Kezka uxatu ezinik

Camargon hasiko da gaur San Miguel liga, eta itsasaldiek baldintza dezakete estropadako sailkapena

Zumaiako eta Kaikuko traineruak, ekainaren 19an Bordelen jokatutako estropadan (Frantzia). GAIZKA IROZ.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Bi aste igaro dira Bordelen (Frantzia) gertatu zenaz geroztik. Orduan hasi behar zuen San Miguel ligak, igandeko estropadarekin, baina jakina da zer jazo zen: anabasa, hitz batean. Aurreko asteburuan lehiarik ez zegoenez, gaur hasiko da liga (18:00, ETB1). Eta Bordelen bezala, kezka da nagusi arraun munduan. Orain, itsasaldiek sortu die ezinegona.

Traineru guztiak ez dira baldintza berberetan ariko. Ez da Bordeleko alderik izango, hango ur-laster indartsurik eta bizirik ez da egongo, baina aldeak izango dira. Izan ere, itsasgora 18:20 inguruan da, eta estropada hogei minutu lehenago hasiko da. Horren ondorioa da lehen txandakoek bigarrengokoek eta hirugarrengokoek baino baldintza hobeak izango dituztela. Ura goia hartzear dela, ur-lasterrek ez dute eraginik izango, baina, behera jaisten hasten denean, uraren indarra handituz joango da. Gaur, kaltetuenak hirugarren txandakoak izango dira.

Baldintza horien jakitun ziren klubak, eta txanda zozketak ikusmina eragina zuen. Zenbait klub ez zeuden ados zozketa egitearekin, eta txandak iazko sailkapen nagusiaren arabera antolatzea nahi zuten, ligako lehen estropada gaurkoa dela argudiaturik. Baina Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) zotz egitea erabaki zuen, eta asteazkenean erabaki zen bakoitza zein txandatan doan. Gustura egoteko moduan dira Camargo, Kaiku, San Pedro eta Tiran. Haiena izango da aurreneko txanda. Indartsuena, dudarik gabe, Kaiku da. Bordelen estropada jokatu zuen zortzi ontzietako bat izan zen, eta denbora onena harena izan zen; nabarmen, gainera, txandakideei aise irabazi baitzien. Beste hiruren artean, San Pedrok eta Tiranek borrokatu beharko lukete bigarren postuaren bila, eta etxeko traineruak dauka aukera gutxien aurrean ibiltzeko. Txanda horretan leku onean bukatzea garrantzitsua izan daiteke azken sailkapenean, beste txandakoek zailtasunak izango dituztelako.

Ondorioak ateratzeko zaila

Bigarren txandan, berdintasun handiagoa espero da. San Juanek ematen du indartsuena, baina Astillero ere kontuan hartu beharko da. Aulki mugikorreko denboraldia bukatu dute espainiarrek, eta arraunlari guztiak traineruan buru-belarri sartuta dabiltza orain. Talde indartsua osatzeko baliabide asko ditu Astillerok, eta txandako buru izatea ere ez litzateke harritzekoa izango. Hondarribiak erakutsi du baduela gaia goiko muturrean sartzeko, eta, bi indartsuenek asmatzen ez badute, goian sartzeko aukerak izango ditu. Laugarren txandakidea Orio da. Ez du ematen beste hiruren maila berean dagoenik, baina azken asteetan hobera egin duela esaten ari dira klubean. Zenbat hobetu duen neurtzeko aukera polita da gaurkoa, aurkari sendoak dauzkalako alboan.

Hirugarren txandan lehiatuko dira Urdaibai, Castro, Pedreña eta Zumaia. Haien arteko lehiaz gain, itsasaldiak sortuko dizkien baldintzak ere gainditu beharko dituzte. Itxuraz, lan txarrak dituzte laurek. Laukote horretan indartsuena Urdaibai da. Ez luke arazo handirik eduki behar txanda irabazteko, eta, gero, ikusi egin beharko da baldintza kaskarrek zer-nolako kaltea egiten dioten. Gertatu izan baita ontzi indar-tsuenak ondo ibiltzea baldintzak txarrak izan arren. Pedreñaren eta Castroren inguruan ezin da gauza argirik esan. Bordelen, Pedreña lehiatu zen, baldintza txarretan izan arren, eta ez zuen itxura onik eman. Castro hobeto dabilela esan daiteke, baina ez du ematen gai denik Urdaibairi aurre egiteko. Zumaiaren helburua txandan azkena ez izatea izango da, eta erakutsi du gai dela horretarako. Akaso, Pedreñarekin lehia estua eduki dezake hirugarren txandako azkeneko postua saihesteko.

Dena da zalantza; ezin ezer zehatzik esan. Lanak amaituta, arrisku galanta ondoriorik ez ateratzeko. Itsasaldiaren indarrak arraunlarienak baino gehiago eragin dezake eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.