «Chavezek jarritako lana aurrera eramateko milioika gara».

Denok gara Chavez eta tankerakoak hauteskundeetako kanpainaren iragarleak dira. Ofizialki bozetara deitu ez duten arren, agintari guztiek buruan dute, baita herritarrek ere. Chavezek «erabateko hutsunea» utzi zuela esanez gero, 30 egun dauzka gobernuak hauteskundeetara deitzeko, eta iragarpena egiten duen egunetik 45 eta 60 egunen artean izango dira, Hauteskundeen Batzorde Nazionalaren arabera, bozak prestatzeko behar duten denbora. Bero daude motorrak, hala ere, eta gobernuak Chavezen heriotza zuzenean eta etengabe emanez egiten ari den kanpaina salatu du oposizioak.

Venezuelako Atzerri ministro Elias Jauak herri bolivartarra ematen ari den erantzuna proiektuaren jarraitu beharrarekin lotu du. «Hunkigarria» dela uste du buruzagiaren alde egunotan erakusten ari dena. «Bihotzez dago berarekin, baina, era berean, proiektuarekiko konpsomisoa erakusten ari da». Chavezek aldarrikatu zituen guztiak daude Caracasen, Jauaren arabera: «Gizon eta emakume xumeak, langileak, nekazariak, indigenak. Chavezek babestu zituenak, Chavezek aldarrikatu zituenak, Chavez komandante presidenteak ikusarazi zituenak, hemen daude, amaiera arte laguntzen zeina hasiera dena, bere pentsamenduan, bere idealetan idatzitako legatu baten hasiera». Jauaren ustez,«herritarren leialtasunak egin zuen Chavez garaiezin hiltzea».

Kanpaina

Komunikazio ministroak ere proiektuaren segidaz hitz egin du. Ernesto Villegasek uste du Chavezen ondoren «Chavez gehiago» egongo dela, eta herritarrek hori «oso argi» daukatela. Chavez fisikoki joanda hura desagertuko dela pentsatzen dutenak «oso oker» daude, hemendik 50 urtera gazteek Chavezen irudia elastikoetan itsatsirik eramango dutela, errebeldia erakusteko.

Herenegun Nicolas Maduro Chavezen ordezkoak batasun nazionalera deitu zuen, eta Villegasek ere hori eskatu du, eta gaineratu komandanteak indarkeriaren erabilerarik gabe egin zuela aurrera iraultzarekin, eta orain ere horrela izan behar duela. «Dena konstituzioaren barruan» egingo dela esan du, eta «ezer ez handik kanpo».

Konstituzioari buruzko aipamena oposizioak egindako kritikak erantzutera dator, haren ustez, Chavez Madurok ordezkatzea konstituzioa ez errespetatzea baita. Diosdado Cabellori dagokio MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiaren ustez eginkizun hori, eta presidente izanda ezin dela hautagai izan ere gaineratu du. Kritika horrez gain, armada Chavezen alde lerratzea ere salatu du.

Oposizioak ez du jakinarazi ofizialki nor izango den hauteskundeotarako hautagaia, baina Reuters berri agentziak oposizioko bi iturri aipatuz esan du Henrique Capriles Radonski Mirandako gobernadorea izango dela. Ramon Guillermo Aveledo MUDeko presidentea eta Antonio Ledezma Caracasko alkatea ere ez dituzte baztertzen.

Urriaren 7ko hauteskundeetan Caprilesek egindako lana kritikatu dute MUDeko buruzagi batzuek, zama gehiegi hartu zuelako —botoen %44,39 eskuratu zituen Chavezen kontra—, eta kritika horiei erantzunez, Caprilesek «logikoa» dela erantzun du, baina garrantzitsuena herritarrek bera nahi izatea dela. Oposizioari botoa emango lioketeenek Capriles nahi dute, Datanalisis etxeak egindako azken inkestaren arabera. Galdetutako %74k egin dute haren alde.

Iazko otsailean hartu zuen oposizioaren gidaritza nazionala Caprilesek, primarioetan bost hautagairen artean %63, 9rekin gailendu zenean.

Hugo Chavezen kontra iazko urrian galduta ere, lehen aldia izan da oposizioak nabarmentzeko moduko emaitzak jasotzen dituena. Chavezen nagusitasuna gelditzeko erabakia hartuta sortu zuten MUD hogei bat alderdik. Denetarik dago han. Chavezekin haserre mugimendutik atera zirenetatik hasi eta eskuin muturreraino, Chavez eta chavismoa boteretik kentzeak batuta.

Oposizioak 2005ean ikasi zuen legebiltzarrari egin zion boikotarekin porrot egin zuela. Hain justu, botere osoa presidentearen esku jarri zutelako. Oposizioa banatuta zegoen orduan, baina bilera saio asko eta ehun puntu zabalen inguruan batuta, 2010eko legebiltzarra izan zen abiapuntua.

Oposizioaren programa, ordea, Hugo Chavezen gobernuaren zutabeetan oinarritzen da, haiek nola erorarazi egiten dituzte proposamenak, arlo sozialean izan ezik, ezin baitute ukatu politika sozialen arrakasta. Inhabilitazioa, botere banaketa, armadaren independentzia, segurtasunaren deszentralizazioa, komunikabideak, petrolioa, lurren jabetza eta atzerri politikak dira programaren puntu indartsuenak, eta denetan gobernuaren «gehiegizko boterea» murrizteko asmoa agertzen da.

Orain, hauteskundeotan batasuna irudikatuko badute ere, alderdien botere banaketak arazoak sortu ditu bere barruan, talde heterogeneoegia delako, proiektu bateratua proposatzeko. Otsailaren 24tik bileratan dira hauteskundeei begira estrategia markatzen, eta aurki emango dute horren berri. Dena den, zaila izango du Chavezek utzitako miresmena berera ekartzea.

Hileta eguna

Kanpainaren oihartzuna hortxe, Caracasen mundu bat espero dute gaur, Hugo Chavezi egingo dioten hiletan —10:00etan izango da, Euskal Herrian 15:30ean—.22 estatu edo gobernuburuk baieztatuta daukate han izango direla, eta 54 ordezkaritzetako goi kargudunak. Elias Jaua Atzerri Ministroak denei eskerrak ematearekin batera, nabarmendu du azken agurra ematera joandakoen artean, ideologikoki muturrekoak diren herriak daudela. «Chavez denentzat izan da garrantzitsua».

Ordezkari guztien buruan, Latinoamerikakoak egongo dira: Evo Morales, Rafael Correa, Cristina Fernandez, Jose Mujica, Dilma Rousseff, Juan Manuel Santos eta Daniel Ortega,besteak beste. Luiz Inacio da Silva Lula ere egongo da, «lagun moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.