Arrauna. Kontxako Bandera

Astillero, Kontxatik kanpo

Donostiako Udalak hartu du erabakia, tostetan Joseba Fernandez arraunlaria sartzea araudiaren aurkakoa dela esandaKantabriako Federazioak onartu egin du Fernandezek hiru fitxa bete dituela aurten

Joseba Fernandez, betaurrekoekin eta Realaren biserarekin, Astilleroko traineruan, hilaren 1ean, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Astillero ez da Kontxako Banderaren bigarren igandean izango, Donostiako Udalak, estropadaren antolatzaileak, kaleratu egin duelako. Erabaki hori atzo hartu zuen, eta oinarrian dago Joseba Fernandez arraunlaria Astilleroren tostetan aritu izana araudiaren aurkakoa dela. Udalak argi azaldu du legez kanpoko alineazioa izan dela, ezin duela Kontxako Banderan arraun egin. Fernandezek sailkatze estropadan eta lehen igandean arraunean egin zuenez, legea hautsi duela dio Udalak, eta, horrenbestez, taldea lehiatik kanpo uztea erabaki du. Igandeko estropadaren ostean, Pedreñak, Hondarribiak, Tiranek eta Kaikuk inpugnazioa aurkeztu zuten, eta hari horri tiraka askatu da korapiloa azkenean.

Legea hautsi dela erabaki du udalak, Fernandezek ez duelako betetzen arraunean dagoen araudi hau: arraunlari batek ezin ditu bi fitxa baino gehiago eduki denboraldi batean, eta Fernandezek hiru dauzka: Castreñarekin, Castrorekin eta Astillerorekin. Horixe baieztatu du antolakuntzak, eta arau-haustearen berri izan bezain azkar hartu du erabakia. Kantabriako Federazioak onartu egin du Fernandezek hiru fitxa dituela aurten, oraintsu arte bi zituela esan badu ere lurralde hartako arraunaren erakunde nagusiak. Udalak auzi hau hasi denetik eskatu dizkio agiriak Kantabriako Federazioari, eta erakunde horrek bidalitako ezein dokumentutan ez zen arau-hausterik atzematen. Hori dela eta, udalak ezin izan du ezer egin, araua betetzen zuelako agiri horiek zekartenak.

Baina atzo bertan onartu zuen federazioak gezurretan ibili dela orain arte, eta Fernandezek hiru fitxa dituela aurten. Hain zuzen, federazioko presidenteak berak jakinarazi zion antolakuntzari, idatziz, hiru fitxaren kontua, ofizialki bi zituela esaten jardun badu ere. Hori dela eta, udalak Astillerori bere argudioak azaltzeko eskatu zion herenegun, eta epea ere jarri zion: atzoko 14:00ak artekoa, hain zuzen. Azaldu zituen bere tesiak klubak, eta defentsa horretan dio fitxak zesio moduan eman direla, eta, horrenbestez, Fernandezek ez dituela hiru fitxa, bi baizik. Baina, atzo bertan, Kantabriako Federazioak egia onartu zuen: hiru fitxa ditu. Hori dela eta, udalak lehenbailehen hartu behar izan zuen erabakia, bigarren asteburuko estropada eguna gainean dela kontuan izanda. Udalak dio Kantabriako Federazioak «fede txarrez jokatu» duela antolakuntzarekin, udalarekin, eta emandako konfiantzaz baliatu direla oker jokatzeko. Hori ikusita, udala aztertzen ari da Kantabriako Federazioaren aurkako neurriak hartzea, juridikoak eta bestelakoak.

Erabaki pisutsuena, baina, hau da: Astillero lehiatik kanpo uztea. Atzera bueltarik ez dauka ebazpenak. Hortaz, Astillero etzi ez da ariko Kontxako bigarren jardunaldiko estropadan.

Uztailaren 31ko egun hura

Fernandezen auzia bihurtu den honek uztailaren 31n du sorburua. Zumaian jokatu zen egun hartan San Miguel ligako estropada, eta Fernandezek Castrorekin egin zuen arraun; entrenatzaile ere bazen. Baina hurrengo egunean, klubak ohar bat atera zuen, esanez entrenatzaile eta arraunlari izateari utzi ziola klubak hala erabakita; bidali egiten zutela, alegia. Abuztuaren 1a zen. Handik hiru egunera, berripaper honetan, elkarrizketa egin zitzaion, eta hau esan zuen, besteak beste, Fernandezek: klub baten bila ari zela Kantabrian, arraunean egiten segitu ahal izateko, San Juanek ezezkoa eman eta gero. Handik egun gutxira jakin zen Astilleron bukatuko zuela denboraldia. Kontxako araudiak esaten du estropadan arraun egin ahal izateko uztailaren 31n izena emanda dagoen klubarekin aterako dela. Fernandez egun horretan Castroko arraunlaria zen, eta Kontxan Astillerorekin egin du arraun. Araudia bete gabe ari zela salatu zuen San Pedrok sailkatze estropadaren aurretik, eta Fernandezek ezin zuela Kontxako Banderan arraun egin. Helegitea ere jarri zuen, baina Donostiako Udalak atzera bota zuen, argudiatuz Kantabriako Arraun Federazioaren ezein agiritan ez zela araurik hausten Fernandezen kasuan.

Joan zen igandeko estropada amaitu eta gero, Pedreñak, Kaikuk, Hondarribiak eta Tiranek inpugnazioak aurkeztu zituzten Fernandez tostetan izatea arau- haustea zela salatuz. Dokumentu horietan azaltzen da aurrenekoz hiru fitxaren kontua. Araudia ez duela betetzen diote, eta ezin duela estropadan parte hartu.

Inpugnazio horiei erantzuteko jo zuen udalak Kantabriako federaziora, eta hasieran korapiloak askatu gabe segitu bazuen ere, atzo bertan onartu zuen federazioak hiru fitxa dituela Fernandezek. Gezurretan aritu dela onartu du, zehatz esanda.

Zazpi traineru ariko dira etzi

Udalak hartutako erabakiaren ondoren, zazpi traineru lehiatuko dira etzi Donostiako badian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. San Pedro geratu zen zortzigarren sailkatze estropadan, eta Astillero norbaitek ordezkatzekotan, pasaitarrei zegokien, baina antolakuntzak, udalak, baztertu egin du aukera hori.San Pedrori parte hartzen uzteko eskatu zion atzo Gipuzkoako Arraun Federazioak, baina ezezkoa izan da udaleko arduradunen erantzuna. Hortaz, lehen txandan, hiru ontzi aterako dira: Hondarribia, San Juan eta Tiran. Azkenekoan, ez da aldaketarik egongo, eta Urdaibaik, Kaikuk, Pedreñak eta Donostiarrak jardungo dute ohorezko txandan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.