Glenn Closerentzat izango da aurten Donostia saria

Aktore gisa lan egin duen azken filma aurkeztuko du Zinemaldian: 'Albert Nobbs', Rodrigo Garciak zuzendu eta berak ekoitziaLan gogoangarriak egin ditu; 'Dangerous Liaisons' eta 'Fatal Attraction'-en, adibidez

Juan Luis Zabala
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Julia Robertsen lekukoa hartuz, Glenn Closek jasoko du Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko Donostia saria, zinemagintzaren arloan egindako ibilbide osoari egindako aitormen gisa, irailaren 18an, 21:30ean, Kursaaleko auditoriumean. Saria jasotzera etorriko da, baina ez esku-hutsik, Albert Nobbs filma aurkeztuko baitu, berak parte hartu duen azken filma, Rodrigo Garciak zuzendua. XIX. mendeko Irlandan girotutako istorio bat du kontagai. Gizonezkoek menderatutako gizartea erakusten du, emakumeentzako aukerarik txikiena ere ematen ez duena. Filmeko protagonistak (Glenn Close) gizonezko jantziak soineratuko ditu, hotel batean lanean hasteko, bere ametsa betetzeko behar duen dirua irabazteko lehen urrats gisa. Glenn Close bera izan da filmaren ekoizlea. George Moore irlandar eleberrigileak idatzitako istorio labur bat da Garciaren filmaren gidoiaren oinarria; gidoia horren idazketan Glenn Closek berak hartu du parte, Gabriella Prekop eta John Banville idazleekin batera.

Film honen aurretik ere jokatua du Closek Albert Nobbsen rola. Antzerki arloko Obie saria eskuratu zuen 1982an, Simone Benmussa antzerki zuzendari abangoardistaren The Singular Life of Albert Nobbs egokitzapenean aktore nagusi gisa egindako lanarengatik. Rodrigo Garciaren filma, ordea, oso bestelako bertsioa da. Aktoreen artean, Closez gain, hauek daude: Mia Wasikowska, Aaron Johnson, Janet McTeer, Pauline Collins, Brenda Fricker, Jonathan Rhys Meyers eta Brendan Gleeson.

Telesailetan, arrakasta handiz

Azken urteetan telesailetan egin du lan batez ere Glenn Closek, arrakasta handiz. FX telebista kateko Damages telesailean aritu da azken lau denboraldietan, FX telebista katerako hasieran eta DirecTVrako ondoren, Patty Hewes abokatuaren rolean. Kritikarien gorespenak ez ezik telesailetako emakume aktore onenaren Emmy saria ere jaso zuen aurreneko bi denboraldietan, eta telesailaren lehen denboraldian Urrezko Globoa irabazi zuen. Damages telesailean lan egin aurretik, Emmy sarietarako hautagai izendatu zuten FX telebista katearen The Shield telesaileanMonica Rawling kapitainarena rola jokatuz egindako lanarengatik.

Connecticut estatuko Greenwich hirian 1947an jaioa, arrasto sakona utzi duten hainbat lan gogoangarri egina da Glenn Close zineman, hala nola Alexandra Forrest Alex limurtzailearen rola Adrian Lyneren Fatal Attraction filmean (1987), Merteuilko markesarena Stephen Frears-en Dangerous Liaisons-en (1988), Marsha Dale lehen damarena Tim Burtonen Mars Attacks!-en (1996), Cruela de Vil-ena Stephen Herek-en 101 Dalmatians (1996) eta Kevin Limaren 102 Dalmatians-en (2000).

Saria inoiz jaso ez arren, bost aldiz izendatu dute emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, honako film hauetan egindako lanengatik: The World According to Garp (1982), The Big Chill (1983),The Natural (1984), Fatal Attraction (1987) eta Dangerous Liaisons (1988). Dangerous Liaisons filmean egindako lanarengatik Bafta sarietarako hautagai ere izendatu zuten.

Kantari eta antzerkiko aktore gisa hasi zuen ibilbide artistikoa.Brodwayn lortu zuen aurreneko arrakasta handia, 1974an, ezustean, William Congreveren Love for Love antzerki lanaren emanaldian, azken orduan eta testua ondo ikasi gabe oholtzaratuta, aktore nagusia ondoezik zela-eta hura ordezkatu behar izan zuela. Obra horren emanaldietako batean ikusi zuen George Roy Hill zuzendariak, eta, ikusi zuena asko gustatu zitzaionez, Robin Williamsen amaren rola eskaini zion The World According to Garp filmerako. Lan hori izan zen Glenn Closek zinemaren munduan egin duen ibilaldi oparoaren lehen urratsa.

Antzerkian ere saritua

Dena den, ez du inoiz erabat bazterrean utzi antzerkiaren mundua, eta sari aipagarriak jaso ditu arlo horretan ere, hala nola emakume aktore onenaren Tony saria Tom Stoppard-en The Real Thing,Mike Nicholls-en Death and the Maiden eta Andrew Lloyd Weberren Sunset Boulevard antzerki lanetan egindako lanarengatik, 1984, 1992 eta 1995ean hurrenez hurren.

Aktore eta zuzendari ezagunak daude Donostiako Zinemaldiko Donostia saria jaso dutenen artean, hala nola Julia Roberts (2010), Meryl Streep (2008), Woody Allen (2004), Robert de Niro (2000), Francis Ford Coppola (2002), Lauren Bacall (1992), Anthony Perkins (1991), Bette Davis (1989) eta Gregory Peck (1986).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.