Bi oilar itsasoan

Bizkaiko Traineru Txapelketa jokatuko da gaur Lekeition, eta bi dira faborito argiak: Kaiku eta Urdaibai

Kaikuko trainerua, ziaboga egiten, denboraldi honetako Bilboko Banderan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Elkarri mokoka dabiltzan bi oilar dira Kaiku eta Urdaibai. Joan zen urteko Kontxako Bandera bukatu berritan jo zuen txistua Jose Luis Kortak, Kaikuko entrenatzaileak, eta bien arteko borroka hasi zen. Uretako lehia behar zuena epaitegietan da orain, ustezko dopin akusazioak eta hortik ateratako inputazioak direla tarteko. Gaur, uretan ikusiko dute elkar bi oilarrek. Bizkaiko txapelketa izango dute jokoan.

Lekeition jarri dute lekua, eta ordua, 19:00etan. Ikusleak zain-zain daude borroka hasteko. Aparta izan daiteke. Egundokoa. San Miguel ligan orain arte eginikoak ez du ezertarako balio. Herrialdeko txapelketan ez dira arraunlari propioak eta ez-propioak kontuan hartu behar trainerua osatzeko. Onenekin ateratzeko aukera izango dute Kortak eta Jose Manuel Franciscok, Bermeokoen entrenatzaileak. Biek daukate oso talde ona ateratzeko aukera. Oilarrak itsasoan lehiatuko dira gaur, eta horixe nahi du arraunzaleak. Ez zaizkio gustatzen epaitegietako kontuak. Uretan ikusi nahi ditu biak, bietan azkarrena zein den erabakitzen.

Ezin da esan zein den faboritoa. Bakoitzak zein arraunlari izango dituen tostetan ere ezin da jakin. Bi entrenatzaileek bakarrik izango dute horren berri. Edozer gerta daiteke. Gainera, itsasoa ere ikuskizunean parte hartzeko irrikaz dago, eta olatuak daude iragarrita, metro eta erdikoak. Haizeak ere bertan egon nahi du, eta ipar-mendebaldekoa dago jarrita iragarpenetan. Osagai bikainak dira egundoko estropada ikusteko. Gozatzeko eguna da gaurkoa. Azkeneko txandan lehiatuko dira bi oilarrak, baina ez daude bakarrik.

Portugalete eta Zierbena izango dituzte alboan. Horra eguneko beste arreta puntu bat. Portugaletek zer eman dezakeen jakin-minez dago arrauneko zalea. Egungo bi traineru indartsuenetakoekin jarduteko aukera izango du. Erronka polita Aizperrorentzat eta haren arraunlarientzat. Zierbenak ere jakin nahiko du non dabilen bi oilarren alboan. Baina biek egundoko lana eginda ere, oilarren artean dago dema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.