Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Irizpideak, irrist bide

Hiru argitaletxea azokatik kanpo geratu izana penagarria dela adierazi dute gainerako argitaletxeekOnartzeko irizpideak berrikusi edota aldatu behar direla iritzi diote gehienek

Atzokoa egun lasaia izan zen azokan, baina une batzuetan pasilloetan jende andana ibili zen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Durango
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Astelehen goiza mantsotik joan zen. Haurrei eskainitako goiza ez da izaten egokiena liburu eta diskoen salmentetarako, eta bestelako kontu eta gaiez hitz egiteko parada ematen du, besteak beste. Aurten ere, beste zenbait urtetan bezala, Hiru argitaletxea azokatik kanpo geratu da, bertan egoteko beharrezko diren irizpideak betetzen ez dituelako. Gerediaga Elkarteak finkaturiko irizpideek diote azokan aurkezturiko katalogoaren %100ak euskarazko edo euskal gaiei buruzkoa izan behar duela. Hiruk, aldiz, katalogo osoa ekarri nahi zuen, euskal gaiei buruzkoa soilik ekarriz gero errentagarri ez litzaiekeelako aterako. Argitaletxeei eta diskoetxeei zer pentsatua eta zeresana ematen die gertakari horrek. Gehientsuenek diote «pena» ematen diela Hiru bezalako argitaletxe historiko bat azokatik kanpo geratzeak, baina ñabardurarik badago iritzietan .

Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko editorearen hitzetan, irizpideak eta araudiak betetzeko daude, «baina beti egin daitezke» salbuespenak. Esparzaren ustetan, Hiruren ibilbideak erakusten du Durangon lekua izan beharko lukeela: «Nik uste antolatzaileak beldur direla salbuespen horiek onartuz gero, soilik gazteleraz argitaratzen duten beste argitaletxe batzuk ere leku hartzen hasiko zirela, baina uste dut salbuespenak egin daitezkeela eta egin behar direla». Txalapartak euskaraz eta gaztelaniaz saltzen ditu liburuak Durangon, baina euskaraz saldutakoak askoz ere gehiago izaten dira.

Euskaraz eta gaztelaniaz saltzen ditu liburuak Pamiela argitaletxeak ere, eta hark ere euskaraz askoz ere gehiago, Pello Eltzaburu argitaletxeko editoreak dioenez. Hiru kanpoan uztea «gai delikatua» iruditzen zaio hari. «Hemen egoteko gogoa duenari lekua galarazteak deseroso sentiarazten nau ni». Euskal gaia zer den definitzea era kontu delikatua da, Eltzabururen aburuz. «Ez dut uste erabaki ideologikoa izan denik, baizik eta badaudelako Madrilgo argitaletxeak-eta salbuespenen zirrikituak baliatuz azokara etor daitezkeenak. Eta modu horretara azoka desbirtuatzearen beldur izango dira Gerediagakoak. Baina azoka ez du desbirtuatuko eskaintzak, baizik eta eskariak. Durango da euskara modu naturalean irabazi duen espazio ia bakarra. Durangon gaztelera ere badago, baina euskara da hizkuntza naturala, eta arautegiaren polemikan sartzea ez da akaso beharrezkoa». Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburua oso ondo saltzen ari da, Eltzaburuk nabarmendu duenez. «Azken hiru urteetan zorteko gaude, beti ekarri baitugu Euskadi Saria jaso berri duen lanen bat».

Susa argitaletxeko Gorka Arrese ados dago Eltzabururekin azokako aberastasun humano eta ekonomiko handiena euskaldunek jartzen dutela azokan esaterakoan. Arreseren hitzetan, euskal gaia ez da existitzen. «Euskal gaia ez da ezer ez. Bizarra euskal gaia da, edota Urolako ibai bat, edota Mississipi ibaia… Euskal gaiarena asmatu zuten ez dakit zertarako, ez dut asmatzen oraindik zertarako asmatu zuten. Asmatuko zuten erdal ekoizpenaren kontra egiteko, baina ekoizpenaren kontra baino gehiago erdal argitaletxe batzuen kontra egiteko. Eta halakoetan errazena argitaletxe txikien kontra egitea da. Susa dagoena da halako irizpideen kontra». Izan ere, Arresek dioenez, gaur egun bi baino ez dira euskara hutsean argitaratzen duten argitaletxeak: Susa eta Igela. «Gainerako guztiek euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen dute, eta euskarazko liburuekin batera beti ekartzen dituzte gaztelaniazkoak ere. Eta erdara lekua irabazten ari da, baina inork ez du esaten ezer horren aurrean. Baina antolatzaileek ezin dute egin erdal produkzio horren kontra, ze hala egitera, argitaletxe garrantzitsu batzuen kontra ere egin beharko lukete eta hori ere ez zaio komeni».

Gorka Arreseren iritzian, irizpideen kontua kontu zaila da, eta bi konponbide baino ez ditu ikusten. «Bietako bat, edo azokaren izenburutik euskal izenondoa kentzen dute, eta azoka beste zerbait bihurtzen da, edota izenondoari kasu eginez euskarazko produkzioak bakarrik izan behar du lekua azokan».

Azokaren lehen bi egunetan garbi ikusi du Arresek Harkaitz Canoren Twist liburua izango dela, «alde handiarekin» aurtengoan gehien salduko duten liburua. «Urte asko ziren Canok nobela bat argitaratzen ez zuela, eta jendearengan ikusmin handia sortu du lan berriak». Canorenaz gain, Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean eleberria ere «txukun» ari da saltzen Arresek jakitera eman duenez.

Igela da liburuak euskara hutsez plazaratzen dituen beste argitaletxea, euskarara itzulitako liburuak plazaratzen dituenez gero. Igelako Xabier Olarrari ez zaio egokia iruditzen Hiru azokatik kanpo geratzea, eta irizpideak berrikusi beharko liratekeela irizten dio: «Lehenago ere sartu izan dira argitaletxeak ezkerreko atetik. Uste dut irizpide horiek berrikusi egin beharko liratekeela».

Musikan, irizpide estuagoak

Musikaren arloan ere egon izan dira irizpideen inguruko eztabaidak urteen joan-etorrian. Gaur egun dagoen irizpide nagusia da musikak ia ehuneko ehunean euskaraz izan behar duela edota bestela instrumentala. Baga-Bigako Ritxi Aizpuru kritiko agertzen da irizpide horrekin. «Ez dut ulertzen zergatik ezin den saldu La Pollaren edo Cicatrizen disko bat. Euskal Herriko taldeak izan dira eta lotura handia dutenak herri honekin». Baga-Bigaren katalogoaren ehuneko 90etik gora euskarazkoa da Aizpururen hitzetan, baina hala ere azokan mugaturik daudela dio. «Euskaraz eta beste hizkuntzatan argitaratzen dugunok oso mugatuak gaude, eta hori ez da gertatzen literaturan». Esne Beltzaren Freedom 3 kolpetan CD-DVD berria izaten ari den harrerarekin «gustura» soilik ez , harrituta ere ageri da Aizpuru: «Lehen bi egunetan 200 ale saldu dituzte. Beraiek egunero ibiliko dira azokan, eta asko salduko da aurtengo azokan». Gaur Plateruenan kontzertua emango dute 22:30ean.

Gaztelupeko Hotsak zigiluko Ubane Uzinen iritzian azokaren irizpideak ez dira egokiak, eta Hiru azokatik kanpo geratzea «lotsagarria» da. Gaztelupeko Hotsak-ek euskarazko eta gaztelaniazko diskoak saltzen ditu, baina Uzinen iritzian norberak ere jakin behar du leku bakoitzean zer erakutsi behar duen eta zer ez. «Guk, adibidez, oso argi daukagu Barrence Whitfielden diskoak ez duela leku berezirik Durangoko azokan, eta jakiten dugu zer erakutsi eta zer ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.