Aldatu gabe, iraultza

Kaikuk irabazi zuen herenegun Bilbon, San Miguel ligako bere lehen bandera, eta lider da sailkapenean

Asier Zurinaga Kaikuko patroia, bandera astintzen, herenegun, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kaikuk iraultza ekarri du San Miguel ligara: aurrenekoz, haren izena azalduko da banderen garaileen artean. Bilbokoa bereganatu zuen igandean, erlojuaren aurkako estropada. Erakustaldia eman zuen, hasi eta buka. Bizi ekin zion, azkar segitu zuen, eta ziztuan bukatu. Hamabi puntu batu zituen, eta uzta horri eskerbeste iraultza bat egin du sailkapeneko lehen postuan: orain Kaiku da agintean.

Irabazteko arrazoiak asko izango dira, eta horietako bat da bezperako arraunlari talde bera atera izana. Akaso, aldaketak egin izan balitu ere irabaziko zukeen, baina hori ez da inoiz jakingo. Kontua da larunbatean Camargon txanda aise irabazi zuen taldea izan zela Bizkaitarra traineruaren tostetan. Orduan, haizeak eragotzi zion laugarren postutik gora sailkatzea, egindako lana hobea izan bazen ere. Horregatik, eta orain-oraingoz, taldeko kuadrilla indartsuena delako edo, arraunlari horien aldeko apustua egin zuen Jose Luis Kortak, eta bete-betean asmatu.

Ez aldatzen hasita, lekuz ere ez zuen gizon bat bera ere aldatu. Bezperako tosta berean egin zuten arraun hamahiru arraunlariek. Ez da izango datu erabakigarria hurrengo estropadetan, gerta daitekeelako egun batetik bestera aldaketak egin eta bandera irabaztea. Baina zerbaiten adierazgarri bada hamalau taldeetatik bik bakarrik ez egitea aldaketak: Kaikuk berak eta Hondarribiak. Mikel Orbañanosek ere erabaki bera hartu zuen, eta bere txandan—Kaikurenean aritu zen—, hirugarren izan zen; Urdaibaik segundo pasa bakarrik atera zion. Kontuan eduki behar da, gainera, ez zela baldintzarik onena Hondarribiarentzat, indar aldetik ez baita kuadrilla indartsuena. Hala ere, lan ona egin zuten.

Urdaibai bezperako garailea ez zen hain ondo moldatu. Baldintza berberetan arraun eginda Kaikuk 11 segundo atera izana adierazgarria da. Arraunlarien aldaketak ekarri behar dira oraingoan ere gogora. Jose Manuel Franciscok iraultza egin zuen ontzi barruan, eta larunbatean arraun egin ez zuten bost arraunlari sartu zituen; eta hori nahikoa ez, eta Mikel Portularrume eta Bersaitz Azkue tostaz aldatzea erabaki zuen. Emaitza ez zen ona izan. Bezperako talde bera atera izan balu, zer gertatuko zen? Erantzun hori ere ez da inoiz jakingo.

Txanda horretan jardun zuen laugarren kideak, Pedreñak alegia, Bermeokoen bideari jarraitu zion. Kike Lopez prestatzaileak lau arraunlari berri sartu zituen, eta hiru lekuz aldatu: Miguel Angel Ruiz, Sorin Ionel eta Jose Fernando Urrutia. Kasu horretan ere, batere onik ez zion egin aldaketa sortak.

Beste txandetako ontzietan ere izan ziren aldaketak. Gehiago edo gutxiago, denetan egon zen mugimendua. Batzuek nabarmen hobetu zuten bezperako lana, emai- tzari erreparatzen bazaio, behin- tzat; multzo horretan dira Pasaiako bi traineruak eta Astillero. Beste batzuek, aldiz, asko egin zuten atzera, eta hor, bi handi sartu behar dira: Orio eta Castro. Aipa- tzekoa da espainiarren gainbehera. Joseba Fernandezek sei arraunlari eta patroia aldatu zituen, eta Pedro Laza tostaz aldatu. Iraultza oker atera zitzaion.

Euskotren ligan, Getaria bizi

Bilboko uretan, Eukostren ligako bigarren estropada ere jokatu zen, eta Getaria-Tolosa izan zen azkarrena (10.46,26). Bederatzi segundo atera zizkion Bizkaiari, 11 San Juani eta 39 Hondarribiari. Faboritoak irabazi zuen B multzoko aurreneko estropada. Hurrengo jarduna bi asteburu barru izango dute multzo horretakoek, larunbatez, Pedreñan (Epainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.