Bertsolari Txapelketa Nagusia

Berriro ere buelta emanda

Azken txapelketan egin zuen bezala, lehen itzuliko puntuaketei buelta emanda irabazi, eta finalerako aukerarekin da Unai IturriagaAmets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi ere finalean izango dira, ezuste handirik ezean

Unai Iturriaga, erdian, jasotako puntuazioaren berri jakin ondoren, Amets Arzallusen txaloak eta Iñigo Mantzizidorren zorionak jasotzen. JON URBE / ARP.
Beñat Zamalloa Akizu.
Elizondo
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aurreko txapelketan leku bertsutik hasi behar izan zuen Unai Iturriagak, atzo, Elizondon jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa. Bigarren itzuliko lehen saioa zen, eta duela lau urte nola, Iturriagak puntuaketa altua behar zuen finalerako aukerak izateko. Orduan Iruñeko Anaitasunan legez, saioa puntuaketa altuarekin irabazi zuen Baztan pilotalekuan atzo, eta finalerako aukerarekin da, beste bi finalaurrekoen faltan.

Puntuei buelta eman beharrik gabe ziren Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi. Sailkapenaren goialdean zeudela iritsi ziren. Lehen itzuliko mailari eutsi zioten biek, eta, datozen bi saioetan ezusteko handirik ez bada, biak izango dira finalean. Arzallus kartzelan jardun zen distiratsuen, eta gainontzeko eginbeharrekoetan izpiak utzi zituen, baina Arzallusen distiratsuena gehiegitan erakutsi gabe. Gaztelumendiren atzoko saioa orekatua izan zen. Zuzentasunari lotuago kantatu zuen, finalerako aukera mantentzeko moduan.

Lehen hirurena baino apalagoa izan zen Jokin Urangaren saioa. Ez zuen goraldi handirik izan saioan zehar. Kartzelan egin zuen gora gehien. Legazpiko kanporaketan ez zuen transmititzerik lortu Iñigo Mantzizidor Mantxi-k, baina bi finalaurrekoetan plaza gehien berotu duen bertsolarietako bat izan da.Hala izan zen atzo.

Julio Sotok atzora arte ez zuen txapelketa honetan beretik ematerik lortu, eta atzo ere ez. 1.400 bertsozalegogotsu izan zituzten parean eta harmailetan bertsolariek, eta igarri zen saioak noiz egin zuen berora.

Gai sozialak izan ziren hamarreko handian, fase honetakolehen lanean: enpresa txiki bateko langileak izan ziren Soto eta Gaztelumendi eta harrerako gurasoak Mantxi eta Uranga. Arzallus eta Iturriagarena izan zen gairik bereziena. Bi polizia ziren. Prostituzio sarekada batean parte hartu berri zuten, eta polizia etxera bueltan zihoazen auto berean. Gai berezienari aurkitu zioten euren ikuspegi berezia. «Inpresio bat izan dut, baina / agian, zeuk ere berdin: / ez al zaizkizu aurpegi batzuk / aski ezagunak egin?», galdetu zion zion aurreneko bertsoaren azken puntuetan Arzallusek. Bigarren bertsoan bota zuen arrazoirik indartsuena Iturriagak: «Pentsa ezazu ze etorkizun / beltz daukaten, ze gero hits. / Gure alaba izan ziteken / Amerikan jaio balitz».

Gaztelumendi eta Mantxirena izan zen zortziko txikiko lanik emankorrena. Mantxik autoa garbitzeko eskatu zion Gaztelumendi lagunari, eta ordu erdi zeramatzaten autotik gauzak ateratzen. «Ordu erdi ez da joan / emeki-emeki / eta maleteroa / ez degu ireki», kantatu zuen erdiko bertsoaren bukaera Gaztelumendik. «Ordu erdi ateratzen / marka ondo dago / sartzen kosta zitzaidan / askozaz gehiago», kantatua zion aurreko bertsoan Mantxik. Hirugarren bertsoan egin zuen behera. Iturriagari ehiza kontuak egokitu zitzaizkion berriro, lehen finalaurreko puntu erantzunetan gisan, eta eutsiz osatu zuen ofizioa Urangarekin. Sotok gaztelaniazko esamoldea eta Espainiako erreferentziak bota Arzallusi, arrakasta handirik gabe.

Gaztelumendi amona biloba ahalik ondoen hezten saiatuko zen Fernando Anbustegik hamarreko txikirako jarritako gaian; Iturriaga aitonak, aldiz, nahi zuen guztia egiten utziko zion. «Nahiz ta, igual, onena / izan tartekoa / eman nahi diezula / jartzen det lepoa / zure seme-alabei / eman gabekoa», amaitu zuen lehen bertsoa Gaztelumendik. Jarrera horrekin jarraituz gero, 15-20 urte barru parean «bizitza» topatuko zutela bota zion Gaztelumendik bigarrenean, eta hala erantzun zion azken puntuan: «Bizitza izango dute / noski, buruz buru / beste guztiok ere / hala izan dugu».

Puntukakoa dute bertsolariek fase honetako beste lanetako bat. Iturriagak artez osatu zuen ariketa, Sotok zenbaitetan umore bila atakan jarri arren. Kartzelan ere eutsi zion mailari. «Zure buruari hitza eman zenion azkeneko aldia izango zela. Berriro gertatu da», jarri zien gaia Anbustegik. Arzallusek ez beste guztiek drogen eta ahalkolaren bidetik hartuzuten. «Neure burua bultzatu nuen / ordea, berriz harira / ta nire berbak ahotik irtenda / sudurretik sartu dira», amaitu zuen lehen bertsoa Iturriagak, eta era honetara bigarrena: «Sendatu nintzen, ustez sendatu / ta berriz herrira bueltan / lehengo lagunak, lehengo txokoak / denak lehengo tabernetan. / Bide zuzena hartu nuenean / marrak bakarrik ertzetan / berbak zein errez galdu ohi diren / hautsaren bihurgunetan».

Bertsolariaren ahotik kantatu zuen Arzallusek, bertsotarako gaitasuna era harrigarrian plazaratuz. «Txapelketako saiotan / ibiltzen naiz erdi tonto / teknika beti izaten da / bertsolarien oztopo / ta errima familiak / nik umetatik gorroto. / Ongi ikasiak neuzkan / joko, zoko ta barroko. / Ta gaur hona etorri naiz / ez hanka sartzeko pronto; / nere kurrikulumean / hortxe daude zazpi poto / ta gaur berriro egin dut / hitz berdinarekin topo», azken puntuan tentsioa sortu zuen oinen jolasarekin. Oinak hala botata, suarekin jolasean ari zela zirudien. Bigarrenean ere errepikatu zuen jolasa: «Buruz ikasiak neuzkan / rocka, arroka ta soka; / buruz ikasiak neuzkan / erropa eta azoka / bat falta izanez gero / sartu Mafaldaren zopa. / Ta halaxe nindoan / ustez seguru pausoka / norbere buruan kontra / hitz egiten dugu borroka. / 15 hitz bota ditut / ia denak ezin konta / destinuaren lurrean / norbait dago nere kontra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.