Hugo Chavez Venezuelara itzuli da

Atzo goizean iritsi zen presidentea Caracasera, eta Carlos Arvelo ospitale militarrean segituko du tratamenduaDatozen egunetan emango dute agintariaren osasun egoeraren berri

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Aberri venezuelarrera heldu gara berriz. Eskerrak Jainkoa nirea. Eskerrik asko, herri maitea. Hemen jarraituko dugu tratamendua». Twitterren mezu hori eta esker oneko beste bi idatzita eman zuen Hugo Chavezek atzo itzuleraren berri, iazko abenduaren 11n Kuban operatu eta bi hilabete baino gehiago han igaro ondoren. Iritsieraren irudirik edota adierazpenen grabaziorik egon ez bada ere, Nicolas Maduro presidenteordeak baieztatu zuen Venezuelako presidentea Caracasera 02:30ean iritsi zela —Euskal Herrian 08:00—, eta berehala Carlos Arvelo ospitale militarrera eraman zutela, medikuen tratamenduarekin jarraitzeko. Mundua Venezuelara begira jarri zen goiz-goizetik.

Ospitaleko gela batean dago senideek eta gobernuko hainbat kidek lagunduta, Kuban «operazioaren osteko bataila osoan» presidentearekin izandako medikuen taldeak zainduta, Madurok azaldu duenez. Ez dute haren osasun egoerari buruzko azalpenik eman nahi izan, «datozen egunetan» emango dituztelako xehetasunak. «Oso pozik» dago komandantea etxera itzuli delako, eta«etengabeko borrokaren adibidea» dela ziurtatu du. «Hemen daukagu bera Caracasen, gure Caracasen, gure Venezuelan, hemen dago bera, gure komandantea». Venezuelarrak mobilizatzera deitu ditu Madurok, agintariarekin daudela erakusteko, baina eskatu die ez daitezela ospitalera gerturatu. Atzo, albistea jakin bezain laster,herritarrak kalera atera ziren, eta ospitalearen ingurura jendetza gerturatuz joan zen, baita Venezuelako eta nazioarteko kazetari asko ere.

Chavezek ospitale horretan egin zituen hainbat egun 2011ko abuztuan, kimioterapiaren hirugarren zikloa jasotzeko. Hain justu, urte hartako maiatzean diagnostikatu zioten minbizia, eta Kuban egin diotena laugarren operazioa izan da. Ebakuntza abenduaren 11n egin zioten, eta bezperan eman zuen bere egoeraren larritasunaren berri, pelbisaren inguruan zelula txarrak aurkitu zizkiotela eta. Zer gerta ere, Nicolas Maduro izendatu zuen bere ordezko.

Joan den urrian 7an hauteskundeak irabazi ondoren, karguaren zina urtarrilaren 10ean zen egitekoa, baina ezin izan zuen. Botere hutsunea argudiatuta oposizioak hauteskundeetara deitzeko eskatu bazuen ere, Venezuelara itzultzen zenean Asanblea Nazionalaren aurrean karguaren zina egiteko bidea zabaldu zion Auzitegi Gorenak. Orain, ikusteko egongo da karguaren zina egiteko moduan izango den. Orain hori da venezuelarren artean hizpide.

Presidenterik gabe gobernurik ez dagoela salatu du oposizioak, Madurok gidatutako taldea ez dela ezer egiten ari. Atzo, Henrique Capriles oposizioaren buru eta Mirandako gobernadoreak ere gauza bera esateko baliatu zuen albistea. Presidenteari «ongietorria» egin ondoren, gobernuan «zentzutasuna» jar dezala eskatu zion: «Espero dezagun presidentea itzulita Maduro jauna eta ministroak lanean hastea. Milaka arazo daude konpontzeko».

Itxaronaldi luzea

Presidentearen osasun egoera larria dela-eta abenduaren 10ean Kuban operatu behar zutela esan zuenetik, joan den ostiralekoak izan ziren erakutsi dituzten argazki bakarrak—bi alabaren ondoan eta Granma Kubako egunkaria irakurtzen ateratako irudiak kaleratu zituzten—. Hari buruzko informazioa gobernuak osasunari buruz emandako adierazpenetara mugatu dute, ez dute frogarik erakutsi, eta agerraldirik eza heriotzarekin ere lotu izan du oposizioak. Atzo bertan,Venezuelara goizaldean eta ezkutuan itzuli izana salatu zuen, hari buruzko informazio zehatza eskatzearekin bat.

Diosdado Cabello Asanblea Nazionaleko presidenteak salatu du «oposizioak presidenteari buruz albiste txarrak soilik nahi» dituela. Legebiltzarreko buruak azaldu du operazioaren ondorengo lehen fasea amaitu duela Kuban, eta gobernuak egindako plangintza betetzen ari direla pentsatu bezala.

Fidel Castro izan da agintariaren itzuleraz mintzatu den lehenetakoa, eskutitz batean: «Horrenbeste maite duzun lur zati amerikarrera itzuli zarela jakiteak betetzen nau, horrenbeste babesten zaituen herrira». Castroren arabera, «beharrezkoa» izan da «itxarote luze eta estugarria».

Chavezek, bere itzulera iragartzearekin batera, eskerrak emateko ere idatzi zituen beste bi mezu. «Eskerrik asko Fideli, Rauli eta Kuba osoari. Eskerrik asko Venezuelari, horrenbeste maitasun emateagatik». Hori izan da bat, eta hau bestea: «Jainkoari lotuta jarraitzen dut, eta nire medikuengan konfiantza osoarekin. Garaipenera arte beti! Biziko gara eta irabaziko dugu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.