Oso luze egingo zaie

Xalak eta Zubietak eta Olaizola II.a eta Aretxabaletak irabazi dituzte lehen lehiak, biak oso luzeak eta lehiatuak

Pablo Berasaluze, pilota jotzen, eta Aimar Olaizola haren atzean, atzo, Bilbon jokatutako lehian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Julen Etxeberria.
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketatik kanpo geratu diren pilotariek hobe dute adi-adi eta jokatzeko prest egotea, edozein unetan jaso dezaketelako enpresaren deia beste pilotariren bat ordezkatzeko. Zergatik? Lau hilabete pasatxoko txapelketa batean ezustea litzatekeelako inork ez min hartzea, eta zer esanik ez atzo txapelketako lehen bi partidetan gertatutakoa ikusi eta gero.Partida ia amaiezinak izan ziren bai Xala-Zubieta eta Urrutikoetxea-Beroizen artekoa, bai Olaizola II.a-Aretxabaleta eta Berasaluze II.a-Albisuren artekoa. Datuak argigarriak dira: bi partiden iraupena hiru ordu pasatxokoa izan zen, eta pilotakadak 1.500etik gorakoak. Izugarria. Ez da harritzekoa zortzi pilotariek eskuak justu antzean zituztela joan izana aldageletara.

Gogorra izan da binakakoaren hasiera, eta gogortasun horretan Xala-Zubieta eta Olaizola II.a-Aretxabaleta izan dira ondoen moldatu direnak. Bi bikote horiek lortu dituzte txapelketako lehen puntuak. Halere, haiek bezala, haien aurkarien ere lasai-lasai izan zitezkeen lehen jardunaldiko irabazleak, bi partidak izugarri parekatuak izan baitziren. Azken emaitzak dira horren erakusle: 2010eko txapeldunek bi tanto eskasengatik irabazi zieten Urrutikoetxea-Beroizi (22-20); lau t'erdiko txapeldunak eta txapelketako jokalari gazteenak osatutako bikoteak, berriz, tanto bakar batengatik nagusitu zitzaion iazko txapeldunordei, Berasaluze II.a-Albisuri (22-21).

Jokoari dagokionez, jaialdiko bigarrena izan zen politena. Berasaluze II.ak jarri zuen gatza. Olaizola II.a nahiko txukun aritu zen, baita Albisu eta Aretxabaleta ere. Azken horrek ez zituen nabaritu estreinakoaren nerbioak, eta ondo aritu zen. Lehen partidari dagokionez, Xala izan zen onena alde handiz.

Lehia polita Eibarren

Atzoko bi partidei beste batek emango die jarraipena gaur. Titin III.a-Merino II.a, Ezkurdia-Zabaletaren aurka ariko dira Eibarko Astelenan. Apustuek bikote gazteena jotzen dute faborito, baina alde txikiagatik. Ez da harritzekoa, Errioxako bikotea ederki moldatzen baita elkarrekin. Ezin ahaztu 2012an txapeldun izan zirela, finalean Xala-Laskuraini irabazita (22-15). Titinek, gainera, lan ona egin nahi du bere azkenbinakakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.