Erregulartasunaren bi bandera

Kaikuk irabazi du San Miguel liga, gaurko estropada falta bada ere, eta Hondarribia izan da onena Bermeon, lan bikaina egindaKanporaketan, Oriok, badaezpada arituta, aurrea hartu die Portugaleteri eta Zierbenari

Aitor Manterola Garate.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
San Miguel ligak badu jabea aurtengoari dagokionez: Kaikuk irabazi du. Bera izan da erregularrena, ligak ezaugarri hori saritzen baitu. Atzo, Bermeon lortu zuen titulua, gaurko estropada falta bada ere, baina Portugaleten gertatzen dena gertatzen dela ere, beretzat da saria. Ligaren baitan, Hondarribiak ere oso lan erregularra egin du, beti lehen postuetan sartuz, eta atzo ere, antzeko lana eginda, bandera irabazi zuen. Erregulartasunak bi bandera banatu zituen atzokoan.

Kaikuk esku-eskura zeukan ligako garaipena, atzoko lanak hasi aurretik hemezortzi puntuko tartea zegoelako beraren eta Urdaibairen artean. Atzo bosgarren egin zuen, Jose Luis Kortak zazpi titular lehorrean utzi eta gero. Arraunlari denei saria ematea erabaki zuen, denboraldian oso gutxi aritu direnak gogoan hartuta, eta, horrela, ligako garaile izanak sortu dien poza tostetan bertan gozatu ahal izan zuten Santiago Rial, Diego Hermo, Paul Galdiz eta beste hainbatek. Isilean urte guztian egindako lanaren saria jaso zuten atzo. Gogorra behar baitu izan sekulako lana egin, eta udan ontzian apenas sartzea. Talde handiek horixe daukate, ez dagoela denentzako lekurik. Horretan, Kortak bere gustuko kuadrilla hartu du denboraldi osoan, eta oso gutxitan egin ditu aldaketak. Emaitza hor dago: lehen aldiz lortu du San Miguel liga. Arantza atera du, nolabait esateko, aurreko urteetan lehen postuetatik urruti ibili eta gero, arraunlari propioen araua betetzeko estu ibili izanak eraginda. Kostatu zaio, urteetako lana aurten gauzatu delako, baina ongi etorria izango da titulua. Helburutzat zeukaten denboraldi hasieran, eta bete dute. Kontxako bandera irabazi ez izanaren pena goxatu zuten atzo.

Estropadan ez zuen aukerarik izan, biren arteko lehia izan zelako banderaren jokoa. Hondarribia eta Urdaibai aritu ziren nor baino nor gehiago. Ederra izan zen ikuskizuna. Itsasoa zakar zegoen kanpoaldean, trapaila deserosoa izan zuten etsai arraunlariek arraun egiteko garaian, eta Bermeoko eremuaren berezitasunaren zailtasuna ere kontrario izan zuten, albotik jotzen dielako olatuek traineruei. Baldintza horietan Hondarribia moldatu zen ondoen. Mikel Orbañanos entrenatzaileak gazteenei aukera emateko asmoa zuen estropadaren atarian, baina taldea Bermeora iritsi orduko iritzia aldatu zuen: baldintzak paregabeak ziren banderaren lehian izateko, eta kuadrilla indartsuena atera zuen. Baita asmatu ere erabakiarekin. Ligako hirugarren bandera bereganatu zuen handik ordu gutxira.

Kostatu zitzaion, Urdaibaik ere egin zuelako berea. Zaleen aurrean, Kontxan lortutako garaipena biribildu nahi zuen, baina aurkari gogorregia egokitu zitzaion parean. Hala ere, izan zituen aukerak etxeko trapua astintzeko. Bigarren ziabogan, hobeto moldatu zen Bou Bizkaia, eta lehenen atera zen maniobratik. Handik gu- txira, aldea hiru segundora igo zuen. Hirugarren luze ia osoan horixe izan zen tartea, eta ematen zuen erabakitzen hasia zegoela lehia. Baina luze horren azken metroetan, Hondarribiak hobeto egin zuen arraunean, eta hirugarren ziabogan pare-parean ziren bi traineruak. Ontzia zuzendu eta segituan, aurrea hartu zion etxeko ontziari kanpokoak, eta pixkanaka aldea handituz joan zen: bi segundo, hiru, eta baita lau ere. Laugarren kalerantz jo zuen muturra hartuta, egokia baita Bermeon, eta bikain heldu zion estropadaren buruari. Urdaibai ere joan zen harantz, baina berandu zen. Azkenean, bost segundo atera zizkion Hondarribiak Urdaibairi. Atzerago sartu ziren Kaiku eta San Juan.

Gaur, atzoko lehen biek, beste sari bat ere izango dute jokoan Portugaleten (12:30). Ligako bigarren zein izango den, hain zuzen. Puntu batez da aurretik Bermeoko kluba.

Lehen txandan, Tiranek irabazi zuen, Astillerori ehunenekoak atera eta gero. Bikaina izan zen bien arteko borroka, eta azken luzean, Astillero aurretik joan bazen ere, Tiranek erakutsi zuen beste behin ederki bukatzen dituela estropadak. Pedreñak egin zuen hirugarren, eta San Pedrok laugarren, bigarren ontziko zenbait arraunlari tostetan zituela.

Igoerako kanporaketan, Orio

Banderaren lehiaren aurretik, beste borroka zital bat jokatu zuen sei traineruk: datorren urtean San Miguel aritzeko aukera. Oriok egin zuen denbora onena, Portugaleteri eta Zierbenari aurrea hartuz. Orio badaezpada ari da parte hartzen, Urdaibai auzia konpondu gabe dagoelako. Bermeoko kluba TKE ligatik botatzen badute, eta Oriok gaur berresten badu lehen bi postuetan sartzeko txartela, ligan izango da datorren urtean. Hipotesi horrekin segituz, Portugaletek hartuko luke bigarren txartela, eta atzo bosgarren izan zen Camargo ere ligan izango litzateke.

Beste aukera ere aztertu egin behar da, ordea. Urdaibai ez dutela ligatik kanpo uzten. Orduan, Orio KAE 1 ligara joango litzateke zuzenean, eta atzoko emaitza aldatzen ez bada, Portugalete eta Zierbena igoko lirateke. Atzoko aldeak ikusiz, eta gaur ibaian jokatuko dutela kontuan hartuz (Portugaleten 12:00), nahiko finkatuta daude aurreneko hiru postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.