Ezer gertatu ez balitz bezala

Kaikuk bigarren kolpea eman zion segidan San Miguel ligari igandean, Zumaian irabaziz eta aurkari zuzenak atzean utzizAsteburuan etena izango du ligak, jardunaldien erdia baino gehiago jokatuta

Cristian Garma Kaikuko patroia, eskuak altxatuta, Zumaiako Bandera irabazi berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Kaiku larunbatean, eta Kaiku igandean. Harena izan da San Miguel ligako asteburua. Bi estropada, bi bandera. Halakoak egingo zituela aurreikusten zen lehiaketa hasi aurretik, eta, alde horretatik, ez da ezustea. Baina ligaren bidea nondik joan den ikusita, apur bat ezustekoa izan da asteburuan gertatua.

Bi kolpetan, ligari sekulako danbatekoa eman dio. Larunbatean, Orio zen liderra, eta Kaikuk puntu kopuru bera zuen estropada jokatu aurretik. Urdaibai hirura zeukaten. Orain, bi estropada gehiago jokatuta, sei puntu ateratzen dizkio Oriori, eta 11 Urdaibairi. Ematen du ligaren hasieran gaudela, eta jokatu diren 11 estropadetan ez dela aparteko ezer gertatu. Kaiku zen ligako indartsuena, erakutsi du hala dela halako batean, eta beste guztiak dardarka utzi ditu. Ez du ematen Oriok bi estropada irabazi dituela eta sekulako lana ari dela egiten; Tiranek bi bandera gehiago bildu dituela ere ahazturaren barruan sartu da; Urdaibaik ligari Bartzelonan irabaziz ekin ziola ere ahuntzaren gauerdiko eztula da; Hondarribiak bi bandera segidan bildu zituela ere anekdotaren pare geratu da. Ematen du ez dela ezer gertatu iazko liga amaitu zenetik. Kaiku eta Kaiku. Eta besteak haren azkeneko bi erakustaldiei begira.

Zumaian, igandean, bezperako indar erakustaldi bera egin zuen, eta txikitu egin zituen ohorezko txandako beste hiru aurkariak: San Juan, Orio eta Urdaibai. Hamasei segundo atera zizkion Pasai Donibaneko traineruari; hemezortzi Oriori, eta hogei Bermeoko ontziari. Hor, erakustaldiaren datuak. Bigarrena, segidan. Larunbatean, hogeita hiruna segundo kendu baitzizkien Orio bigarrenari eta Urdaibai hirugarrenari.

Baina eguraldiak estutu egin zuen kontua bigarren txandakoekin. Portugalete nagusitu zen txanda horretan, Astillerori bost segundo ateraz. Bada, bi ontzi horiek estutu zuten Kaikuren garaipena. Haizea gutxiago izan zuten bigarren txandan hirugarrengoan izan zutenarekin alderatuz, eta, azkenean, ontzien arteko aldeak estutu egin zituen eguraldiak. Kaikuk Portugaleteri zazpi segundo baino ez zizkion atera, eta hamabi Astillerori. Orio seigarren izan zen, eta Urdaibai zazpigarren, eta Kaikuk aldeak handitu zituen ligako sailkapenean.

Sestaokoen aipamenez gain, badira beste bi ontzi ere nabarmentzekoak igandekoari dagokionez: Portugalete eta San Juan. Bizkaitarrek bigarren egitea ezustea da, baina neurri batean bakarrik. Eguraldiaren laguntza alde batera lagata, haien lana ez da faktore horretara mugatu behar. Sekulako lana egin zuten, eta bezperako itxura ona berretsi. Aste berezia izan da haientzat, ostegunean, Bizkaiko txapelketan, Kaiku irabazleak bakarrik menderatu zituelako, eta lau segundoren aldeaz bakarrik. Egun hartan, arraunlari propioen eta ezpropioen araudia bete behar ez izanari jarri zioten lan onaren meritua. Baina ligan arau hori dauka, eta igandean ere bigarren egin zuen.

San Juanena ere txalotzekoa da. Igandeko txanda nagusian lehiatzeko aukera irabazi zuen larunbatean, eta ondo baliatu zuen aukera. Bigarren egin zuen Kaiku ahaltsuaren atzetik, Orio eta Urdaibai atzean utziz; gutxigatik izan zen, baina atzean laga zituen.

Sailkapeneko azpialdean, Castreñak beste puntu bat jan zion Zumaiari, eta laukoa da orain zumaiarren aldeko tartea.

Euskotren ligan, Zumaia

Emakumezkoen estropadan,etxeko ontziak garaipen historikoa lortu zuen, herrian inoiz irabazi gabea zelako. San Juan izan zen bigarren, Orio eta Hibaikaren aurretik. KAE 1 ligan, Zierbena nagusitu zen Lekeition, eta KAE 2 ligan, Hondarribia B, Pasaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.